Euskal Herriko eta Aturriko Herrialdeetako unibertsitateak, hurbilago

Mohamed Amara eta Nekane Balluerka./UPV/EHU
Mohamed Amara eta Nekane Balluerka. / UPV/EHU

Bi unibertsitateek berritu duten hitzarmena azken urteotan mantendu duten lankidetza estuaren emaitza da

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateak (UPPA) beren lankidetza hitzarmena berritu dute akordio berri batekin. Helburua da elkarlanean bideratutako ikasketa programak, irakasle nahiz ikasleen trukeak eta lankidetza, ikasleen prestakuntza eta ikerketa programak garatzea. Hitzarmena UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak eta UPPAko presidente Mohamed Amarak sinatu dute, UPV/EHUk jakinarazi duenez.

Hitzarmena bi erakundeek azken urteotan mantendu duten lankidetza estuaren emaitza da. Bien artean jarraituak izan dira irakaskuntzaren arloko trukeak, baterako ikasketa programak, bi erakundetako liburutegien arteko trukeak edota ikerketa programa komunak.

Bestalde, Erasmus+ proiektu europarraren lehen mintegia ere bi erakundeen arteko lankidetzaren "seinale adierazgarria" da. UPPAk koordinatzen du proiektua, UPV/EHU, Université de la Grande Région, Universitat des Saarlandes, Eucor (The European Campus), Université Savoie Mont Blanc eta Universita della Vallee d'Aosta erakundeen laguntzarekin.

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak bi erakundeek azken urteotan gauzatu duten lankidetza estua nabarmendu du. "Hitzarmenaren berritzeak unibertsitateen arteko mugaz gaindiko lankidetzarako eredu baten sendotzea suposatzen du, emaitza interesgarriak eman dituena dagoeneko eta, ezbairik gabe, emaitza esanguratsuak ekarriko dituena ere aurrerantzean, akordio berriari esker", azaldu du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos