Euskal Herrian ere ibili ginen pantera beltz baten bila

Hau egiazkoa da. Guardia Zibilak erreskatatu zuen Almerian. Argazkia ere Guardia Zibilak zabaldua da./
Hau egiazkoa da. Guardia Zibilak erreskatatu zuen Almerian. Argazkia ere Guardia Zibilak zabaldua da.

Azaldu zen bezala desagertu da hedabideetatik ustez Guadalajarako mendietan zebilen piztia. Ez da nobedadea, horixe gertatzen baita nahiko ohikoak diren 'felido mamuekin'

M. IMAZ

Galdera-markarik gabe, zalantzarako tarte handirik gabe, urrutitik hartutako irudiz eta nahi ahala lekukotasun zehaztugaberen laguntzaz. Horrelaxe kontatu zuten astearen hasieran hedabide gehienek Guadalajarako mendietan gertatzen ari zena: pantera beltz bat zebilen gora eta behera, herri askotako biztanleek zuten ikusia. Ekainean begiztatu zuten aurreneko aldiz. Abuztuaren 4an, La Boderako festetara hurbildu zen itxuraz, herritik 100 bat metrora ikusi baitzuten.

Herri horretako zinegotzi batek teoria bat ere eraiki zuen: "Baliteke bat baino gehiago egotea, elkarren artean nahiko urrun dauden herrietan ikusia izan baita. Edo bakarra da, eta kilometro asko korritzeko gaitasuna du...". WWF izen handiko erakunde kontserbazionostak ere hartu zuen hitza. Espezie mehatxatuen arduradun Luis Suárezek honakoa esan zuen: "Biologiaren ikuspegitik, nekez sinestekoa da eskualde horretan tamaina handiko felido bat ibiltzea, irudien efektu optikoak hori sinestarazten badu ere".

Hala ere, Guardia Zibilak helikopteroa atera zuen; basozainek motorrak; herritarrek todoterrenoak... Alferrik. Pantera edo dena delakoa ez dute berriz ikusi (azken orduetan azaldu ez bada, behintzat), eta azaldu zen bezalaxe desagertu da hedabideetatik.

2005ean, Gorlizen

Ez da aurreneko aldia, ezta aurreneko tokia ere. Ohikoak ez dituzten eremuetan felido handiak ikustea nahiko ohikoa da, alegia. Fenomenoak, gainera, baditu zenbait berezitasun... 'Panthera' generoak felidoen familiako bost espezie oso ezagun biltzen ditu: lehoia, tigrea, leopardoa, elurretako leopardoa eta jaguarra. Melanismoa edo gehiegizko pigmentazioa badute beltzak izan daitezke; txuri-txuriak ere bai, kontrakoa gertatzen bazaie. Baina, kasualitatea, gehienetan beltzak izaten dira ikusten direnak. Hain zuzen ere, pantera beltza, berez existitzen ez den espeziea, kultura askok lotu izan dute magiarekin eta mistizismoarekin, eta badiru XXI. mendean ere eusten diola legendari.

Kea bezala deuseztatzeko ohituraz gain, badute beste bat: abuztuan azaltzeko joera. Espainiar estatuaren kasuan, nabarmena da joera jori. Almeriako pantera beltz misteriotsuak, esaterako, protagonismo handia izan zuen 2013 eta 2014ko abuztuetan. Probintzia berean 2007an ikusi zutenak ere uda aprobetxatu zuen pasieran ibiltzeko. Zerbait badu alegia Almeriak panterekin, argazkian azaltzen den animalia ederra ere han erreskatatu baitzuen Guardia Zibilak 2016ko azaroan. Hura ez zebilen aske. Gizonezko batek zeukan egoera kaskarrean eta paperik gabe, eta zoologiko batera eraman zuten azkenean.

Almeriako pantera gaixoa, ordea, kontu arrunt eta misteriorik gabea da 'pantera mamu' izena ere ematen zaien animalia desagerkorrekin konparatuta. Euskal Herrian ere ibili zen bat, 2005eko urrian, Gorlizen. Bertako ospitalearen atzeko pinudi batean ikusi zuten aurreneko aldiz. Ilobarekin pasieran zebilen gizonezko batek esan zuen bost metrora hurbildu zitzaiela pantera beltza, eta gero alde egin zuela. Ertzaintza segituan bildu zen bilaketara eta, orduan kontatu zenaren arabera, ertzain batek tiro eta guzti egin zion animaliari. Bi egunen buruan, bertan behera gelditu zen bilaketa, batere emaitzarik gabe. Istorio osoa kriptozoologiari emandako blog honetan dago kontatua, gaztelaniaz.

Animalia sinesgaitz eta arraroez -fantasiazko animaliez, esango luke eszeptikoak- arduratzen den kriptozoologia da hain zuzen askok ikusten dituzten baina inork harrapatzen ez dituen animalia horien inguruko kontuak gehien lantzen dituen diziplina.

Azalpenik bitxienak ere arlo horretatik datoz, alegia. Bere habitatetik kanpo dauden 'katu handi' gehien ikusten diren herrialdea Erresuma Batua da. Esan daiteke 'big cat'-ak ikustea tradizio bat dela han. British Big Cats izeneko elkarte bat ere badago, gauzak modu nahiko zentzuzkoan hartzen dituena, beste batzuekin alderatuta bederen. Horiek egindako lan baten arabera, 2004-2005 urteetan aske zebiltzan 2.123 felido handi ikusi ziren Erresuma Batuan. Elkarte horrek lantzen dituen hipotesiak bitxiak izan daitezke, baina badira askoz ere bitxiagoak; 'alien big cat'-en edo 'felido mamuen' existentzia ontzat ematen dutenenak, esaterako. Horien ustez, beste dimentsio batzuetatik datoz, eta arrastorik utzi gabe agertzeko eta desagertzeko gaitasuna dute. Ea noiz azaltzen den hurrengoa, eta ea nondik datorren...

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos