Euskal Herrian generoak eta nortasunak dituzten loturak jorratuko dituzte Boiseko unibertsitatean

Euskal Herrian generoak eta nortasunak dituzten loturak jorratuko dituzte Boiseko unibertsitatean

Asteburuan, matriarkatuaren gaia Euskal Herrian, nola eraikitzen duten euskaldunek nazioaren kontzeptua eta zer eragin izan duen feminismoak euskal gizartean jorratuko du Bullen irakasleak

DV

Margaret Bullen antropologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Antropologia irakasleak ikastaroa eskainiko du Boise State unibertsitatean, gaur eta bihar, generoaren eta nortasunaren artean dagoen lotura, eta lotura hori Euskal Herriaren testuinguruan eta euskal diasporan nolakoa den aztertuko du.

Ikastaroan, generoaren eta nortasunaren arteko loturak Euskal Herrian zer berezitasun dituen, zergatik ateratzen den beti matriarkatuaren gaia lotura hori egiterakoan, nola eraikitzen duten euskaldunek nazioaren kontzeptua eta zer eragin izan duen feminismoak euskal gizartean jorratuko du Bullen irakasleak, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Kultur nortasunetan sexua, generoa eta nazioa bezalako kontzeptuak nola gurutzatzen diren eta gizartean zer isla duten aztertuko du EHUko irakasleak, eta Euskal Herriak dituen ezaugarri berezietan jarriko du arreta. Halaber, Euskal Herriko errealitatea eta euskal diasporarena alderatuko ditu.

Alde batetik, historian zehar eraiki den emakumearen irudia azaldu eta matriarkatuaren mitoa eta botere patriarkalaren errealitatea aurrez aurre jarriko ditu; bestetik, Euskal Herriko eguneroko bizitzan, gizarte antolakuntzan, politikan, lanaren testuinguruan edo jai herrikoietan errealitatea nolakoa zen eta gaur egun nola aldatu den azaltzeko ibilbide historikoa egingo du.

Kulturaren transmisioari eta transmisio horretan emakumeek duten rolari ere erreparatuko dio Bullenek. Azkenik, feminismoak Euskal Herrian izan duen bilakaera eta euskara eta kultur mugimenduekin izan duen lotura aztertuko du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos