Euskadi eta Ameriketako 23 herrialde, elkarlanean

Paulo Speller Estatu Iberioamerikarren Erakundeko idazkari nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakaria./IREKIA
Paulo Speller Estatu Iberioamerikarren Erakundeko idazkari nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakaria. / IREKIA

Jaurlaritzak eta EIEk sinatu duten akordioaren arabera hezkuntza, zientzia eta kultura izango dira elkarlanerako eremu nagusiak

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Paulo Speller Estatu Iberioamerikarren Erakundeko idazkari nagusiak bi erakundeen arteko memorandum bat izenpetu dute ostegun honetan Lehendakaritzan, Gasteizen. Akordioak aukera emango du bi aldeen arteko elkarlana sendotzeko hezkuntza, zientzia, berrikuntza eta kulturako gaietan. Jaurlaritzak komunitate iberoamerikarrarekin eta bertako erakundeekin izanda izandako harremanen eta elkarlanaren emaitza da akordioa.

Memoranduma izenpetu ondoren, Urkulluk azpimarratu du 23 herrialdek osatutako Estatu Iberoamerikarren Erakundeak esperientzia duela gatazka ondoko egoeratan adiskidetza bultzatzen eta lan garrantzitsua egiten duela garapen integralerako, demokraziarako eta gizarteratzerako. "Nazioarteko erakunde horrek ere parte hartzen du indarkeria egoerak bakerantz bideratzeko ahaleginean, eta horretan hezkuntza oinarrizkoak zein profesionalak ezinbesteko zeregina du", esan du.

Horrela, Jaurlaritzak zein Estatu Iberoamerikarren Erakundeak "beharrezkotzat" jotzen dute ezagutzaren, ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren inguruan egituratutako goi mailako hezkuntza sustatzea, giza eskubideen ikuspegia barnean hartzen duen bakerako hezkuntzarekin eta kulturarekin batera.

Lan eremuak

Gainera, bi aldeen iritziz, "gizarte ororen etorkizuna agertoki global batean eraikitzen da, munduan eta nazioarteko hedadura duten dinamika instituzional, politiko, ekonomiko eta sozial berrietan integratuz". Hala, ezagutza gune partekatuak eraikitzearen alde agertu dira eta, beraz, "elkarrekin aurrera egin eta sendotzeko" ezagutza guneak eraikitzearen alde.

Urkulluk eta Spellerrek sinaturiko memorandumak aukera emango du Jaurlaritzaren eta Estatu Iberoamerikarren eraklundearen arteko elkarlana sendotzeko hezkuntzaren, zientziaren eta berrikuntzaren, kulturaren eta giza eskubideetarako hezkuntzaren arloetan.

Bereziki, mugikortasun akademikoko programetan parte hartzeko eta Lanbide Heziketa bezalako eremuetan sakontzeko aukerak aztertuko dira, eta esperientzien eta jardun egokien trukea bultzatuko da hezkuntzari eta prestakuntzari dagokienez, giza eskubideetan, demokrazian eta balioetan, eta bake kulturan.

Gainera, lankidetza bultzatuko da zientziaren eta berrikuntzaren arloetan, eta garapen zientifiko-teknikoaren inplikazioak ikuspegi sozial batetik aztertuko dira.

Bestalde, eta komunitate latinoamerikarra eta euskalduna beti elkartu izan dituzten lotura historiko, kultural, sozial eta enpresarialak kontuan hartuta, kulturaren arloko politikak partekatzearen alde lan egingo dute, besteak beste, industria sortzaileak eta kulturalak, eta kirola.

Memoranduma izenpetu ondoren, Speller Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin bildu da Lehendakaritzan. Ondoren, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta sail horietako arduradunekin bildu da Lakuan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos