Europako hegoaldea ez dago prest ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak ezartzeko

Zipre, Frantzia, Grezia, Italia, Portugal, Errumania eta Espainiako eraikingintzaren egoera aztertu dut/EFE
Zipre, Frantzia, Grezia, Italia, Portugal, Errumania eta Espainiako eraikingintzaren egoera aztertu dut / EFE

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, Europan eraikitzen diren eraikin guztiek ia energiarik kontsumitzen ez dutenak izan beharko dute

Euskal Herriko Unibertsitateko ENEDI (Energetika Eraikuntzan) ikerketa taldeak ikerlan batean ondorioztatu du Europako hegoaldeko herrialde gehienak ez daudela ongi prestatuta ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak ezartzeko eta, bereziki, eraikinak modernizatzeko erronkari heltzeko. Horrela, ikerketa taldeak etorkizuneko eraikinak garatzeko hobekuntzak proposatu ditu.

EHUk jakinarazi duenez, Europako herrialde guztiek legezko konpromiso bat hartu dute datozen urteetarako, eraikinetako energia eraginkortasuna hobetzeko, alegia, ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak eraikitzea (nZEB ingelesez, Nearly Zero Energy Building), gutxieneko energia kontsumoa duten eraikinak.

31/2010/EU direktibak finkatu dituen daten arabera, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikin publiko guztiek nZEB izan beharko dute, eta, bi urte geroago, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, eraikitzen diren eraikin guztiek izan beharko dute nZEB.

"Urtebete baino ez da falta lehen konpromisoaren epea amaitzeko, eta herrialde asko urrun daude, oraindik, eraikinetako energia eraginkortasun maila hori lortzeko. Europako erdialdeko eta iparraldeko herrialdeak daude erronka horretan aurreratuen", azaldu du Juan Maria Hidalgo ikerketaren egileetako batek.

Zipre, Frantzia, Grezia, Italia, Portugal, Errumania eta Espainiako eraikingintzaren egoera aztertu dute Europako dozena bat ikertzailek baino gehiagok, Liejako Unibertsitateak gidatutako ikerketa batean. Herrialde bakoitzak bere ñabardurak ditu definizio teknikoetan, eta horrek zaildu egiten du nZEB eraikinak bultzatzeko araudiak eta programak zuzenean konparatu ahal izatea. Hori dela eta, "ikertzaileok ahalegin berezia egin genuen metodologia bateratu bat adosteko. Horixe zen modu bakarra berdinen arteko benetako alderaketak egin ahal izateko", gaineratu du Hidalgok.

Oztopo ugari

nZEB eraikinak garatzeko dauden oztopo sozial eta teknologikoen azterketa konparatiboa izan da ikerketaren ardatza, eraikuntza berriaren eta higiezinen birgaitzearen ikuspegitik. Orain arteko ikerketa askok egoera ekonomikoari egozten zizkioten hegoaldearen eta iparraldearen arteko atzerapenak. Nolanahi ere, lan honek frogatu du badirela beste zenbait oztopo ere, besteak beste, soziologikoak eta herrialde bakoitzeko klima, asko baldintzatzen baitute ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinen helburuak lortzea.

"Eragile ia guztien trebakuntza oso eskasa da. Administraziotik eta eraikingintzako langileetatik hasi eta herritarretaraino, nZEB eraikinak zehazki zer diren eta nola lor daitezkeen ez dakien giza kate oso luzea osatzen dute", nabarmendu du Hidalgok. Bestalde, eraikinen diseinua "xehetasun gehiagorekin" aztertu behar dela gaineratu tu, "neguko eta udako urtaro aldaketei irtenbidea aurkitzeko".

"Euskal Herria oso proba banku aproposa izan daiteke horretarako, ikerketaren ia klimatologia guztiak baititu. Oso lurralde txikia izan arren, diseinu irizpide oso desberdinak aplikatu behar ditugu kostaldean, mendialdean, hegoaldean eta abar", azaldu du.

Horrela, ikertzailearen hitzetan, oztopo horiek ez badira konpontzen, "oso litekeena da benetako emaitzarekin gustura ez gelditzea, arazoak sortu bailitezke konfort termikoarekin, gehiegizko berokuntzarekin, alferrikako eraikuntza gainkostuekin eta abarrekin, eta, gainera, eraikinen okerreko funtzionamendu baten ondorioz okerrera egin dezakete horiek". Horretarako, ikerketan hobekuntzak proposatzen dira eraikin mota horren araudietarako, diseinurako, eraikuntzarako eta erabilerarako.

Era berean, ikertzaileak dio errazagoa dela nZEB eraikin berri bat eraikitzea kontzeptu hori birgaikuntzara eramatea baino, eraikin berriak eraikitzean, eraikina kokatzeko eta orientatzeko aukera gehiago dagoelako eta material berriak eta diseinuan integratutako teknologiak erabil daitezkeelako, eta birgaitze lanetan, berriz, malgutasuna txikiagoa da eta kostuak handitzen dira.

Hidalgoren arabera, "espero dugu sektorearen zailtasun nagusiak gainditzen laguntzea lan honek, eta eraikuntza sektore prestatuago batekin, baliabide hobeekin eta kontzientziazio handiagoarekin iristea 2020ra". Hala, "pertsona ororen beharrak aseko dituzten nZEB eraikinak eraiki ahal izango dira, kosturik txikienarekin eta ahalik eta ingurumen inpaktu txikienarekin".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos