Europako Elkartasun Kidegoan parte hartzeko aukera

Irekia

Gazte boluntarioei zuzendutako Europar Batasunaren ekimenak laguntzak eskaintzen ditu gizarte-arloko zereginetan lagundu eta lan egiteko

Europako Elkartasun Kidegoa Europar Batasunaren ekimen bat da. Horren helburua da gazteek boluntario lanetan aritu edo, jaioterriko herrialdean zein atzerrian, proiektuetan laguntzeko aukerak sortzea; era horretan, Europa osoko komunitateei eta herritarrei onurak ekartzea bilatzen da.

Europako Elkartasun Kidegoaren azken helburua gizarte integratzaileagoa eraikitzeko gazteak erakartzea da, “pertsona babesgabeei laguntza emanez eta gizarteko erronkei erantzunez”. Horrenbestez, "esperientzia bizkorgarri eta aberasgarria eskaintzen die lagundu, ikasi eta hazi nahi duten gazteei".

Ekimenean izena emateko 17 urte eduki behar dira, baina ezingo dute proiektuan hasi 18 urte bete arte. Europako Elkartasun Kidegoko proiektuetan, 30 urte arteko pertsonek parte hartu ahal izango dute.

Boluntario lanetan aritzeko, berriz, 2tik 12 hilabete arteko praktika aldi bat, ikasketa bat, edo lan bat egin behar dira, ondorengo arloetan: hezkuntza, osasuna, gizarte integrazioa, elikagaiak hornitzeko laguntza, etxebizitzen eraikuntza, etorkinen harrera, etorkin eta errefuxiatuentzako integrazioa eta laguntza, ingurumenaren babesa eta natur hondamenen prebentzioa.

Europako Batzordeak 341.500.000 €-tan zehaztu du martxan jartzeko aurrekontua, 2018ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra. Laguntzei dagokienez, aldeak daude iraupenaren eta herrialdearen arabera. Adibide bat jartzeko, sei sei hilabetez boluntario joateko, Batasunak 3.400 eurotik 6.500 artera jarriko ditu.

Sinesmen irmoak

Baldintzei dagokienez, "parte-hartzaileek ideiak, sinesmen irmoak eta aurreikuspenak izan behar dituzte", eta erakunde parte-hartzaileek gogoan izan behar dituzte betekizun horiek, "errespetu eta konfiantzazko harrera giroa sortzeko erantzukizuna baitute". Aldi berean, ekimenean parte hartzen duten erakundeek denbora, kemen eta baliabide asko erabiltzen dituzte jarduera kalitatezkoa izan dadin. Horregatik, espero dute parte-hartzaileek tokiko komunitateekin eta jarduerei zuzenean lotutako pertsonekin antzeko errespetuaz erantzungo dutela.

Jokabide printzipio orokor horietan, kontuan hartu da askotarikoak izan daitezkeela parte-hartzaileak, erakundeak eta egindako jarduera arloak, eta jarduera bakoitzeko zirkunstantzietara egokitu behar dira.

Europako Elkartasun Kidegoan sartzea gazteak bere gogoz hartutako erabakia izan behar da eta, aldi berean, askatasunez erabaki dezake ekimenari uko egitea, eta eskubidea du Kidegoak esleitutako edozein postu eskaintza errefusatzeko, eta horrek ez die eragingo etorkizunean hari eskaintza gehiago egiteko izango dituen aukerei. Jardueraren amaieran, Europako Elkartasun Kidegoko parte-hartzaileek eskubidea dute bertan parte hartu izanaren ziurtagiri bat eskuratzeko.

Boluntariotza jarduera batean parte hartzea onartzean, Europako Elkartasun Kidegoko parte-hartzaileek kontratu bat sinatuko dute erakunde parte-hartzailearekin eta, bertan, jardueraren baldintzak zehaztuko dira; baldintzok bat etorri behar dira Europako Elkartasun Kidegoko Gutuneko printzipioekin. Lanerako jarduerak direnean, lan kontratuak antzeko helburua izango du.

Jarduera hasi baino lehen eta irauten duen bitartean, Europako Elkartasun Kidegoko parte-hartzaileei argi eta garbi jakinaraziko zaie zein zeregin izango dituzten eta, dagokionean, behar prestakuntza eta hizkuntza laguntza emango zaizkie

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos