Europako Batzordeak Ikerbasque saritu du

Artxiboko argazkian, Ikerbasqueko ikertzaileak./
Artxiboko argazkian, Ikerbasqueko ikertzaileak.

'HRS4R Excellence in Research' izeneko zigilua berritzea lortu du, ikertzaileak erakartzeko abian duen estrategiagatik

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Europako Batzordeak ematen duen 'HRS4R Excellence in Research' izeneko zigilua berritzea lortu du, ikertzaileak erakartzeko abian duen estrategiagatik. Orain arte zigilu hori berritzea lortu duen euskal erakunde bakarra da. Ekainaren 18an izango da saria emateko ekitaldia, Bruselan, Europako Batzordearen egoitzan.

Europako Batzordeko Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusia arduratzen da golardoa emateaz. Ikertzaileen hautaketari, kontratazioari eta finkatzeari dagozkion Europako erreferentziazko erakundeak aitortzen ditu sariak, Ikerbasquek jakinarazi duenez.

Europako Batzordeak abiatu duen Ikerketako Giza Baliabideen Estrategiaren helburuak dira Europan talentura erakarri eta atxikitzea, mugikortasuna sustatzea, ikertzaile karreraren mesedeko lan giro ona ziurtatzea eta enplegua eta hazkunde ekonomikoa bultzatzea, lan merkatu lehiakorra, gardena eta irekia finkatuz.

Europako Batzordearen arabera, Ikerbasquek orain arte egindako lan bikainagatik lortu du saria, eta horrek «erabateko aitorpena» ekarri dio ikertzaileak erakartzeko darabilen estrategia eta politikari. Ebaluazioaren zorroztasunean, jokabideari buruzko kode etiko zorrotz baten jarraipenean eta talentua erakartzeko prozesu osoaren hobekuntzan oinarrituta dago estrategia hori.

Aintzatespenaren harira, Ikerbasquek unibertsitate eta ikerketa zentroen ordezkariak bildu ditu astearte honetan Bilbon, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioarekin (FECYT) batera, Euskadin HRS4R Estrategia ezarri eta HR Excellence in Research logoa lortu nahi duten erakundeei tailer informatiboa eta praktikoa eskaintzeko, prozesua era koordinatuan hastera gonbidatuz, indarrak bilduz eta planak prestatu eta aurkezteko behar duten denbora laburtuz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos