'Mingaina dantzan' udalekuetan etxeko hizkuntzaren eragina ere aztertuko dute

Ezkerretik eskuinera, Iñaki Eizmendi, Miren Dobaran, Iñaki Aristondo, Estibaliz Alkorta eta Josu Labaka../MICHELENA
Ezkerretik eskuinera, Iñaki Eizmendi, Miren Dobaran, Iñaki Aristondo, Estibaliz Alkorta eta Josu Labaka.. / MICHELENA

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta UEMAk antolatzen dituzten udalekuen bigarren edizioa Berrizen egingo da uztailean, 30na nerabeko bi txandatan

N. AZURMENDI

Iazko emaitza onek animatuta, bigarren aldiz antolatuko dituzte aurten Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta UEMAk, Eudelen laguntzarekin, 'Mingaina dantzan' udalekuak. 13-14 urteko nerabeei zuzendutako udalekuak dira, neska-mutilek hamar egun bikain igarotzeko antolatuak, baina ez dira udalekuak soilik, ekimenak sorreratik duen izaera esperimentalari eutsiko baitiote bigarren edizioan. Ez dira euskararen erabileraren sustapenari lotutako udaleku bakarrak: udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako berariazko udalekuak ere antolatu ditu aurten estreinakoz UEMAk, Jaurlaritzaren laguntzaz.

'Mingaina dantzan' ekimenari dagokionez, uztailean Berrizen (Bizkaia) egingo diren udalekuetan euskararekin harreman mota ezberdinak dituzten gazteak bilduko dira (inguru soziolinguistiko ezberdinetakoak, euskara ama hizkuntza dutenak eta ez dutenak…) eta, testuinguru horretan, hizkuntza portaeren inguruko analisi bat egingo da.

Informazio praktikoa

Normalean, euskaraz bizitzera ohituta dauden euskaldunak eta euskaraz hitz egiteko gai izan arren gaztelaniaz bizitzera ohituta daudenak elkartzen direnean, gaztelania ateratzen da irabazle, horixe baita irtenbide erosoena, helduen zein gazteen artean. Udalekuon xedea ez da aztertzea zergatik gertatzen den hori, zer dagoen gazteen portaeren atzean, baizik eta identifikatzea zein diren portaeran eragiten duten faktoreak.

Ikustea, hain zuzen, zer egin daitekeen euskaraz aritzera ohituta daudenek euskarari eutsi diezaioten, eta ohitura ez dutenak euskaraz mintza daitezen. Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko lagungarriak izan daitezkeen estrategiak eta baliabideak probatzen jarraitu nahi dute alegia antolatzaileek. Asmoa da eraginkor suertatu direnak beste udaleku eta aisialdi jarduera batzuk antolatzen dituztenen esku jartzea, ikasitakoa partekatzea.

Iaz landutako tresna arrakastatsuenekin ('eusle' dinamikaren inguruko jarduerak, programazioan txertatzeko jarduerak...) argitalpentxoak prestatu dituzte PDF formatuan, eta beste eragile batzuen artean banatuko dituzte, «aisialdiko jardueretan ere hizkuntzaren erabileraren ikuspegiatxertatzen joateko». Norbaitek egoki baderitzo, formazioa ere eman dezakete 'Mingaina dantzan' udalekuetako jarduera diseinatu dutenek.

Iaz, Mundakan, jatorrizko eremu soziolinguistikoa hartu zen batik bat aintzat parte-hartzaileak hautatzeko eta taldea osatzeko orduan. Aurten beste aldagai bat ere hartuko dute aintzat: etxeko hizkuntza. 2017an, alegia, inguru soziolinguistikoak euskararen erabileran duen eragina aztertzeko, eremu euskaldunetako eta erdaldunetako gazte euskaldunak nahastu zituzten. 2018an horrela jokatuko da aurreneko txanda osatzeko, baina bigarrenean etxeko hizkuntza hartuko da kontuan, jatorrizko eremu soziolinguistikoari horrenbeste erreparatu gabe. Kasu honetan, ikerketa era egokian aurrera eraman ahal izateko, gehiago izango dira euskara etxean jaso dutenak gaztelania jaso dutenak baino.

Balorazio positiboa

Aurtengo edizioa Donostian aurkeztu dute astearte honetan Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta UEMAko lehendakari Josu Labakak. Haiekin izan dira Ebete enpresako hezitzaile Iñaki Eizmendi , udalekuak kudeatuko dituen Ttakun enpresako ordezkari Iñaki Aristondo eta Estibaliz Alkorta, Euskara Sustatzeko zuzendaria.

Dobaranek proiektuaren interesa nabarmendu du, eta adierazi du «oso baliagarria» izango dela «etorkizuneko estrategiak lantzeko». «Iazko esperientzia positiboaren ostean, aurten beste pauso bat eman dugu ekimena hobetze aldera», esan du. Sailburuordeak gogora ekarri ditu udalekuetan parte hartu zuen Barakaldoko neska baten hitzak, zeinari entzun zioten esaten pena ematen ziola esperientzia amaitzea, inoiz ez zelako horrenbeste mintzatu euskaraz.

«Eremu euskaldunetako gazteen presentziak era nabarmenean sustatu du euskararen erabilera gainontzekoen artean»

Aurreneko esperientziaren ondorio nagusietako bat, hain zuzen, horixe izan zen: gaztelania nagusi den eremuetako gazteek esan zuten inoiz baino euskara gehiago hitz egin zutela udalekuan igaro zituzten egunetan. Egin zuten azterketaren arabera, denboraren %75 igaro omen zuten gaztetxoek euskaraz berbetan. Onartu dute antolatzaileek agian baikorregia dela datua, baina puntu batzuk kenduta ere «pozgarria» izango litzateke Dobaranen ustez, «bestela ikasgelatik kanpo euskaraz aritzeko aukerarik ez duten gazteez» ari zirelako.

Bizitzako arlo guzietan euskara modu naturalean darabilten udalerri euskaldunetako gazteek egin dezaketen ekarpena azpimarratu du, berriz, UEMAko Josu Labakak. Alde horretatik, «udalerri euskaldunetako jendartearen balio erantsietako bat da euskararen erabileran eragitea. Beti esan izan dugu euskararen arnasguneek tratamendu berezitua behar dutela hizkuntza politikaren aldetik, baina horrez gain interesgarria da aztertzea nola eragin dezaketen harreman naturaletik harago».

Esperientzia honetan, hain zuzen, neska eta mutil gazteak dira udalerri euskaldunetako enbaxadoreak. Balorazioa egitean Ebete enpresako Iñaki Eizmendik adierazi duenez, «argi geratu da eremu euskaldunetako gazteen presentziak eta erabilera naturalak era nabarmenean sustatu duela euskararen erabilera gainontzekoen artean».

Argi gelditu da, halaber, batzuen eta besteen arteko proportzioak ere baduela eragina: «Gaztelania nagusi den eremuetakoak inguru euskaldunetakoak baino gehiago izan ziren, hi heren eta heren bat hurrenez hurren, eta horrek erabileran eragin zuen. Alderantzizko proportzioan izan balitz, euskararen erabilera are nabarmenagoa izango zatekeen», adierazi du Eizmendik. Hortaz, azaldu duenez, euskara asko erabili bazen ere, «wuskara nagusi ez den eremuetako gazteen presentzia ugariak zertxobait murriztu zuen euskararen erabilera».

Hobetu beharra ere badago. Iazko edizioan garatu ziren bideei erreparatuz, esate baterako, adierazi dute eragina ez dela bera izan guztietan: «Oso ondo asmatu da oinarrizko irizpideekin, sare sozialekin eta programazioan txertatutako jarduera batzuekin». Eusleen dinamikak ere oso «interesgarriak» izan ziren, «baina beste dinamika batzuekin ez zen nahi bezala asmatu». Bestalde, «oso garrantzitsua izan zen familiekin, hezitzaileekin eta nerabeekin aldez aurretik bilerak eta aurre-saioak egitea».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos