Estetika eta eraikuntza, muturreko lanbideak

Eraikuntza gizonezkoen eremu ia esklusiboa da. Argazkia Valentzian egin zen otsailaren 15ean. /EFE
Eraikuntza gizonezkoen eremu ia esklusiboa da. Argazkia Valentzian egin zen otsailaren 15ean. / EFE

Emakumeen egoera ikuspegi guztietatik aztertzen eta aurkezten ari den egunotan, Eurostat Europako estatistika bulegoak lanbideen araberako desberdintasunak islatzen dituzten datuak zabaldu ditu. Hogei lanbide ohikoenen (EBko langileen %76 horietakoren batean ari dira) azterketatik eratorritako datuek lehendik ere argi zegoena berretsi dute: salbuespenak salbuespen, badira emakumezkoen lana, eta badira gizonezkoetan. Muturreko lanbideak estetika eta eraikuntza dira, hurrenez hurren. Aurrenekoan ez dago apenas gizonik; bigarrenean ez dago apenas emakumerik.

Ikuspegia pixka bat zabalduta, emakumeen eremua garbiketara eta idazkaritzara zabaltzen da. Gizonena, berriz, garraiora eta ekipo astunen erabilerara. Metala eta zientzia ere gizonezkoen esparrukoak dira nagusiko.

2016ko datuen arabera, lau eremu hauetan zen nagusia emakumeen presentzia: estetikan (langile guztien %89); garbiketan (%84); osasungintzan (%78, gehiago maila apaletan goi mailakoetan baino) eta irakaskuntzan (%71). Merkataritzan (%66); kulturaren, legearen eta gizarte zerbitzuen arloan (%57) eta administrazioan (%56) ere gehiago ziren emakumean gizonak baino.

Gizonak nagusi diren lan-eremuei dagokienez, eraikuntza (%97), ibilgailu eta ekipo astunen gidaritza (%96), metalaren arloko jarduerak (%96), zientzia eta ingeniaritzaren arloko teknikariak eta profesionalak (%83 eta %74 hurrenez hurren) daude aurretik. Meatzaritzan (%73) eta nekazaritzan (%67) ere gizonak dira nagusi.

Soldata-arraila ere baieztatu du Eurostatek, 2016an EBko emakumeek gizonek baino %16,2 gutxiago irabazi baituzten. Herrialde bakar bat ez da libratzen, baina aldea bereziki handia da Estonian (%25,3), Txekiar Errepublikan (%21,8), Alemanian (%21,5) eta Erresuma Batuan (%21). Txikiagoa da berriz tartea Errumanian (%5,2), Italian (%5,3), Polonian (%7,2), Eslovenian (%7,8) eta Kroazian (%8,7). Batez bestekotik hurbil dago soldaten arteko diferentzia Espainian (%14,2), Danimarkan (%15), Frantzian (%15,2) eta Holandan (%15,6).

Gauzak, hala ere, ari dira apurka-apurka hobera egiten. Herrialde gehienetan murriztu da tartea 2011 urteaz geroztik, batez ere Errumanian (4,4 puntu), Hungarian (4), Espainian eta Austrian (3,4), Bulgarian (3,3) eta Holandan (3). EBko 10 estatutan, dena den, zabaldu egin da arraila, hala nola Portugalen (4,6 puntu) eta Eslovenian (4,5). Horrenbestez, oso gutxi estutu da arraila Europa mailan 2011tik 2016ra, %16,8tik %16,2ra jaitsi baita.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos