Hesteen osasunerako ere ona da ahabia

Superelikagaien zerrenda gehienetan dago ahabia.
Superelikagaien zerrenda gehienetan dago ahabia. / DV

Gorputzak ondo funtzionatzeko ezinbestekoak diren hesteetako mikroorganismoen garapenari laguntzen diote moda-modan dauden baia horiek

Moden gora eta beherako mugimendu ziklikoetan, goi-goian kokatzea egokitu zaio azken urteetan ahabiari. Bide bazterretan sasien pare egotetik mahai eta hozkailuetara igaro da urte gutxiren buruan, baita superelikagaizat jotzen diren janarien zerrendetara ere. Hori dela eta, ekoizpenaren areagotzeak prezioak jaistea ekarri badu ere, legatz freskoaren parean, baita garestiago ere, ordaindu izan dute ahabia kontsumitzaileek, txintik esan gabe.

Modak gora, modak behera, itxuraz -ez zaporez-, basaranaren antz handia daukan baia urdinxka betidanik izan da ezaguna eta estimatua. Ez bakarrik bere horretan edo marmelada zein saltsa bihurtuta jateko, edo edariak egiteko, sendabelar gisara ere oso erabilia izan baita. Antioxidatzailetan aberatsa izanik -besteak beste, C bitamina asko dute ahaiek-, gomendatu izan da defentsak indartzeko, edota infekzioei aurre egiteko. Bereziki aldarrikatu da gernu-aparatuko inkfekzioei aurre egiteko duten gaitasuna, batez ere gehiegi heldu gabe eta mikatz daudenean kontsumitzen badira. Zistitia bezalako gaixotasunetarako, dena den, hobea da bere horretan jateko balio ez duen barietate gorri gogor eta mikatzagoa, zuku eginda kontsumitzen dena. Tratamendurako ez ezik, prebentziorako ere gomendatzen da.

Ikerketa berri batek erakutsi du hesteen osasunerako ere ona dela ahabia. AEBetako Massachusetts Amhersteko unibertsitaten egindako lanak lehen aldiz frogatu omen du baia txiki horiek dituzten karbohidratoak oso mesedegarriak direla guztion hesteetan bizi diren bakterio onuragarriek osatzen duten komunitatearentzat. Ahabiek, hain zuzen, mota horretako bakterioen garapena sustatzen dute.

David Stela nutrizionista eta mikrobiologoak zuzendu duen ikerketa 'Applied and Environmental Microbiology' aldizkarian argitaratu da. "Ikerketak erakutsi du jaten dugunak, elikatzeaz gain, baduela eragina hesteetan eta mikrobioman", adierazi du. Mikrobioma da, hain zuzen, gorputzak ondo funtzionatzeko ezinbestekoak diren hesteetako mikroorganismoen gene-multzoa. Eta hesteetako mikroorganismo onuragarri horien hazkunderako eta osasunerako oso egokiak izango lirateke ahabiak. Ikerketak, Stela doktorearen ustez, balio lezake ahabien propietateetan oinarritutako produktu berriak sortzeko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos