Eskutik doaz gizartearen zahartzea eta genero-desberdintasuna

Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek lau ordu eta erdi ematen dituzte egunean batez beste 15 urtetik beherako seme-alabak zaintzen./M. BRUQUE
Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek lau ordu eta erdi ematen dituzte egunean batez beste 15 urtetik beherako seme-alabak zaintzen. / M. BRUQUE

«Seme-alaben zaintzan dauden genero-desberdintasunak desagertzeak eragin positiboa izango du familien eta haurren sustapenean», adierazi du 'Euskadiko familia eta haurretan inbertitzeko Estrategia'-ri buruzko saioan Beatriz Artolazabal sailburuak

M. IMAZ

Nor ez du kezkatzen gizartearen zahartzeak? Nor kezkatzen du, berriz, genero-desberdintasunak? Bi arazo horiek bene-benetan kezkatzen dituztenek galdera horiei erabateko zintzotasunez erantzungo baliete, desberdinak izango lirateke seguruenik datuak, bai kezkatu-kopuruei dagokienez, baita kezkaren larritasuna eta intentsitatea aintzat hartuko balira ere.

Gizartearen zahartzeari erantzuteko, ordea, ezinbestekoa da genero-desberdintasuna borrokatzea eta murriztea. Maiz bereiz lantzen diren bi arazo horien arteko lotura estua argi gelditu da Bilbon egindako Euskadiko familia eta haurretan inbertitzeko Estrategiari buruzko jardunaldian parte hartu duten adituek.

Datorren udaberrian argitara emango den Familientzako eta Haurrentzako IV. Laguntza Planaren atariko saiotzat ere jo daitekeen jardunaldian Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi zuenez, "seme-alaben zaintzan dauden genero-desberdintasunak desagertzeak eragin positiboa izango du familien eta haurren sustapenean". Sailburuaren hitzen arabera, "zuzeneko harremana dago jaiotza-tasaren defizitaren eta genero-desberdintasunen iraunkortasunaren artean, bereziki seme-alabak hazteko erantzunkidetasunari eta gizarte-denboren egituraketari dagokienez".

"Zuzeneko harremana dago jaiotza-tasaren defizitaren eta genero-desberdintasunen iraunkortasunaren artean, bereziki seme-alabak hazteko erantzunkidetasunari eta gizarte-denboren egituraketari dagokienez"

Izan ere, etxeko zereginen banaketa Euskadin okupatuta dauden pertsonen artean oso desberdina da. "2015ean, etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek egunero 4,5 ordu ematen zituzten 15 urtetik beherako seme-alabak zaintzen, eta gizonek, egunean 2,9 baino ez", gogoratu zuen sailburuak. Horren ondorioz, lanean dauden emakumeen % 14,9 ez daude pozik bikotekideek etxeko lanetan duen inplikazioarekin. Gizonezkoak, aldiz, poz-pozik daude egoera horrekin: %70,4 "oso pozik" zeuden inkesta egin zenean bikotekidek etxeko lanetan eta haurren zaintzan zuen inplikazioarekin.

Zahartzeari aurre egin

"Euskadik gizartearen zahartzeari erantzungo dioten gizarte- eta demografia-politikak garatzeko erronka eta jaiotza-tasa sustatzeko beharra du", azaldu zuen Artolazabalek, eta hori lortzeko "erantzunkidetasunean eta kontziliazioan oinarritzen diren familia-politiken beharra" aldarrikatu zuen, "adinekoentzako arreta eta familia eta haurrentzako laguntza-politikak" ere "funtsezko bi oinarri" direla gogoratuz.

Erronka horiei aurre egin ahal izateko, alegia, ezinbestekoak dira "dagoeneko familia-erantzukizunak dituzten pertsonei eta familia osatu nahi dutenei beren bizi-proiektua ahalik eta baldintzarik onenetan egiteko eta zailtasun ekonomikoak, lanekoak edo bestelakoak gainditzeko aukera" ematen duten politikak.

Jaiotza- eta ugalkortasun-tasak oso baxuak dira Europa osoan, eta esan liteke Euskadin bereziki larria dela egoera. Sailburuak emandako datuen arabera, Euskadin, 2015ean, 8,5 ume jaio ziren mila biztanleko. EB-28ren (10) batez bestekoaren azpitik eta zenbait herrialdetako datuen oso azpitik: Irlanda (14,2), Frantzia eta Erresuma Batua (12) edo Suedia (11,8). Espainiako Estatukoaren (9) antzekoa izan zen eta EB osoan balio baxuenak dituzten herrialdeen gainetik egon zen bakarrik: Grezia (8,5), Portugal (8,2) eta Italia (8).

Ugalkortasuna dela eta, Euskadin, ugalkortasun-tasa 1,39koa da. "1975eko batez besteko 2,78 seme-alaben kopurutik oso urrun dago, bai eta belaunaldi-aldaketarako beharrezkoa den 2,1etik ere. Indizerik baxuena Bizkaiak du, 1,31 seme-alaba umeak izateko adinean dagoen emakume bakoitzeko; Arabak 1,49 eta Gipuzkoak 1,47".

Sailburuak nabarmendu zuen Euskadi izan dela krisi-gaian ugalkortasunaren gorakada izan duen Estatuko autonomia erkidego bakarra baina, "hala ere, oraindik lan handia dugu egiteko",

Nahi baino gutxiago

Bada, gainera, beste datu esanguratsu bat, berriro ere gizartearen zahartzea eta genero-desberdintasuna lotzen dituena: EAEko familia askok nahi baino seme-alaba gutxiago dituzte. Gazteen % 72k bi seme-alaba edo gehiago izan nahiko luke, baina emakumeko seme-alaba kopurua 1,3koa da. 2014an, Euskadiko etxeen % 5,6k, ia 50.000k, familia- edo demografia-ugalketari lotutako arazoak zituen, "eta ez zeukan nahi beste seme-alaba baliabide ekonomiko faltagatik, laneko segurtasunik ezagatik eta/edo umeen zaintzarekin eta arretarekin lotutako arazoengatik".

Bilbon egin zen jardunaldiaren irudia.
Bilbon egin zen jardunaldiaren irudia. / IREKIA

Emantzipazioaren atzeratzearekin lotura duen amatasunaren pixkanako atzeratzeak ere badu eraginik egoera horretan. Euskadin, hain zuzen, 30 urte ingururekin emantzipatzen dira gazteak, oso berandu EBko batez bestekoa aintzat hartzen bada. Aurreneko haurra, berriz, 33,4 urterekin edukitzen zuten batez beste emakumeek 2015ean, EBko batez bestekoa 30,5 urtekoa zelarik.

"Zuzeneko harremana dago jaiotza-tasaren defizitaren eta genero-desberdintasunen iraunkortasunaren artean, bereziki seme-alabak hazteko erantzunkidetasunari eta gizarte-denboren egituraketari dagokienez", ondorioztatu zuen sailburuak, eta aurreratu zuen udaberrian aurkeztuko den Familientzako eta Haurrentzako IV. Laguntza Planean neurri zehatzetan gauzatuko direla kezka eta asmo horiek guztiak.

"Gure jaiotza-tasak Estatuko baxuenak dira, eta horrek esan nahi du seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoen aldeko apustua ez dela nahikoa"

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi zuen, hain zuzen, argi gelditu dela laguntza ekonomikoak ez direla nahikoa jaiotza-tasa suspertzeko. "Seme-alabak dituzten familientzako laguntzen kasuan, Estatuan eskubide subjektiboa eta unibertsala duten laguntza bakarrak dira, eta laguntza horiek, gainera, krisi ekonomiko larrian ere mantendu egin dira. Hala ere, gure jaiotza-tasak Estatuko baxuenak dira, eta horrek esan nahi du seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoen aldeko apustua ez dela nahikoa", esan zuen Artolazabalek. Ezinbestekoak dira halaber "norberaren bizitza, familiakoa eta lanekoa uztartzea" ahalbidetzen duten baliabideak. Haurreskolak Partzuergoa egiten ari den lana jarri zuen adibide gisa.

Baina "hori guztia ez da nahikoa eta, hori dela eta, beste urrats bat gehiago eman behar izan dugu, eta herrialdeko ituna egin dugu, gure jaiotza-tasak hobetzeko erronkari arrakastaz heltzeko". Abenduaren 20an Familiaren Euskal Kontseiluan aho batez onetsi eta urtarrilaren urtarrilaren 18an hiru foru-aldundiek, Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako Familientzako eta Haurrentzako Ituna izan da urrats horietako bat, baita Familia eta Haurretan Inbertitzeko Euskal Estrategia ere. Prozesua amaitzeko,"aurreikuspenen arabera udaberri honetarako amaituko dugun Familia eta Haurrentzako IV. Laguntza Plana izango da, hor bilduko baitira egoera aldabidean jarri nahi duten neurri zehatzak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos