Internet bidez erosteko orduan, belaunaldi bakoitzari berea

Gazteenek telefono bidez egiten dituzte erosketa gehienak./DV
Gazteenek telefono bidez egiten dituzte erosketa gehienak. / DV

Merkataritza elektronikoa hilean batez beste 200 euro gastatzen dituzten 'xennialak' ari omen dira sustatzen

M. IMAZ

Internet bidezko erosketetan gehien gastatzen dutenak ez badira ere, sektoreko enpresa handietako batek zabaldu dituen datuen arabera, 'xennialak' dira merkatu hori sustatzen ari direnak. Ingelesez, hiztegi klasikoen arabera, 'xenial' hitzak balio izan du historian zehar kanpokoei harrera ona egiten dieten pertsonak definitzeko, jende abegitsua izendatzeko alegia. Aspaldiko Grezian du jatorria hitzak, non atzerritarrekiko joera abegikorra zutenei esaten zitzaien ‘xenial’.

Gaur egun, gauzak nola dauden ikusita, ez legoke gaizki 'xenial' gehiago egotea mugak ixten dituzten eta hormak eraikitzen dituzten herrialdeetako biztanle eta agintarien artean baina, azkenaldian, xenial hitza -xennial, zehazki- ez da horretarako erabiltzen, X belaunaldiko izaki ezkorren eta 'millennial' baikorren arteko mikrobelaunaldiko kideak izendatzeko baizik. Orain gutxi sortu da, baina sare sozialek-eta barreiatzen dituzten 'aurkikuntza' gehienak bezala, izugarrizko arrakasta izan du.

X belaunaldikoak, gutxi gorabehera, 1966tik 1976ra jaioak badira, eta millennialak 1980ko hamarkadaren lehen urteen eta milurteko berriko aurrenekoen artean munduratuak, xennialei bospasei urteko tarte laburra egokituko litzaieke, 1977-1983 urteen artekoa hain zuzen. Bete-betean harrapatu zituen aldaketa teknologikoak. Analogiko jaio ziren arren, mundu digitalaren erabateko hedapenaren lehen urratsekin hazi ziren. Hortaz, nahiz eta ez diren digitalak jaiotzaz, oso trebeak teknologiarekin, eta krisialdiak bete-betean harrapatu zituenez, moldatzeko gaitasun handia erakusten dute arlo guztietan.

Ez dira asko baina, internet bidez markako produktuen salmentan espezializatuta dagoen Vente Privée enpresa frantziarrak egin duen azterlan baten arabera, sarean diharduten plataforma horiek dituzten bezero onenak dira, nahiz eta ez izan gehien gastatzen dutenak. Gaur egun 30-40 urteen bueltan dabiltzan horiek -zaharregiak gazte izateko, gazteegiak zahartzat jotzeko, esan zuen norbaitek...- 200 euro gastatzen dituzte batez beste, 74 euro erosketa bakoitzean. Gainerakoen aldean duen abantaila dibertsifikazioa da. Horregatik diote batik bat xennialak ari direla merkataritza elektronikoa sustatzen.

Helduenek, ardoa

Hala ere, interneten gehien gastatzen dutenak gaur egun 41-55 urte bitartean dauden X belaunaldiko kideak dira. Hilean 252 euro uzten dituzte batez beste sareko erosketetan. Oso hurbil dauzkate inguru erabat analogikoak jaiotako 'babyboomerrak', 56-70 urte bitarteko erosleak, hilean 236 euro gastatzen dituztenak.

Gaur egun 20 eta 34 urte bitartean dauden xennialek eta iragan mendeko 90eko hamarkadaren amaieran jaiotako Z belaunaldikoek batez besteko gastua, berriz, 147 eta 95 eurokoa da, hurrenez hurren.

Erosketen maiztasuna ere aztertu dute. Gehien erosten dutenak X belaunaldikoak dira (3,3 erosketa hilean, 40 bat urtean). Bigarren postuan babymoomerrak datoz (2,6 erosketa hilean, 31 bat urtean). Millennialak daude laugarren postuan, eta Z belaunaldikoek ixten dute zerrenda.

Zer erosten dute, bada, belaunaldi desberdin horietako kideek? Helduenek, hots babyboomerrek eta X belaunaldikoek, gastronomiaren zerikusia duten produktuak, batez ere ardoa. Millennial eta xennialek, berriz, on line dendan erabiltzen dituzte batik bat etxetresnak eta altzariak erosteko, eta Z belaunaldikoek egiten dituzten erosketa urrietan arropa lehenesten dute.

Kanalei dagokienez ere badaude aldeak. Hala, telefono adimentsua baliatzen dute batik bat Z belaunaldikoek (%75), millennialek (%75) eta xennialek (%71). Babyboomerrek, berriz, oraindik ere gehiago erabiltzen dute erosketetarako ordenagailua telefonoa baino. Ikerketaren arabera, 70 urtetik gorakoak ez dira existitzen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos