EquAPPeal, berdintasuna sustatzen duen sare soziala

Maitane Leizaola, Sara García Urieta eta Ainhoa Itxausti, aplikazioaren aurkezpenean. / B.F.A.

14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimenak maitasunezko eta berdintasunezko bikote harremanak sustatzea du helburu

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Gazteen artean berdintasunezko bikote harremanak sustatzeko sortu duten EquAPPeal sare soziala aurkeztu dute astelehen honetan Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazte Behatokiaren eta balioetako hezkuntzan espezializatutako Matiz elkartearen arteko lanaren emaitza baita. EquAPPeal 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sare sozial birtuala da eta, aurkezpenean esan dutenez, “maitasunezko eta berdintasunezko bikote harremanak sustatzeko helburua dauka”.

Hartara, “estereotipo eta aurreiritzi sexistez nekaturik dauden gazte eta nerabeei zuzendutako” sare sozial gisa diseinatu da EquAPPeal. Sarearen izenak hitz joko bat egiten du 'sex-appeal' termino anglosaxoiarekin, "berdintasunezko erakargarritasunari" men eginez. Eremu birtual bat da, harremanak lantzeko eta maitasun eta bikote harremanei buruzko iritziak, esperientziak eta kezkak partekatzeko, horietaz ahalik eta gehien gozatzeko.

"Proiektu berritzailea da, arlo digitalean ezagutzen ditugun harreman edo erlazio sare sozialez bestaldekoa”, azaldu du Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazte Behatokiaren zuzendariak. 2017an egindako Euskadiko Gazteriaren Egoeraren Diagnostikoaren arabera, 15 eta 29 urte arteko gazteen %99k sare sozialen bat erabiltzen du, haietako %97,5ek egunero. "Beraz, gazteenganaino iritsi nahi badugu, ezinbestekoa da kanal horien bidez egitea", gaineratu du.

Halaber, Emakunderen datuen arabera, 2016an genero indarkeria jasan zuten emakumezkoen %34,4k 30 urte edo gutxiago zituzten eta biktimen %8 inguru adin txikikoak ziren, nerabeak, alegia. "Zenbakiek berez hitz egiten dute eta hezkuntzaren profesionalak berebiziko erronka baten aurrean jartzen dituzte, gazteei indarkeriarik gabeko berdintasunezko harremanak eratzen laguntzeko erronkaren aurrean, hain zuzen ere", azpimarratu du Sara Garcia Matiz elkarteko arduradunak.

Hiru sail nagusi

EquAPPeal elkarreraginetarako hiru eremu edo sail nagusitan hedatzen dena: horma, foroa eta kontsultak. Horma testuak, bideoak, irudiak edo audio artxiboak askatasunez partekatzeko tokia da, eta bertan gazte jendeak bere adostasun edo desadostasuna azaldu ahalko du jorratzen diren gaiekin.

Foroan, gazteek beren esperientziak, zalantzak eta iritziak partekatzen dituzte gai garrantzitsuei buruz, sexu eta bikote harremanekin eta sare sozialen erabilerarekin erlazionatutako zenbait gaitatik abiatuz (hala nola bikotekideen jelosia, jazarpena edo kontrola). Une honetan gaikako 7 eztabaida daude zabalik.

"Garrantzi handikoa da azpimarratzea gazteek eurek kontrolatzen duten eremua dela, haiek baitira ideia bat galdetzen edo partekatzen dutenak eta, aldi berean, erantzuten edo erantzuna ematen ahalegintzen direnak. Eta, gainera, eduki bat salatzeko aukera dago, desegokitzat jotzen bada edo plataformako balioen kontrakoa bada", Matiz elkarteko Ainhoa Intxaustik zehaztu duenez.

Elementu berritzaile gisa, arlo pribatu batek horma eta foroa osatzen ditu, gazteak isilpekotasun osoarekin Matiz taldeko profesionalei helarazteko bikote, sexu nortasun edo adiskidetasun gaiei buruzko zalantzak, betiere gaien gaineko orientabide eta laguntza profesionala eman diezaieten sekretu osoarekin.

"Ikusita geneukan zenbait gai edo kezka tintontzian geratzen zirela, gazteak ez baitziren ausartzen foro edo hormaren gisako espazio irekian planteatzera. Hori dela eta, ulertu dugu behar-beharrezkoa zela kontsulta pribaturako eremu bat eta aholkularitza profesionalarekin, gazteek hara jo dezaten zalantzak argitu ahal izateko", azaldu du Intxaustik.

EquAPPeal aplikazioa eskuragarri dago Google Play eta Apple Store dena birtualetan, Android eta IOS sistema eragileak dituzten gailu mugikorretan doan jaitsi ahal izateko. Matiz elkartearen arduradunen hitzetan, "udaren hasiera eta jai egutegien eta aisialdi espazioen irekiera aprobetxatuz, gazteenen artean aplikazio hau abiarazi eta ezagutzera eman nahi dugu, eraso sexistak prebenitzeko eta berdintasunezko harremanak bultzatzeko lanabes gisa".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos