Enrique Echeburuak gaur jasoko du 2017ko Euskadi Ikerkuntza Saria

Enrique Echeburua, artxiboko argazkia./JOSE MARI LÓPEZ
Enrique Echeburua, artxiboko argazkia. / JOSE MARI LÓPEZ

Arratsaldean Lehendakaritzan egingo den ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak emango diote saria

Enrique Echeburua Psikologia Klinikoko katedradunak 2017ko Euskadi Ikerkuntza Saria jasoko du astearte honetan, ekainaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako egoitzan, Gasteizen. Ekitaldia arratsaldeko 17.00etan hasiko da, eta Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak emango diote saria Echeburuari.

Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan entzute handiko bost ikerlarik osatutako epaimahaiak psikologo donostiarraren aldeko ebazpena eman zuen joan den maiatzean, sariaren 22. edizioan aurkeztutako zortzi hautagaien artean.

Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusi, baita Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta EAEtik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin. Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan Gizarte Zientziak eta Humanitateak modalitatean egiten da deialdia, eta urte bikoitietan, aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen da.

Enrique Echeburua Donostian jaio zen, 1951an. Madrilgo Complutense Unibertsitatean Psikologian doktorea (1978) eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Psikologia Klinikoko katedraduna da (1989). Bere ikerketa lana EHUko Psikologia Fakultatean gauzatu du, 1980ko hamarkada erdialdetik aurrera, bereziki garrantzi sozial handiko gaiei aplikaturik: bikotekidearen kontrako indarkeria, sexu erasoak, jokorako adikzioa eta substantziarik gabeko adikzioak, eta antsietate nahasmenduak.

Lan ildo horietatik nazioarteko hainbat argitalpen plazaratu ditu, baita liburu esanguratsu eta doktore tesiak ere. Jokabide Terapien Ikerketarako Zentroaren ikerketa saria (Madril, 1990) edota Psikologoen Elkargo Ofizialaren ikerketa saria (Madril, 1994) jaso ditu, besteak beste.

Halaber, bikotekidearen kontrako indarkeria kasuetan laguntza psikologikoa emateko Jaurlaritzak, Emakundek eta aldundiek itundutako hainbat programa abian jartzearen ardura izan du Echeburuak, baita sexu erasoak jasan eta Justiziaren aurrean agertu behar izaten duten adin txikikoei babesa emateko protokolo baten ardura ere.

Echeburua irakaslearen lantaldeak diseinaturiko programak biktimen eta tratu txar emaileak artatzeko Euskadiko erreferentziazko zentroetan aplikatzen dira. Gainera, Bikote Barneko Indarkeria Arriskua Aurreikusteko Eskala ere diseinatu du talde horrek, eta hori da gaur egun ofizialki Ertzaintzak darabilen gailua.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos