Elikagaien kontsumoaren jarraipen pertsonalizatua egiteko app-a sortu dute

Erabat doan deskarga daiteke aplikazioa / EFE

Elika fundazioak "modu osasungarriagoan jan nahi dutenentzako baliabide egokia" egin du, gunero txosten bat sortzen duena dieta osasungarri eta orekatua egiteko gomendioekin, ondoren asteko txosten bat sortzeko

Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak gailu mugikorretarako aplikazio berri bat aurkeztu du ostegun honetan, Bilbon egiten ari diren nutrizioari eta osasunari buruzko 'Growing Young' sinposioaren barruan. App berriak aukera ematen dio erabiltzaileari elikagaien kontsumoaren jarraipena egiteko eta kontsumo hori dieta osasungarri eta orekatu batekin parekatzeko. Android eta iPhone gailuetan erabili daiteke, eta erabat doan deskarga daiteke hemen .

Bere arduradunek nabarmendu dutenez, aplikazio berria "modu osasungarriagoan jan nahi dutenentzako baliabide egokia da". Hautaketa pantaila erraz baten bitartez, egunero kontsumitzen diren jakien erregistroa eraman daiteke; hain zuzen ere, egunero txosten bat sortuko da, dieta osasungarri eta orekatua egiteko gomendioekin, eta asteko txosten bat sortuko da zazpi egun osatu ondoren.

Aplikazioa egiteko, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Nutrizio eta Bromatologia Saileko ikertaldeak aldez aurretik balioztatutako elikagai ingestaren erregistroa hartu da oinarritzat; erregistro hori Gasteizko Udalak diruz lagundu du. Gainera, SEDYN Dietetika eta Nutrizioaren Espainiako Zientzia Elkarteak ere esku hartu du aplikazioa osatzeko prozesuan.

Elika Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen fundazio bat da, eta Euskadiko elikagai segurtasuna hobetzea du helburu. Horretarako, administrazioei aholkularitza zientifikoa eta teknikoa ematen die, elikagaien segurtasunaren arloko politikak ezar ditzaten. Gainera, kateko langileei laguntzen die, elikagaien segurtasuna bermatzeko betekizunak ulertu eta aplika ditzaten. Halaber, elikagaien segurtasunaren arloan gaur egun garrantzi handiena duten gaien inguruko informazioa ematen du, euskal gizartea jakinaren gainean egon dadin eta balioa emateko.

'Growing young', gazte hazteko

Gailu mugikorretarako aplikazioa 'Growing Young' sinposioan aurkeztu da. Topaketa Bilbon egiten ari da, 'Food Health Tech' izenburupean, asteazkenean hasi eta bihar bukatuko dena. AZTI Itsas Berrikuntza eta Elikadurako Zentro Teknologikoak antolatu du, Lipigenia enpresaren eta Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzarekin.

Hiru egunetan, parte hartzaileek egungo gizarteak gainditzeko dituen hiru erronka handi izango dituzte aztergai: zergatik jaten dugun jaten duguna, zer dakigun nutrizioari eta elikagaiei buruz, eta nolakoa izango den elikaduraren eta gastronomiaren etorkizuna.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos