Elikaduraren inguruko beharrei ere eragiten die urteak pilatzen joateak

Euren elikaduraz arduratzen diren adinekoei zein euren kargura adinekoak dituzten pertsonei zuzentzen zaie batik bat gida./A. POPOV
Euren elikaduraz arduratzen diren adinekoei zein euren kargura adinekoak dituzten pertsonei zuzentzen zaie batik bat gida. / A. POPOV

Adinekoen elikadurari buruzko gida bat argitaratu du UPV/EHUk, «biztanleria orokorrari zuzendua»

Guztiok erreparatu beharko genioke arretaz jaten eta edaten dugunari, are gehiago gorputzak aldaketa nabarmenak pairatzen dituen bizitzaren aro jakin batzuetan; esate baterako, zahartzaroan. Hala ere, adin talde horretan elikaduraren inguruko interesa eta informazioa ez da beste batzuetan bezainbestekoa, ez behintzat behar adinakoa. Hutsune hori betetzen laguntzeko eta zahartzaro osasuntsuago baterako baliabideak eskaintzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak 'Guía práctica de alimentación para personas mayores' izenburuko liburua plazaratu du. Gaztelaniazko bertsioa baino ez duen gida honek nutrizioaren arloko gomendioak biltzen ditu, EHUk jakinarazi duenez.

Virginia Andia Gasteizko Udaleko San Prudentzio Adinekoentzako Zentro Integraleko dietista-nutrizionistak eta EHUko irakasleak diren Carlos Abeciak (Osasun Publikoa), Enrique Etxebarriak (Fisiologia) eta Alfredo Fernández, Iñaki Milton eta María Puyk (Farmazia eta Elikagaeien Zientziak) parte hartu dute liburuan. Egileen arabera, zahartzea prozesu konplexua, atzeraezina, progresiboa eta naturala da, eta organismoa ingurunera egokitzeko gaitasuna mugatzen duten aldaketa morfologiko, psikologiko, funtzional eta biokimikoak dakartza. Zahartze prozesuari lotutako aldaketek eragina dute adinekoaren nutrizioan eta elikaduran. Hori dela eta, adin horretan elikagaien premia espezifiko bat dago, eta horregatik dira kalteberak adinekoak nutrizioaren ikuspuntutik, ikuspuntu sozioekonomikotik eta osasunaren ikuspuntutik.

Beraz, adinekoek arreta soziosanitario handia eskatzen dute hainbat eremutan, eta eremu horietako bat nutrizio arreta da. Nutrizio arreta ezinbestekoa da prebentziorako eta ahalik eta nutrizio egoerarik onena lortzeko, eta kontuan hartu behar da osasunaren ikuspuntutik eta ikuspuntu psikologiko eta sozialetik bizi kalitate egokiarekin zahartzeko prozesuaren faktore nagusietako bat izango dela.

Halaber, zahartze tasak igoera handia izan du azken urteetan, bizi itxaropenaren gorakadaren eta arreta soziosanitarioaren hobekuntzaren ondorioz. Mundu osoan, Espainia bosgarren lekuan dago 80 urte eta hortik gorako biztanle gehien dituzten herrialdeen artean. Euskal Autonomia Erkidegoan, Eustat estatistika erakundearen datuen arabera, 1981etik 2013ra bitarte 65 urteko edo hortik gorako biztanleen proportzioa bikoiztu egin zen (%9,2tik %20,2ra). 2014an, emakumeen bizi itxaropena 85,4 urte zen, eta gizonena 78,9 urte; 2025erako aurreikuspenen arabera, emakumeen bizi itxaropena 88,4 urtera iritsiko da, eta gizonena 82,6 urtera.

Jarraibide egokiak

Horrela, EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu duen gidaliburuaren helburua adinekoen elikadura egokia izatea lortzeko jarraibideak ezartzea da. Adituek azaldu dutenez, «jarraibide horiek ematean, bizitzaren etapa horretako elikaduran eragina duten faktore ugari hartzen dira kontuan.

«Adibidez, adineko pertsonek zentzumenetan zein funtzio fisiologikoetan jasaten duten funtzionaltasun murrizketaren ondorioz egin beharreko egokitzeak ezartzen dira. Halaber, pertsona horiek jarraitzen duten tratamendu farmakologikoaren arabera hartu behar diren neurriak azaltzen dira. Hori oso garrantzitsua da; izan ere, botiken eta elikagaien arteko interakzioak ugariak dira, eta adineko pertsona askok botika asko hartzen dituzte«, azaldu dute.

Gidaliburuaren ataletan, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak, adinekoen patologiarik ohikoenak eta haientzat gomendatutako nutrizio premiak eta ahorakinak ezagutu ahal dira. Gainera, beste kapitulu batzuetan, alderdi dietetiko orokorrak azaltzen, botikek elikagaien erabileran dituzten okerreko ondorioak aipatzen eta dauden laguntza zerbitzuak deskribatzen dira. Adinekoen elikadura aztertzeko eranskin batzuk ere eskaintzen ditu.

Egileek adierazi dutenez, argitalpena «biztanleria orokorrari zuzenduta dago lehenik eta behin, eta, zehazkiago, oraindik autonomoak diren, bakarrik bizi diren eta, beraz, beren elikaduraz arduratzen diren adinekoei. Eta, halaber, adinekoak kargura dituzten pertsona gazteagoei. Bestalde, ez da ahaztu behar adinekoen ehuneko handi bat egoitzetan bizi dela. Horregatik, gidaliburu hau erakunde horientzat eta adinekoei janaria ematen dieten beste geriatria zentro batzuentzat ere bada. Azkenik, egoitza batzuetan janaria catering enpresek ekartzen dutenez gero, gidaliburu hau haientzat era baliagarria izan daiteke«.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos