EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateak Bikain ziurtagiria jaso dute

EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko sarrera, Donostiako kanpusean/Lusa
EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko sarrera, Donostiako kanpusean / Lusa

Euskal Herriko Unibertsitatean Bikain ziurtagiria duen fakultatea da Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiakoa. Iaz Informatikakoak eskuratu zuen

Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Bikain ziurtagiria jaso berri du Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak. Ziurtagiri honek enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du.

Orain arte enpresetan bakarrik aztertzen zen hori, baina iaz unibertsitateko ikastegiekin ere hasi ziren. Honela, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea da Euskal Herriko Unibertsitatean Bikain ziurtagiria duen bigarren ikastegia, pasa den urtean Informatika Fakultateak eskuratu ondoren.

J. Inazio Marko Juanikorena Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoaren esanetan, "prozesu honetan sartzea erabaki ondoren, lehenik eta behin Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean autoebaluazio moduko memoria bat egin genuen eta ondoren kanpo ebaluatzaileak etorri zitzaizkigun gure errealitatearen diagnosia egiteko eta baloratzeko nola kudeatzen den euskara fakultatearen irudian, erabiltzaileekin harremanetan, barne-komunikazioan, lan-jardueretan edota kudeaketa-sisteman bertan. Ebaluatzaileek egindako balorazioaren arabera tarteko maila gainditu eta zilarrezko ziurtagiria dagokigu. Hori baino garrantzitsuagoa da ebaluatzaileek atalez ataleko txostena bidali digutela, zentroaren diagnosi egituratua eskainiz, aurrerantzean zertan hobetu dezakegun azalduz eta proposamenak eginez. Orain abiapuntu bikaina dugu errekomendazio horiek guztiak jaso eta helburu berriak planteatzeko fakultate mailako Euskara Plan gidari batean".

Bikain Euskalit agentziak kudeatzen duen ziurtagiri ofiziala da, gizarte eta ekonomia alorreko erakundeetan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du. Ebaluazio bat egin ondoren eskura daiteke Bikain ziurtagiria. Ebaluazioak lau ardatz nagusi ditu: Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa; Kanpo harremanak; Barne harremanak; eta Hizkuntza kudeaketa. UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak gainditu egin ditu azterketa guztiak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos