EHUk 1.912 ikasle bidali ditu beste unibertsitate batzuetara ikasturte honetan

Atzerriko ikasleen agurra, ostiral honetan Donostian./
Atzerriko ikasleen agurra, ostiral honetan Donostian.

Beste unibertsitate batzuetako 1.415 ikasle hartu ditu, eta %12 egin du gora truke programetan etorritako ikasleen kopuruak

Euskal Herriko Unibertsitateak 1.415 ikasle bisitari hartu eta 1.912 ikasle bidali ditu beste unibertsitate batzuetara 2017/18 ikasturtean. Modu honetan, %12 egin du gora Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak kudeatutako truke programetan etorritako ikasleen kopuruak, eta EHUko ikasleak kanpora joateko mugikortasuna %8 inguru igo da.

EHUko mugikortasun programetan parte hartu duten ikasle bisitariak agurtzeko ohiko ekitaldia egin da ostiral honetan, Carlos Santamaria Zentroan, Donostian. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako campusetan ikasi diren hainbat herrialdetako ehun bat ikasle izan dira ekitaldian. Ekitaldiaren buru EHUko errektore Nekane Balluerka izan da, eta harekin batera egon dira Marta Barandiaran Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea eta Agustin Erkizia Gipuzkoako campuseko errektoreordea.

Ekitaldian, Erasmus Student Network (ESN) ikasleen elkarteko kideek egindako lana goraipatu dute agintariek, elkarte horrek aisialdiko ekintzak, txangoak eta gizarte izaerako ekimenak antolatzen baititu bertako nahiz kanpotik etorritako ikasleentzat.

Balluerkak adierazi duenez, «jakintzak, bereziki beste herrialde bateko unibertsitatean lortzen denak, buru hesiak eraisteko balio du, aurreiritziak desegiteko eta beste kultura batzuk ezagutzeko. Jakintzak balio du besteak hobeto ezagutzeko eta burua zabaltzeko. Eta gure jatorrizko herrialdera itzultzen garenean, esperientzia horrek eta irekitasun eta elkartasuneko balio horiek balio dezakete gure jatorrizko ingurunea aldatzeko ere«.

Halaber, Barandiaranek azpimarratu duenez, ikasle bisitariek eragin eraldatzailea dute EHUko campusetan, «leku toleranteagoak, aniztasunaz kontzienteagoak eta bestearekin elkartzeari irekiagoak» bilakatzen baitira.

Hazkunde handiena, Latinoamerikan

Esan bezala, 2017/18 ikasturtean, %12 egin du gora EHUn Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak kudeatutako truke programetan etorritako ikasleen kopuruak. Igoera esanguratsuena Latinoamerika programan gertatu da, bisitarien kopurua %28 areagotu baita joan den ikasturtearekin alderatuta. Beste Norako Batzuk programak ere emaitza bikainak izan ditu, %18,5eko igoerarekin.

Espainiako Estatuko beste unibertsitate batzuetara egindako mugikortasuna ere %15,6 igo da, 2016/2017 ikasturtetik. Erasmus+ programak, denetan ezagunenak, joera egonkorragoa izan du, %5,7ko hazkunde txikia izan baitu.

EHUko ikasleak kanpora joateko mugikortasuna % 8inguru igo da. Hain zuzen, 1.776 ikaslek bidaiatu zuten 2016/17 ikasturtean, eta amaitzear den ikasturte honetan kopurua 1.912 ikaslera iritsi da. Mugikortasun handieneko herrialdeak Txile, Italia eta Alemania dira.

Barandiaranek positiboki baloratu ditu datuak. «Unibertsitatea oso pozik dago bere mugikortasun programek izandako eskaera handia dela eta. Azken ikasturteetan ikusi dugunez, nazioarteko unibertsitate batean esperientzia bat bizitzea hautatu duten ikasleen kopuruak nabarmen egin du gora. Horrelako esperientzia bat guztiz aberasgarria dela irizten diogu; izan ere, horren bidez, ikasleek kultura arteko gaitasunak areagotzeko eta, askotan, beste hizkuntza bat ikasteko aukera dute», azaldu du.

EHUk 1.441 truke hitzarmen ditu indarrean munduko osoko 66 herrialderekin, besteak beste, Australia, Japonia, Hego Korea, Estatu Batuak, Kanada eta Kazakhstanekin. Une honetan, unibertsitate bazkideen kopurua handitzen ari da Japonian, eta orain dela gutxi EHUren eta Quebeceko Errektoreen Konferentziaren arteko truke hitzarmena berritzeari ekin zaio; konferentzia Quebeceko 11 erakunde publiko eta pribatu biltzen ditu.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos