Eguneratuta daude Hobelex eta Xuxen, euskarazko zuzentzaile nagusiak

Sistema eragile eta programa desberdinetarako eskaintzen dira bi zuzentzaileak./
Sistema eragile eta programa desberdinetarako eskaintzen dira bi zuzentzaileak.

Hobelex apirilean egokitu zuen UZEIk Microsoft Officeren bertsio berrienera, eta Elhuyarrek Xuxen 5.1 kaleratu du, Word 2016rako prestatutako bertsioa. Euskararen aldetik ere gaurkotu dituzte biak

Euskaraz idazteko orduan zuzentzaile baten laguntza estimatzen dutenek eguneratuta dituzte jada bi nagusiak: Elhuyarrek eta EHUko Ixa ikerketa-taldeak elkarrekin garatutako Xuxen eta UZEIren Hobelex.

UZEIk apirilean jakinarazi zuen Microsoft Officeren bertsio berrienera egokitutako lehen zuzentzailea zela Hobelex, eta Euskaltzaindiak martxoan argitaratuko azken arauaren informazioarekin eguneratua ere bazegoela bertsio berria. 2014an plazaratu zenetik, erabiltzaile askok baliatu dute Hobelex, aurreneko lexiko-zuzentzailea; hau da, akats ortografikoez gain akats lexikoak ere detektatzen dituen zuzentzailea.

Sistema eragile eta testu-prozesadore desberdinetarako eskaintzen da, doan, baina bulegotika-pakete hedatuenarekin (Microsoft Office-ekin, alegia) erabiltzen dute askok eta askok. Bertsio berria sarean jarri aurretik, baina, Microsoft Office 2013 bertsioa arte zegoen prestatua Hobelex, eta berriagoetan ezin zen instalatu. Word, Excel eta beste programa erabili batzuk biltzen dituen paketearen PCrako bertsio berrienera, Microsoft Office 2016ra, egokituta eskura daiteke jada.

Euskarari dagokionez ere azken-azkeneko arau eta gomendioekin dago eguneratua bertsio berria. Hobelexen azken bertsio honi dagokion plugina, aurrekoak bezala, hemen eskura daiteke. Eskuliburu berritua ere hortxe dago. Microsoft Officen ez ezik, LibreOffice bulegotika-paketearekin ere erabil daiteke Hobelex, baita UZEIren webgunean dagoen online bertsioan ere.

Xuxen 5.1

Xuxen zuzentzaile beteranoa ere egunera jarrita dago. Elhuyarren eta EHUko Ixa ikerketa-taldearen ia bi hamarkadako elkarlanaren emaitza ezagunena den zuzentzailea berritu egin dute eta Xuxen 5.1 bertsioa heldu da, Word 2016rekin bateragarria eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken aldaketekin eguneratua.

Xuxen 5 zuzentzaile ortografiko eta gramatikala plazaratu zenetik, alegia, Microsofek Office pakete berriak merkaturatu ditu, eta berrikuntzak izan dituzte hiztegiek. Aldaketa horietara guztietara egokituta dago Xuxen 5.1. Doakoa da, eta hemen eskuratu daiteke. Elhuyarrek ohar baten bidez adierazi duenez, «Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyarren hiztegietako azken aldaketak kontuan hartzen ditu zuzentzaile berriak zuzenketak eta proposamenak egiteko, eta ordenagailuko programarik berrienekin ere erabil daiteke».

Xuxenen bertsiorik ezagunena Wordekoa bada ere, beste hainbat programarekin erabil daiteke, bertsio guztiak berritu baitituzte. Hala, Microsoft Office osatzen duten Word, Excel, PowerPoint eta Outlooken ez ezik LibreOffice eta OpenOffice testu-prozesadoretan eta Firefox, Chrome eta Internet Explorer web-nabigatzaileetan erabil daiteke. Azken aukera horri esker mezu elektronikoetan, Interneteko foroetan eta blogetan idaztean ere erabil daiteke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos