Egonkortu egin da hartz arrea Kantabriar mendikatean

2011ko argazkian, bi hartz arre, ama eta kumea, Cabarcenoko parkean.
2011ko argazkian, bi hartz arre, ama eta kumea, Cabarcenoko parkean. / BERNARDO CORRAL

Arriskuan jarraitzen badu ere, azken urteetako bilakaera positiboa ari da izaten, kopuruan zein hedapenean. Gaur egun, 260-270 bat hartz egon daitezke

M. IMAZ

Azken sei urteetan, %8 eta %15 bitarteko hazkundea izan du urtero Kantabriar mendikatean hartz arre populazioak. 'Ursus arctos' espezieak desagertze arriskuan jarraitzen du , baina egonkortzea ez ezik hedatzen hastea ere lortu duela esan daiteke datuen arabera. Hala eta guztiz ere, oso-oso urruti dago gizakiaren presioa txikiagoa zen garaietan zeukan hedapenetik.

Aste honetan eman diren datuen arabera, 2016ko erroldak erabateko egonkortzea islatu du mendikatearen mendebaldean, non 34 hartz eme eta 57 hartz-kume dauden. Ekialdean ere ari dira suspertzen, 6 hartz eme eta 10 hartz-kume daudelarik. Bi gune nagusi horiek lau erkidegotako lurrak hartzen dituzte, Asturias, Galizia, Gaztela eta Leon eta Kantabriakoak alegia. Multzo handiena Asturiasen dago (29 eme eta 50 kume), bigarrena Gaztela eta Leonen (9 eme eta 14 kume) eta txikiena Kantabrian (2 eme eta 3 kume). Kontuan izan behar da mendebaldeko eta ekialdeko gune horiek aparte eta urrun samar daudela elkarrengandik. Bi multzoen ezaugarri genetikoak ere desberdinak dira, nahiz eta hasi diren beraien arteko harremanen batzuk izaten. Datuok, jakina, aske bizi diren animalei dagozkie. Eremu itxietan bizi diren hartz arrean ere badaude, hala nola Cabarceno parkekoak.

Segurtasun osoz zenbatu diren familiez gain, beste zortzi talde egon litezke, bost mendebaldean eta hiru ekialdean, nahiz eta horien presentzia ezin izan den oraindik erabat ziurtatu. Beraz, 2016ko datuak eta azken zazpi urteetako batez bestekoak aintzat hartuta, Kantabriar mendikatean 260-270 hartz arre daudela uste dute adituek.

Oviedotik 7 kilometrora

Ekialdeko gunean, Kantabriakoan, desagertzeko zorian egon zen hartz arrea, baina badirudi eman diola buelta egoerari. Mendebaldekoan, berriz, ez dira egonkortzera mugatzen, hedatzen ere hasi baitira. 2014ko errolda egiterakoan, esaterako, Oviedotik 7 kilometrora ikusi ziren hartz emeak kumeekin. Leonen ere ari dira eremu berrietara iristen. Herrietara gero eta gehiago hurbiltzen direnez, eta jendearengan oraindik oso presente dagoenez hartzarekiko beldurra, erakundeek 'Conviviendo con osos' egitasmoa jarri dute abian, jendeak hartzak hobeto ezagutu ditzan, ez dezan beldurrik izan eta alboratu ditzan haien aurkako jarrera erasokorrak.

Animalia edo familia bat begiztatzen denean, hartz arreak presentzia duen lau erkidegoetako teknikari eta basozainek elkarrekin egiten dute lan datuak ez bikoizteko, hartzak administrazioen arteko mugei erreparatu gabe ibiltzen baitira batetik bestera. Koordinazio horri esker, 2016ko txostenaren aurkezpenean Kantabriako Gobernuko ordezkariak adierazi zuenez, "inoiz izan den datu baserik onena dugu".

'Camille', 2008an egindako argazkian.

Erdi Aroan penintsula osora hedatuta zegoen hartz arrea 1989 urteaz geroztik dago ofizialki galtzeko zorian. Orduan ekin zioten autonomia erkidegoek lankidetzari, eta esan daiteke dinamika horren emaitza nahiko ona ari dela izaten Kantabriar mendikatean, Pirinioetan ez bezala. Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa lotzen dituen mendikate horretan bertako 200 bat hartz zeuden XX. mendearen hasieran, baina horren handia izan zen gizakiaren presioa non bakar bat ere ez den gelditzen 2004an azken emea, 'Cannelle' ezaguna, hil zutenetik. Baten batek jarraitu zuen bizirik, baina denak harrak zirenez desagertutzat jo zen Pirinioetan bertako hartza. Gaur egun hartzak egon badaude, baina Esloveniatik ekarritakoak eta haien ondorengoak dira. Aurrenekoak 1996-97 urteetan ekarri zituzten, eta lau emek eta har batek osatutako bigarren talde bat 2006an jarri zuten bizitzen beraientzat berria zen eremuan. Dirudienez oso ondo egokitu dira, eta gaur egun 40tik gora hartz leudeke Pirinioetako gunetan.

Nafarroan ez dago talde egonkorrik, baina badira tarteka Erronkari inguruan sartu-irtenak egiten dituzten pare bat hartz. 2016 urtean, esaterako, hamar aldiz egin zioten eraso artzainen ganaduari. Erasoak abuztuan eta irailean gertatu ziren Garde, Urzainki eta Izaba inguruetan. Kopuru txikia, edonola ere, 'Camille' famatua Nafarroara iritsi ondorengo lehen urteetan gertatzen ziren erasoekin alderazen bada: egon ziren alegia 40 eraso zenbatu ziren urteak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos