«Eduki hobeak behar ditugu, datu eta erreferentzia gehiagorekin»

Galder Gonzalez eta Aitzol Astigarraga.
Galder Gonzalez eta Aitzol Astigarraga. / UEU

Euskal komunitateak wikilari talde oso aktiboa dauka, baina horrek «ez digu balio behar bertan goxo egoteko»

Udako Euskal Unibertsitatearen 45. udako ikastaroak iritsi dira Baionara. Hain zuzen ere, Hizkuntzalari Euskaldunen III. Topaketekin hasi dira, eta hostegunera arteko egitaraua dute. 'Testu pragmatikoen itzulpena fr-eu konbinazioan', 'Hizkuntza praktika ekologikoak haurren hezkuntzan', 'Frantses Iraultza garaiko hizkuntza politikaren ondorioak Ipar Euskal Herrian', 'Talde dinamizazioa: hezkuntza herritarra eta bizipenetan oinarritutako metodologia' edota 'Euskara gaitasuna lantzeko tailerra' dira UEUk Baionara eraman duen proposamenaren osagai nagusiak.

Aurreneko egunean ere izan da tailer oso interesgarri bat, 'Wikidata tailerra: Wikipedia, Oteiza, Commons, Txillida, Wikidata, Basterretxea eta Wikipedia' tailerra, Aitzol Astigarraga eta Galder Gonzalezen ardurapekoa.

- Oteiza, Txillida eta Basterretxea eskultoreen lanak dokumentatzeko tailerra izango da?

- Aitzol: Bai, hiru eskultoreena ere aitzakia bat izan da. Adibide praktiko bat jarri nahi genion tailer honi. Azken finean guk nahi duguna Wikimedia familia osatzen duten proiektu ezberdinak ezagutzera ematea eta horiek elikatzeko edo lantzeko moduak erakustea izan da. Wikipedian artikuluak idatzi daitezke eskultoreei buruz, egindako obrei buruz. Bestetik, Wikidata obrei eta egileari buruzko datu-baseak egin daitezke, datu-base zehatzak, beraien eremuekin, beraien datuekin, datu-base eleaniztasunak, hizkuntza ezberdinetan erabili daitezkeenak. Eta gero hori guzti hori Commonsen irudiz eta bideoz hornitu dezakegu.

- Zer dira Wikipedia, Wikidata eta Wikimedia Commons?

- Galder: Wikipedia entziklopedia libre bat da. Proiektu libre bat, doakoa eta irekia. Edonork parte hartu dezakeena bere jakintza zabaltzeko eta helburua duena munduko ezagutza guztia guztien esku jartzea. Wikidata antzeko proiektu bat da, Wikipediarekin lotuta dagoena datuen ustiaketerako eta antolaketarako. Dokumentalistek erabiltzen dute, baina edozein esparrutan erabili dezakegu. Commons, berriz, irudi, bideo eta multimedia fitxategiak izango lirateke orokorrean. Guztiak dira proiektu berdinaren parte bat, guztiak dira Wikimediaren proiektuak eta orokortasun batean ulertzen ditugu.

- Nola lantzen ari zarete hori guztia?

- Aitzol: Sarrera orokor bat egin dugu denok kokatzeko, izan ere, publiko ezberdina etorri da: irakasleak, liburuzainak, dokumentalistak, museotan lan egiten duen jendea eta informatikariak etorri dira. Sarrera horretan Wikipedia, Commons, eta Wikidata zer den azaldu dugu. ALDEE elkartekoek adibide praktiko batzuekin erakutsi digute tresna horiek nola erabili daitezkeen lan ingurunean eta gero hiru tailer zehatz egin ditugu. Lehenbizikoa Wikidatari buruzkoa, bigarrena Wikidatari buruzkoa eta hori ustiatzeko moduak programazio tresnak erabiliz eta hirugarrena multimedia datu-base horretara edukiak nola igo eta gero eduki horiek nola erabili Wikimediako proiektu ezberdinetan lantzekoa. Arratsaldean, berriz, praktikan jarriko dugu ikasitakoa eta Editatoia eta Hackatoia egin dugu.

- Tailerraren azken helburua Wikipedia elikatzeko sarea handitzea da?

- Galder: Azkenean helburua da ahalik eta jende gehien edukitzea inguruan. Jakintza guztia guztien esku jartzea ezinezkoa da eskurik gabe. Horregatik, ahalik eta esku gehien edukitzea, ahalik eta erakunde eta aditu gehien proiektu honetan murgiltzea eta ahalik eta interakzio gehien lortzea nahiko genuke. Hau auzolan proiektua da eta horrela ulertuta, geroz eta esku gehiago, orduan eta jakintza hobea eta praktikoagoa izango da.

- Zein da memento honetan euskarazko Wikipediaren egoera?

- Aitzol: Wikipedien artean euskara 31ena da, beraz, ranking orokorra begiratuta eta euskara hizkuntza txikia dela kontuan hartuta, oso goian gaude. Baina horrek ez digu balio behar ezta ere bertan goxo egoteko. Uste dut hutsune asko daudela, egiteko asko dagoela. Euskal komunitateak wikilari talde oso aktiboa dauka, euskal Wikipedia 31. postu honetara eraman duena. Orain erronka da hori gizarteratzea eta arlo ezberdinetako jendearen ekarpenak biltzea: hizkuntza arlotik, liburuzainen arlotik, museoetatik… eta abar.

- Galder: Kantitatean ondo gaude. Hobeto egon gaitezke, artikulu berriak beti direlako ongi etorriak, baina orokorrean ondo kokatuta gaude. Daukagun erronka handiena kalitatearekin daukagu: eduki hobeak behar ditugu, datu gehiagorekin eta erreferentzia gehiagorekin. Eta horretarako behar ditugu esku gehiago eta jarduera gehiago: hor daukagu momentu honetan erronka. Bestetik, esan behar da gure hizkuntzaren tamainarako nahikoa ondo gaudela kokatuta, punta puntakoak garela wikidataren erabileran. Irudi, audio eta bestelakoen erabilera ona egiten dugu. Baina proiektu asko ditugu eta laguntza guztia ongi etorria izango.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos