Poliki-poliki, ari da handitzen euskararen erabilera EAEko ikastetxeetan

Artxiboko argazkian, haurrak jolasean ikastetxe bateko patioan./AFP
Artxiboko argazkian, haurrak jolasean ikastetxe bateko patioan. / AFP

Arrue Ikerketaren arabera, batez besteko erabilera orokorra %60koa da 9-10 urteko ikasleen artean, eta %42koa 13-14koen kasuan. Ez da datu makala, kontuan izanik 10etik 6k gaztelania dutela etxeko hizkuntza bakarra

N. AZURMENDI

2016ko hauteskundeek Eusko Jaurlaritzan eragin zituzten aldaketen ondorioz, 2017ra arte itxaron behar izan da 2015 urtean egindako Arrue Ikerketaren emaitzak ezagutzeko. Ostiral honetan aurkeztu dituzte Donostian Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendari Lucia Torrealdayk eta ikerketa zuzendu duen Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak. Ikasleen eskola giroko euskararen erabilera jasotzen duen ikerketa 2004an hasi zen egiten, baina aurreneko urteetan ikastetxeren batzuk baino ez zuten parte hartzen proiektuak, euren borondatez. Horrenbestez, orientagarri eta lagungarriak baziren ere, lagin txiki bati zegozkion aurreneko urteetako emaitzak.

2011 urteaz geroztik, bi urtean behin egiten den Ebaluazio Diagnostikoaren baitan jasotako datuak baliatzen dira erabilerari buruzko txostena osatzeko. Hortaz, ebaluatuak izan ohi diren Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako neska-mutil guztien datuak jasotzen dira. Ikerketak, hortaz, EAEko 9-10 eta 13-14 urteko ikasle guztien errealitatea islatzen du. 2015ekoak, gainera, berritasun esanguratsu bat ekarri du: 2013an LH4n ebaluatua izan zen talde bera zegoen 2015ean DBH2n eta, hortaz, aurreneko aldiz egin ahal izan da datuen "azterketa longitudinala"; hau da, 2013an ume eta 2015ean nerabe izandako horien bilakaera ezagutu ahal izan da, euskararen eskolako erabilerari dagokionez.

Oro har, esan daiteke Arrue Ikerketaren entrega berriak ohiko joera nagusiak berretsi dituela, eta berriren batzuk azaleratu. Eta, erakutsi duela mantso bada ere goranzko bidean dela euskararen erabilera eskola-giroan, nahiz eta ez den hazi neurri berean egoera eta adin guztietan. Ereduaren edo haurraren lehen hizkuntzaren eragina ere argi gelditu da, baita eskola-orduetatik kanpoko jardueretan erabiltzen den hizkuntzarena eta ikaslea inguratzen duen giroarena ere.

"Hezkuntza sistema ari da ikasleak euskalduntzen, baina mugak ditu, eta kanpotik lagundu behar zaio eskolari euskaldunagoa izaten, batez ere gelaz kanpoko jardueretan" maite alonso, hezkuntza sailburuordea

Hezkuntza Sailak eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean garatzen duten proiektua aurkeztean, horren garrantzia azpimarratu du Maite Alonso sailburuordeak, sekulako informazioa eskaintzen baitu eskola-munduan euskararen erabilera normalizatzeko neurriak hartzeko orduan eraginkorragoak izateko. Egoera deskribatzeaz eta horretan eragiten duten faktoreak identifikatzeaz gain, alegia, Arrue Ikerketaren helburuetako bat baita "egiten diren ekinaldiei etenik hoberena nola atera pentsatzeko eta adosteko ebidentzia enpiriko garrantzitsua bildu eta sistematizatzea".

Ohiko joerak...

Esan bezala, ikerketaren azken edizioak aurrekoen ildo nagusiak berresten ditu: gehiago erabiltzen dute ikasleek euskara gelan gelatik kanpo baino; gehiago irakasleekin ikaskideekin baino; gehiago LHn daudenean DBHra iristen direnean baino. Hain zuzen ere, ikasleei galdetzen zaie eskolako lau egoera jakinetan (irakasleekin gelan, ikaskideekin gelan, irakasleekin jolaslekuan, ikaskideekin jolaslekuan) zein hizkuntza erabiltzen duten: zenbat denbora igarotzen duten euskaraz mintzatzen, eta zenbat gaztelaniaz edo beste hizkuntzaren batean (ingelesa indartsu omen dator...). 0tik 100erako tartean finkatzen da euskararen erabilera, eta portzentajetan ematen da. Euskarari dagokion datutik 100era bitartekoa gaztelaniari dagokio, edo beste hizkuntza batzuei. Lau egoera horietako erabilera kontuan izanik, 'Eskolako erabilera orokorra' kalkulatzen da, eta hori da ikasleak eskolan dauden bitartean egiten duten hizkuntza-erabilera laburtzen duen adierazlea.

Datu nagusietara mugatuta, LH4ko ikasleen eskolako erabilera orokorra %59,4koa da. Hau da, egoera guztiak kontuan hartuta denboraren erdia baino gehiago euskaraz aritzen dira. Irakasleekin gelan hitz egindakoaren ia hamarretik zortzi euskaraz izaten da (%79,9). Irakasleekin gelatik kanpo ari direnean ere altua da euskararen erabilera, %66,8koa. Ikasle horien euskarazko erabilerarik baxuena, aldiz, ikaskideekin jolaslekuan izaten da, non euskarazko erabilera, batez beste, %40,9koa den. Nabarmentzekoa da ikasleak ikaskideekin gelan ari direnean erabileraren %68,2 euskaraz dela, kontuan izanik EAEko ikasleen gehiengoak ez duela euskara etxean jasotzen lehen hizkuntza gisa. Izan ere, hamarretik bik baino ez dute euskara lehen hizkuntza. Datuok, jakina, batez bestekoak dira, eremu soziolinguistiko, lurralde eta eredu guztiak hartzen dituzte kontuan. Ereduka, Martinez de Lunak argitu zuen bezala, oso nabarmenal dira aldeak. LH4ko ikasleen artean, esaterako, A eredutik (%8,6 euskaraz) D eredura (%70,4 euskaraz) LHn ia 62 puntuko aldea dago.

"Emaitzak hasi dira islatzen guraso gazteek euskararen alde egiten ari diren ahalegina" Iñaki Martinez de Luna, soziolinguista, ikerketaren zuzendaria

DBH2ko ikasleen kasuan, batez besteko erabilera orokorra %42,3koa da, eta euskarazko hizkuntza-erabileraren proportzioa nabarmen aldatzen da irakasleekin edo ikaskideekin ari badira. Irakasleei hitz egiten dietenean, joera nagusia euskaraz egitea da: gela barruan %70 eta gelatik kanpo%61,9 dira, batez beste, euskarazko erabilerak. Aldiz, ikaskideekin ari direnean, joera nagusia gaztelaniaz aritzea da eta datuak nabarmen baxuagoak dira: %38,3 ikaskideekin gelan eta %23,6 jolaslekuan.

Bilakaerari dagokionez, 2011. urtean lehen aldiz neurtu zirenetik 2015era euskarazko erabileren bilakaera orokorra positiboa izan da aztertutako bi ikasmailetan: LH4ko ikasleen eskolako erabilera orokorrak 3 puntu egin du gora lau urteko epe horretan (%56,4tik %59,4ra) eta DBH2koenak 2,4 puntu (%39,9tik %42,3ra).

... eta berriren batzuk

Honezkero ohiko bilakatu diren joerak berresteaz gain, berriren batzuen zantzuak ere azaleratu ditu ikerketaren azken edizioan, garrantzitsua izan delarik arestian aipatutako 'azterketa longitudinala' egin ahal izateak eman duen informazioa. Zentzu horretan, LHko haurren eta DBHko nerabeen arteko aldeari erreparatzea argigarria izan daiteke, gauzak aldatzen ari direla iradoki baitezake. 2011urteko datuak aintzat hartuta, LH4koen eta DBH2koen arteko aldea, erabilera orokorrari dagokionez, 16,5 puntukoa zen. 2015ean zabaldu egin da alde hori, 17,1 puntura helduta, handiagoa izan delako euskararen erabileraren hazkundea gazteagoen artean.

Baina alderatzen bada 'belaunaldi' bera-hau da, 2001ean jaiotakoak; 2013an LH4n zeudela eta 2015ean DBH2n ebaluatuak izan diren neska-mutiko berberak- aldea 14,1 puntura jaisten da, adieraziz, aurreneko irakurketa batean, gero eta irmoago eusten dietela hizkuntza ohiturei haurtzarotik nerabezarorako jauzia egin arren. Iñaki Martínez de Lunak bi faktore aipatu ditu, beste asko kontuan hartu behar direla azpimarratuz betiere, erabilera orokorraren hazkundea nahiz adinen arteko aldearen murrizketa argitzeko. Batetik, D ereduaren hedapena. Bestetik, Inkesta Soziolinguistikoak ere argi utzi zuen familia bidezko transmisioaren suspertzearen eragina, gero eta gehiago baitira, askotan erdaldun elebakar jaiotako guraso euskaldunen ahaleginari esker, lehen hizkuntza euskara duten haurrak. Hala ere, aurreratu bezala, gutxiengoa da oraindik egoera horretan dagoena. LH4ko ikasleen artean, %21,4k zeukaten soilik euskara lehen hizkuntza (biak, euskara eta gaztelania, %15,7k, eta gaztelania hutsa gainerakoek). DBH2koen kasuan, %20,2rentzatzen euskera lehen hizkuntza (biak, euskara eta gaztelania, %14,5entzat, eta gaztelania hutsa gainerakoentzat). Oro har, esan daiteke EAEko 10 haur eta nerabetik 6k gaztelania jaso dutela etxean.

Eta hori garrantzi handiko faktorea da, batez ere oraindik erreferentzia nagusia familia duten LH4ko haurrentzat. 13-14 urteko direnean, berriz, "gehiago bustitzen ditu kaleko giroak", Martinez de Lunaren hitzetan, eta handiagoa da giro sozialaren eta euskararen kaleko eta aisialdiko erabilera orokorraren eragina. Eta, ikerketaren zuzendariak berak esan duenez, "familia giroa ez da garrantzitsuena. Garrantzi handiena dute eskolaz kanpoko jarduera antolatuetan erabiltzen den hizkuntzak eta ingurune sozialak". Hortaz, erabakigarriak izan daitezke "familiaren interesak" eta seme-alabak "jarduera batera edo bestera bidaltzeko orduan hartzen diren erabakiak".

Zeren eta, Alonso sailburuordeak esan bezala, "argi dago hezkuntza sistema ari dela belaunaldi berriak euskalduntzen, baina baditu bere mugak. batez ere arlo ez formaletan. Eskolak berak kanpoko laguntza behar du euskaldunagoa izateko, eta eremu ez formal horiek euskalduntzen jarraitzeko".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos