«Pertsonek egiten dituzte hiriak, baina hiriek berezko dinamikak ere hartzen dituzte: elkarren arteko menpekotasuna funtsezkoa da»

Ismael Garcia EHUko ikertzailea / Nuria González

'Vitoria-Gasteiz y su hinterland. Evolución de un sistema urbano entre los siglos XI y XV' lana plazaratu du Ismael Garcia EHUko ikertzaileak, hiriaren sorrera eta bilakaera aztertuz

DV
Miércoles, 3 enero 2018, 14:50

Euskal Autonomia Erkideko hiriburuaren jatorri eta bilakaeraren inguruko liburu bat argitaratu berri dute. Lanak Vitoria-Gasteiz du xede eta mendetan zehar izan duen ibilbide historikoan sakontzen du. Arkeologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko Erdi Aroko Historian doktore den Ismael Garcia Gomezen 'Vitoria-Gasteiz y su hinterland. Evolución de un sistema urbano entre los siglos XI y XV' lana doktore tesi bat da, egileak bi hamarkada ikertzen igaro izanaren ondorio.

Hala ere, argitu dute ez dela "Gasteizko historiari buruzko liburu huts bat". Zientzia eta metodologia esperimentu bat da, gehienbat, Vitoria-Gasteiz ikerketa kasutzat, froga eremutzat hartzen duen saiakera bat. Bertan, arkitekturaren eta arkeologiaren ikuspegitik abiarazita, denboran zehar bere hiri itxura egituratu duten eraikin nagusien historia berritzen saiatu da egilea.

"Bi ekarpen egiten ditu nire ustez -adierazi du Garciak-: Doktore tesi bat da noski eta, ondorioz, ekarpen metodologiko garrantzitsua egiten duen lan akademiko bat da. Hau da, hiria aztertzeko aplikatu duen planteamendua, mende zehatz batzuk ikertu ordez hiriaren historia epe luzera aztertu nahi izan duena. Eta, bestetik, bere arreta Vitoria-Gasteizen jartzen badu ere ikerketak, hiriaren historiarako, Arabaren historiarako eta Euskadiren historiarako ekarpen bat da".

"Lan hau derrigorrezko erreferentzia historiografikoa izango da urte luzez. Talde konpromisoaren, 20 urte bete dituen eta ibilbide konplexu batean zehar gauzatu den prozesu baten emaitza da", EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko (OEIT) Agustin Azkarate Garai-Olaunek.

Historiaren arloan, askotan, aurrerapenak ikuspegi berrien aplikazioaren emaitza dira, informazio berrien aurkikuntzaren ondorio, eta hori izan da, hein handi batean, EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeak Gasteizko Santa Maria Katedralean egin dituen ikerketen kasua. Erdi Aroko hiri fenomenoaren ikuspegi berri bat eskaini digu: ezusteko hiri baten, buruan genuen horretatik oso urrun dagoen hiri baten aurrean jartzen gaitu.

Ikuspegi horretatik abiatuta, bere harresien, lehen komentuen (San Frantzisko, Santo Domingo eta Santa Klara), parrokia-elizen (Santa Maria, San Pedro, San Ildefontso, San Migel eta San Bizente) eta egungo hiri historikoa egituratu zuten kaleen eraikuntza bilakaera aztertu da. "Hiriko gauzen materialtasunean jarri dugu gure arreta, bai, baina horien atzetik dauden gizarte, ekonomia eta politika mailako amarruak aztertu ditugu ere bai. Pertsonek egiten dituzte hiriak, baina hiriek beren berezko dinamikak ere hartzen dituzte eta dinamika horiek, beren aldetik, pertsonen idiosinkrasia baldintzatzen dute; elkarren arteko mendekotasun hori funtsezkoa izan da gure ikerketan", azaldu du egileak.

Temas

Euskera
Secciones
Servicios