Nafarroa Oinez inklusiboa, altsasuarren erronka

Beste xehetasun batzuekin batera, leloa eta logoa aurkeztu dituzte Iñigo Aritza ikastolako ordezkariek./NIE
Beste xehetasun batzuekin batera, leloa eta logoa aurkeztu dituzte Iñigo Aritza ikastolako ordezkariek. / NIE

Lau herritako ikasleak hartzen dituen Iñigo Aritza ikastolak 2018ko urriaren 21ean egingo den festa aurkeztu du

Esan daiteke neurri batean 2018an jaioterrira itzuliko dela Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen aurreneko festa Altsasuko ikastolak eta Etxarri Aranazkoak antolatu baitzuten elkarlanean, 1981 urtean. Etxarri Aranatzek eta Altsasuk ikastola bana sortu ostean, 1993an, Iñigo Aritza ikastolak bere bigarren Nafarroa Oinez festa antolatu zuen, eta 2005ean hirugarrena. Datorren urtekoa, beraz, laugarrena izango dute. "Urteak aurrera egin eta ikastolaren proiektuak bere horretan jarraitzen badu ere, gure ibilbidearen hasieran sortutako azpiegiturak zaharberritze baten beharrean daude. Horixe da besteak beste, aurtengo helburuetako bat. Hori eta gure hezkuntza eredua sendotzen eta zabaltzen jarraitu, ikastolan eta kalean, euskara eskolan bai baina kalean ere ezaguna eta erabilia izan daitezen", adierazi dute, laugarren Oinez honen zio nagusiak aurkeztean.

Data badu 2018ko Nafarroa Oinez festak, urriaren 21a, eta leloa ere bai, 'Bizi'. "Lelo laburra eta ausarta, gure ustez indar handia duena, alaia, irekia eta positiboa. Ilusioa, indarra eta gogoa adierazten du bote-prontoan, eta, hain zuzen ere, leloak duen zabaltasuna da bere indar nagusiena", azaldu dute. Lelo labur eta zuzen horrekin bilatu dute "jende asko identifikatua sentitzea". Elementu nagusia lorea da, eta "lore horren eraikuntzan Iñigo Aritza ikastolaren eta Oinezaren hainbat zutabe ikusi ditzakegu". Lehenik, BIZI leloarekin lotura zuzena duen bihotza "lorearen petaloek itxura hori baitute". Bestalde, lau bihotzez osatutako lorea da, Iñigo Aritza lau herrik osatzen baiute: Ziordia, Olazti, Altsasu eta Urdiainek.

Lau herri hauekiko erreferentzia gisa erabili dituzte lau kolore desberdin logoan zehar, et petaloak zirkulu batean elkartzen dira. Horrela, "gure ikastola elkarlanean dagoen komunitate baten gisara irudikatzen dugu", azaldu dute.

"Aurten erronka berri bat dugu eskuartean: Nafarroa Oinez inkusiboagoa egitea", esan dute. Urteak daramatza ikastolak inklusibitatearen aldeko apustua egiten, "pertsona guztientzako kalitatezko hezkuntza baten bidean eta ikasleen aniztasunari arreta jarriz". Oraingoan, berriz, "ikastola espazio fisikotik atera eta aisialdian benetako pausu kualitatibo bat emateko erronka abian dugu. Honela, Oinez inklusibo bat diseinatu eta garatzeko apustua egiten dugu. Gaurtik hasi eta egingo ditugun ekitaldi eta jarduera guztietan inklusiboak izaten ahaleginduko gara, hori da gure apustua eta gure erronka". Iñigo Aritza ikastolaren izenean mintzatu dira Eneida Carreño lehendakaria eta Ibai Iriarte zuzendaria.

Lesakarren balantzea

Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparazekin batera, Amaia Lasheras eta Aitor Iratzoki Tantirumairu ikastolako lehendakaria eta zuzendaria ere izan dira ekitaldian, azken balantzea aurkeztu baitute lesakarrek.

Egindako "auzolan erraldoiarekin" pozik azaltzeaz eta jendearengandik jasotako erantzuna biziki eskertzeaz gain, barka eske hasi dute saioa. "Hainbertzeko jende oldea izanik, eguerdi partean ilarak sortu ziren herritik kanpoko aparkalekuetatik zirkuitora eramaten zuten autobusak hartzeko, baita arratsaldean ere, zirkuitotik aparkalekuetara joateko. Tantirumairu ikastolak barkamena eskatu nahi die esperoan egon behar izan zutenei eta aldi berean eskerrak eman erakutsi zuten pazientziagatik. Zorionez, ez zen bertzelako arazo handirik izan eta giro bikainean joan zen eguna", esan dute.

Zenbait datu emate aldera, "aipagarria da 67 familia bertzerik ez dituen ikastola batek 1.500 boluntario mugitu zituela Nafarroa Oinez egunean (urte osoan aritutakoaz gain) eta goraipatzekoa Baztan, Igantzi eta Beratik laguntzera etorritako jende pila. Ingurumen arloan, edukiontzietan bildutakoaren %80 birziklatu da. Osasungintzari dagokionez, 98 pertsona artatu zituzten osasun zerbitzuek: 37 zauri sendatu zituzten, 10 intoxikazio etiliko eta 2 traslado egin behar izan ziren. Lesakara hurbildu zen jendetzari dagokionez, eguerdi partean 25.000 lagun estimatu zuen Foruzaingoak aparkalekuetan utzitako ibilgailuak kontuan hartuz (105 autobus, 4.426 auto eta 429 autokarabana), baina arratsaldean ere jende aunitz hurbildu zen Lesakara eta zaila da kopurua zehaztea".

Amaitzeko, beraiek bizi izan dutena opa diete Altsasuko Iñigo Aritza ikastolakoei ere, "urte guziko auzolana eta gero bestondo gozoa izan dezatela".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos