Lankidetza hitzarmena berritu dute 'la Caixa' Gizarte Ekintzak eta Euskadiko Lanbide Heziketak

Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Juan Pedro Badiola, Euskadi eta Cantabriako CaixaBank-eko lurralde zuzendaria./
Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Juan Pedro Badiola, Euskadi eta Cantabriako CaixaBank-eko lurralde zuzendaria.

Lanbide Heziketako ikasleen enpresa proiektuen artean banatuko dira elkarlan horretara bideratuko diren 114.000 euroak

'la Caixa' Gizarte Ekintzak eta Euskadiko Lanbide Heziketak duela bi urte abian jarritako lankidetza hitzarmena berritu dute ikasturte honetan ere, Lanbide Heziketako ikasleen ekintzailetza egitasmoei bultzada ematen jarraitzea delarik akordioaren xede nagusia. Donostian burutu den sinadura ekitaldian izan dira Juan Pedro Badiola, Euskadi eta Cantabriako CaixaBank-eko lurralde zuzendaria, Jorge Arevalo, Lanbide Heziketako sailburuordea, Iñaki Mujika, Tknikako zuzendaria; eta Lidia Alcerreca, Ikaslan Gipuzkoako kidea, Ikaslan Araba eta Bizkaia ere ordezkatuz.

Hitzarmenari esker, 'la Caixa' Gizarte Ekintzak finantziazioan laguntza emango die Urratsbat programaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxeetan 2017-2018 ikasturtean ikasleek sortutako enpresei. Hain zuzen ere, Lanbide Heziketako ikasleei beren enpresa sortzen laguntzea du helburu nagusia Urratsbat programak.

Zehazki, 114.000 euro bideratuko ditu elkarlan honetara. Ikaslan elkarteak (Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak batzen dituen Elkartea) funts hori dagoeneko legalki osaturik dauden Lanbide Heziketako ikasleen enpresa proiektuen artean banatuko du, betiere enpresok Urratsbat programaren bidez 2017-2018 ikasturtean sortuak badira. Horrez gain, bideraturiko diru-kopuruaren zati bat ekintzaile-kultura sustatzeko eta Urratsbat programari zabalkundea emateko ekintzetara ere bideratuko da.

Akordioak, era berean, 52 beka eskaintzea ere jasotzen du. Beka horiek Ikaslan elkarteko ikastetxeek Erasmus+ programan praktikak egiteko aukeraturiko ikasleei zuzenduko zaizkie, bidaia gastuak ordaintzeko lagungarri.

Juan Pedro Badiolaren hitzetan, «Tknikarekin daukagun hitzarmen hau la Caixa Gizarte Ekintza 2014tik hona gazteen langabeziaren aurka egiteko ezartzen ari den planaren baitan kokatzen da, gazte guztiengana iristen saiatzeko urtero milioi bat euro baino gehiago bideratuz. 2018 honetan hitzarmen horietako batzuk berritzen ari gara, eta beste eragile batzuengana hedatzen, ekintzailetza eta auto-enpleguaren aldeko ahalegina indartuz. Beste ildo batean, 'Incorpora' programa ere garatzen du Euskadin, gizarte bazterkeriaren arriskuan dauden pertsonei lana errazten diena. Programa honek 2017an 864 lagun txertatu ditu lan merkatuan 428 enpresarekin lankidetzan, eta autoenpleguaren bidez, 44 enpresa berri sortzen lagundu du».

%70k jardunean jarraitzen dute

Urratsbat programa 2004-2005 ikasturtean abian jarri zenetik, bertan parte hartzen duten ikastetxeek 1.965 ekintzailetza-proiektu tutorizatu dituzte. Hala ere, daturik esanguratsuena sortutako enpresa kopuruari dagokiona da: 2004-2005 ikasturtetik 738 enpresa sortu dira Urratsbat programaren bidez, ikasleek eurek Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan sortuak. Horietatik 87 joan den 2016-2017 ikasturtean bakarrik sortu zituzten. Egun, 13 urte hauetan zehar sortu diren enpresa guztien artetik %70ek jardunean jarraitzen dute.

Bestalde, 2016-2017 ikasturtean Ikaslan Elkarteko ikastetxeetako 304 ikaslek (184 Goi Mailako Zikloetako ikasleak, eta 120 Erdi Mailako Zikloetakoak) Europako hainbat herrialdetan praktikak egin zituzten, Erasmus+ mugikortasun programaren bidez. Polonia, Italia, Bulgaria, Finlandia, Alemania, Irlanda, Erresuma Batua edo Herbeheretara joan ziren, besteak beste, euren prestakuntza osatzera. Era berean, Ikaslan ikastetxeetako 12 irakaslek ere aukera izan dute Europako beste herrialde batzuetan Lanbide Heziketaren garapen maila bertatik bertara ezagutzeko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos