Industriaren alorreko prestakuntza zikloetako ikasle ia denek dute lana

Robotika taillera HETEL-eko kide den Urnietako Salesiarretan./
Robotika taillera HETEL-eko kide den Urnietako Salesiarretan.

Gizarte Ekimeneko LH-ko ikastetxeak biltzen dituen HETEL-ek egindako inkesta batek erakutsi du 2016-2017 ikasturtean zehar graduatu ziren ikasleen %80 lanean ari direla

HETEL Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak 2016-2017 ikasturtean graduatu ziren 3.244 ikasleen artean egindako inkesta batek erakutsi du industriaren alorreko prestakuntza zikloak burututako ikasleen ia %100 ari zirela lanean egindako ikasketekin bat zetorren enplegu batean. Prestakuntza ziklo guztiak kontuan hartuta ikasketak amaitu eta sei hilabetera %80koa zen laneratze tasa. 2.623 ikaslek erantzun ziotenez inkestaren, guztizkoaren %81aren egoera islatzen dute zehazki emaitzek.

EAEko hiru lurraldeetako 23 ikastetxetan 10.000 ikasletik gora hartzen dituen elkarteak ohar baten bidez adierazi duen bidez, "hori izan daiteke, oro har, euskal Lanbide Heziketaren aurkezpen gutuna". Laneratze tasa errealari dagokionez, honako hauek dira ehunekorik handiena duten zikloak: robotika, fabrikazio mekanikoa, soldadura eta galdaragintza, eraikuntza metalikoak, mikroinformatika sistemak eta sareak, energia eraginkortasuna eta eguzkiaren energia, mekatronika industriala, garraioa eta logistika, eraikuntza proiektuak, arotzeria eta altzarigintza, eta erizaintzako zaintza osagarriak. Horiek guztiek % 85etik gorako lan munduko laneratze tasa dute.

Aitzitik, laneratze tasarik txikiena duten zikloen artean, ortoprotesia eta laguntza produktuak (% 40), obra zibileko proiektuak (% 33), hozteko eta girotzeko instalazioak (% 42), moldaketa bidez konformatzeko prozesua (% 43), eta instalazio elektrikoak eta automatikoak (% 43) aurkitzen diren. Txostenak eskaintzen duen beste datu interesgarri bat da graduatu diren ikasleen % 82k beren prestakuntzarekin bat datorren enplegu batean lan egiten dutela.

Emakume gutxi industrian

Lanbide Hezikea erakargarria da EAEko gazteentzat, eta %50ek ibilbide hori aukeratzen dute unibertsitatera joan beharrean. Azken urteetan, matrikulazioek etengabe egin dute gora. Gainera, horien artean emakumeak dira erdiak. Nolanahi ere, txostenak aurreko urteetako joera irmoa berresten du, eta industriaren alorreko zikloek emakumeen ehuneko minimoa islatzen jarraitzen dute. Hala, industria ikastaro bat egitea aukeratzen duten emakumeen ehunekoa 6 edo 7 ingurukoa da. "Ehuneko hori geldirik mantendu da azken 10 urteetan", azaldu du Julen Elgetak, HETELeko lehendakariak.

Ziklo batzuetan emakumezkoen hegemonia nagusitu arren −estetika eta edertasuna, ile apainketa, jarduera komertzialak (% 100), dekoraziorako laguntza (% 95), laborategi klinikoa eta biomedikoa (% 88) edo administrazio kudeaketa (% 84)−, beste ziklo batzuetan, emakumezkoen presentzia anekdota hutsa da, "eta hori kezkatzeko moduko gaia da, horiek baitira enplegu indizerik handiena duten zikloak". Horrela gertatzen da, esaterako, ziklo hauekin: beroa sortzeko instalazioak, mantentze elektromekanikoa, automozioa, instalazio elektriko eta automatikoak, mekanizazioa, soldadura eta galdaragintza, moldaketa bidez konformatzeko prozesua eta sistema elektrotekniko eta automatizatuk. Ziklo horietan, emakumeen ehunekoa % 0ren eta % 4ren artean kokatzen da.

LH Duala, eraginkorra

Era berean, Euskal Lanbide Heziketa Dualak enplegua bilatzeko orduan duen eraginkortasuna azpimarratu du azterketak. Hala, 2016-2017 ikasturtean zehar, HETELeko 460 ikaslek aukeratu zuten modalitate hori, eta horietatik 355ek inkestari erantzun diote. Inkestatik argi eta garbi ondoriozta daiteke, ia prestakuntza ziklo guztietan, kasuan kasuko modalitatea amaitu eta sei hilabetetara, lan munduko txertaketa nabarmen handiagoa dela gainerako ikasleen batez bestekoa baino. Garraioaren eta logistikaren adarretan, adibidez, laneratze tasa % 49tik % 100era igotzen da ikasleek LH Duala egin ondoren. Hori da, halaber, haur hezkuntzari edo mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari dagozkien familien kasua, horietan, laneratze tasa % 70etik % 100era igotzen baita. Edonola ere, LH Duala egiten duten ikasleek, lan aukerak areagotzeaz gain, % 100eko laneratze tasa izaten dute familia askotan.

Azkenik, oso ohikoa da erdi mailako zikloetako ikasleek goi mailako zikloetan ikasten jarraitzea. Gaur egun, horietatik % 34 inguru kualifikazio profesional handiagoa eskainiko dieten zikloak ikasten ari dira. Goi mailako beste ziklo batean edo unibertsitatean ikasten jarraitzen duten goi mailako zikloetako ikasleen ehunekoa, berriz, % 23 ingurukoa da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos