«4.0 Industriak 4.0 Pertsonak behar ditu»

Ezkerretik eskuinera, Cristina San Salvador, Nerea Lupardo eta Julen Elgeta Hetek sarien aurkezpenean./
Ezkerretik eskuinera, Cristina San Salvador, Nerea Lupardo eta Julen Elgeta Hetek sarien aurkezpenean.

Hetel sarien aurkezpenean, Julen Elgeta LHko itunpeko zentroen lehendakariak nabarmendu du «premiazkoa» dela industria adarrak aukeratzen dituzten nesken ehunekoa handitzea

Euskadiko ekimen sozialeko Lanbide Heziketako ikastetxeak biltzen dituen Hetel elkarteko lehendakari Julen Elgetak, elkartearen izena daramaten eta hilaren 16an emango diren sarien aurkezpenean, nabarmendu du «4.0 Industriak 4.0 Pertsonak» behar dituela, eta LH «buru-belarri» ari dela lanean horretan, «zenbait eragilerekin lankidetzan».

Hain zuzen ere, 23 ikastetxe eta 10.000tik gora ikasle biltzen dituen elkarteak «erronka horrekin konprometituta dauden« hiru erakunde -« 4.0 Pertsonen balio kateko hiru eragile»-, nabarmendu nahi izan ditu sarien seigarren edizioan: Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea, Ekide eta Confebask. Sarea sarituko dute, «gazteak, neska zein mutil, teknologiaren eta industriaren inguruan sentsibilizatzeagatik, eta hori lortzeko ekintzak abiarazteagatik»; adibidez, LHko zentro publikoak biltzen dituen Ikaslanek eta Hetelek antolatuta EAEko hiru parkeetan martxoan egiten den Esperientziaren Foroa.

Bigarren saritua Ekide da, ingeniaritza sektoreko Arrasateko enpresa, produktu berriak garatu eta fabrikatzen dituena. «Lanbide Heziketako gazteak kontratatzen ditu, LHko zentroetako programetan hartzen du parte, eta ikasleak trebatzen eta haiei gaitasunak ematen saiatzen da, beren mundu profesionalean ondo molda daitezen», nabarmendu dute sarien aurkezpenean. Hirugarren saritua Confebask izango da, «araudiak arautzen laguntzen duelako Lanbide Heziketako ikasleekin egiten diren hainbat ekintza gauzatzeko, enpresak sentsibilizatzen dituelako eta horrelako ekintza eta kontratazioetan parte hartzera bultzatzen dituelako, bai eta LPko (Lantokiko Prestakuntza) gazteak saritu eta aintzatesten dituelako ere».

Bi gauza deigarri

Julen Elgetak gogorarazi du Euskadik Lanbide Heziketako ikasleak behar dituela, batez ere industria adarretan, ez baita betetzen enpresen eskaria, trebakuntza maila handiagoa behar delako. Lanbide Heziketako laneratze tasa, ordea, ia % 100ekoa da. «Enpresa industrialek teknikari gaituak behar dituztenez, lanpostu jakin batzuk bete ezinean dabiltza«, adierazi du. Hala ere, bi gauza nahiko deigarri gertatzen dira: batetik, ez dira betetzen LH industrialeko postuak, eta, bestetik, nesken % 5ek bakarrik aukeratzen dituzte familia profesional hauek.

Hetelek egin berri duen ikerketa batek agerian utzi duenez, industriaren alorreko prestakuntza zikloak egiten dituzten ikasleen ia % 100ek beren ikasketekin bat datorren enplegu bat lortzen dute sei hilabeteko epean. Hauek dira laneratze ehuneko handiena duten zikloak: robotika, fabrikazio mekanikoa, soldadura eta galdaragintza, eraikuntza metalikoak, mikroinformatika sistemak eta sareak, energia eraginkortasuna eta eguzkiaren energia, mekatronika industriala, garraioa eta logistika, eraikuntza proiektuak, arotzeria eta altzarigintza, eta erizaintzako zaintza osagarriak, horiek guztiek % 85etik gorako lan munduko laneratze tasa baitute.

Euskal Lanbide Heziketari esker, gazteen % 50ek lanbide heziketa aukeratzen dute unibertsitatera joan beharrean. Azken urteetan, matrikulazioek etengabe egin dute gora. Gainera, horien artean emakumeak dira erdiak. Nolanahi ere, ikerketak aurreko urteetako joera irmoa berresten du, eta industriaren alorreko zikloek emakumeen ehuneko minimoa islatzen jarraitzen dute. Hala, industria ikastaro bat egitea aukeratzen duten emakumeen ehunekoa % 6 edo % 7 ingurukoa da. «Ehuneko hori geldirik mantendu da azken 10 urteetan», azaldu du Julen Elgetak, HETELeko lehendakariak.

Beraz, EAEko Lanbide Heziketak bi erronka ditu. «Batetik, gazte horiek 4.0 Industriarako trebatzea, baita zeharkako gaitasunekin ere, aldaketa teknologikoak hain azkar gertatzen direnez, trebakuntza berehala geratzen baita zaharkituta; eta, bestetik, premiaz igotzea industria adarrak aukeratzen dituzten nesken ehunekoa», azpimarratu du Elgetak.

Heteleko lehendakariak ekitaldia babestu dutenen ordezkariekin batera egin du agerraldia; Cristina San Salvador del Valle BBK-ko gizarte eragineko arduradunarekin eta Nerea Lupardo Euskalteleko Erakunde Harremanen zuzendariarekin.

Nerea Lupardok azpimarratu duenez, «gure enpresaren gizarte erantzukizunak gazteen aldeko apustua egin du, belaunaldi arteko erreleboa egiteko talentu berria txertatzearen aldekoa, eta, bereziki, Lanbide Heziketaren eta ekintzailetzaren aldekoa. Unibertsitateekiko eta HETEL osatzen duten LHko ikastetxeekiko gure konpromisoarekin, lan munduan lehen pausoak eman nahi dituzten gazteen proiektuak lagundu eta bideratu nahi ditugu. Gaur egun, lan munduak 4.0 profilak eskatzen ditu».

Bestalde, Cristina San Salvador-ek esan du «BBK-k Lanbide Heziketarekin eta gazteekin duen konpromisoa bere ezaugarrietako bat izan dela azken hamarkadetan». Gainera, «Lanbide Heziketari loturiko laneratze-ratio bikainak» azpimarratu ditu; izan ere, «enplegagarritasunaren batez besteko tasak %70 baino handiagoak dira, eta horrek esan gura du Euskadin LH ikasketak egiten dituzten 3 gaztetatik 2 praktikak egiten dituzten enpresek edo jarduera-sektore bereko beste batzuek kontratatzen dituztela azkenean».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos