Lehen aldiz, auto-ebaluazio sistema probatu dute EAEko 21 ikastetxetan

Bi egunez ariko dira lanean nazioarteko adituak Bilbon./
Bi egunez ariko dira lanean nazioarteko adituak Bilbon.

Ikuskaritzaren egitekoari buruzko topaketaren irekiera ekitaldian eman du proiektu pilotuaren berri Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak

Estonia, Portugal, Erresuma Batua eta Zeelanda Berritik etorritako hezkuntza-ikuskaritzako adituak Ikuskaritzak ikastetxeen ebaluazioan eta auto-ebaluazioan duen zereginaz ariko dira bi egunez Bilbon. Eztabaida eta gogoeta saioez gain, arlo honetan dituzten esperientziak partekatuko dituzte, «jomugan harturik beti ere nork bere hezkuntza sistemaren kalitatearen hobekuntza».

Irekiera hitzaldian, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ebaluazioak hobekuntzarako tresna gisa duen garrantzia nabarmendu du. «Bereziki atsegin gertatzen zait ikustea, nazioarteko bilkura honek helburu duela hezkuntza-sistemen hobekuntzarako aurrerapausoak egitea. Uste dut sobera ezaguna dela ebaluazioen alde egin izan dudan defentsa, hobekuntzarako tresna gisa ulerturik. Benetan sinesten dudalako defendatzen dut ebaluazioaren kultura», esan du.

Uriarteren ustez, «zerbaitetan hobera egin ahal izateko lehen urratsa, izan hezkuntzan, izan bizitzako beste edozein arlotan, egoera zein den albait zehazten ezagutzea da: non dauden indarguneak, eta are garrantzitsuagoa, non egin behar den ahaleginik handiena». Sailburuak, gainera, aurreratu du ikasturte honetan zehar Euskadin ekimen berritzailea jarri dela abian. «Lehen aldiz, auto-ebaluazio sistema baten pilotajea egin dugu, Lehen Hezkuntzako eta DBH-ko 21 ikastetxeren parte-hartzearekin. Diseinatu eta exekutatu da, eta orain emaitzak aztertzen hasi beharra dugu» adierazi du, nabarmenduz ekimen berria abian jarri ahal izateko ezinbestekoa izan dela Ikuskaritza, Euskalit Fundazioa eta Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiaren arteako elkarlana.

Lan isilaren aitortza

Urteek aurrera egin ahala Hezkuntza-ikuskaritzak Euskadin izan duen bilakaera ere errepasatu du sailburuak, bere zereginak ugarituz, ebaluazioaren gaian erabat inplikatu arte. «Benetan azpimarratu nahi nuke Ikuskaritzak azken urteotan egin duen ibilbidea. Lan isila egitetik, egindako lanaren gaineko aitortza jasotzera pasatu gara», baieztatu du. Zuzendaritza taldeen ebaluazioaren inguruan Ikuskaritzak eginiko lan garrantzitsuaz ari zen horrela Uriarte, edo irakasleen ebaluazio-sistema berri bat diseinatzeko Euskadiko Ikuskaritzak gidatu zuen ekimen europarraz. «Erasmus+ programaren baitan, eta Italia, Portugal, Lituania, Errumania, Erresuma Batua nahiz Zipre lagun genituela, Europako Batasuneko herrialde guztiek orain eskura duten sistema bat diseinatu zen. Euskadiko Ikuskaritzaren lidergoarekin egindako lan horrek lanabes garrantzitsu bat emateaz gain, nazioarteko gure harreman sarea hedatzen ere lagundu zigun».

Euskadiko Hezkuntza Ikuskaritza berriki sartu da Europako Hezkuntza Ikuskaritzak biltzen dituen SICI elkartean. Elkarte honek Maltan joan zen urrian eginiko azken bileran hasi zen forma hartzen egun hauetan Bilbon –Euskadik antolaturik- burutzen ari den bilkura.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos