Borrar
Angels Domingoren hitzaldi-tailerrak interes handia piztu du. I.E.
Ikastolek galdetu dute ea «sare publikoari begira» ari den lantzen hezkuntza akordioa

Ikastolek galdetu dute ea «sare publikoari begira» ari den lantzen hezkuntza akordioa

25. Jardunaldi Pedagogikoen hasierako hitzaldian hainbat kezka plazaratu ditu Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak

Viernes, 2 de marzo 2018, 17:51

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

150 irakasle eta pedagogo baino gehiagoren parte-hartzearin hasi dira ostiral honetan Hernaniko Orona Ideo aretoan Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagokikoak. Angels Domingo eta Federico Malpica pedagogia doktoreek eman dituzten tailerrak izan dira eguneko hitzordu nagusiak. Jardunaldiak bozgorailu izan dira, halaber, une honetan Ikastolen Elkarteak dituen hainbat kezka zabaltzeko.

'Hezkuntza loraldatzen. Etorkizuneko irakasleari begira' gaiaren inguruan egingo dira aurten Jardunaldiak. Irakasleari begira, eta "irakaskuntza hobetzeko praktika gogoetatsu sistematikoan" fokua jarrita aurreneko saioan. Bigarren saioa, azkena, datorren ostiralean egingo da, martxoaren 9an, leku berean.

Parte-hartzaileei luzatu dien agurrean, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk nabarmendu du ikastolen ibilbidean Jardunaldiek izan duten garrantzia. "Jardunaldiotan oinarri sendo batzuk jarri ditugu, gero ikastolara eraman ditugun proiektu berriak ezartzeko", azaldu du, eta zenbait adibide jarri ditu: "Konpetentzietan oinarritutako pedagogiaren gainean egindako jardunaldiak, haur eta lehen hezkuntzari buruzkoak, KIVAri buruzkoa... Horiek ondoren ikastoletara eraman ditugun proiektuen ernamuinak izan dira: euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako pedagogia, haur hezkuntzako markoa, KIVA programaren ezarpena, Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra …".

Hezkuntza Legearen premia

EAErako Hezkuntza Lege baten premia ere azpimarratu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta horren aurreko faseaz, hezkuntza akordio baterako ibilbideaz mintzatu da, orain arte jorratu den bideaz, eta argitara eman den dokumentuaz.

Ikastolek egin dizkiote ekarpenak testuari, eta orokorki "proposatu den bide pedagogikoarekin (eraldaketaren beharra aipatzen delako, konpetentzietan oinarritutako ikas-irakas prozesua, ikasleen irteera profilaren garrantzia, ebaluazioaren papera eta oinarrizko printzipioak, ….)" bat datozela adierazi du Tellituk. Hala ere, deitoratu du "bi oinarrizko gai" ez direla jorratu.

"Hogeita bost urteotan izan dugun aukera handiena dugu eskuartean Hezkuntza Sistema osoarentzako lege bat egiteko"

koldo tellitu, ikastolen elkarteko lehendakaria

Lehenengoa da Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren osaketa eta ezaugarriak. "Badakigu Hezkuntza Sailak nahita alboratu duela gai hau orain jorratzea, baina guk ezinbestekoa ikusten dugu mahai gainean jartzea. Izan ere, dokumentu osoan egiten diren proposamen gehienak administrazioaren titularitatepeko ikastetxeei begira daude eginak, eta ez du aurreikusten, ezta gauzatzen ere, zeintzuk izango diren beste ikastetxeen egitura eta ezaugarriak", azaldu du. "Horregatik, kezka bat sortu zaigu, lehenbailehen argitzea komeni dena: Berriro ere, 1993n bezala, sare publikoari begira egiten den akordio bat lantzen ari gara, ala Hezkuntza Sistema osoarena?"

Dokumentuan "Administrazioaren papera eta proposatzen diren norabideak gauzatzeko Administrazioaren betebeharrak" zeintzuk izan beharko liratekeen oso gutxitan azaltzen direla ere esan du Tellituk. "Badakigu aurkeztutako dokumentua ez dela zehaztapen guztiak azaltzeko egina, baina bai bakoitzaren konpromisoak azaltzeko, eta kasu honetan ez dira ikusten Administrazioaren konpromisoak eta betebeharrak", esan du.

Beste kezka bat ere badutela, gaineratu du. "Jakinaren gainean gara, Eskola Kontseilua dagoeneko hasia dela gai honetan lanean; bigarren fasea abiarazi dute, beraz. Ikastolok ez gara Eskola Kontseiluko kide, ezta beste eragile batzuk ere. Horregatik, dei egiten dugu foro horretan ere hezkuntza eragileok parte hartzeko aukera bideratzer".

Edonola ere, ikastolak bide horretan aurrera egiteko konprometituta daudela azpimarratu du: "Hogeita bost urteotan izan dugun aukera handiena, bakarra esango nuke, dugu eskuartean Hezkuntza Sistema osoarentzako lege bat egiteko, eta horretan gogor jardungo dugu ikastolok".

Espresuki aipatu du Tellituk Hezkuntza Sailaren ordezkarien falta. Ikastolen Elkarteak egunaren berri emateko zabaldu duen oharrean dioenez "Jardunaldi Pedagogikoak egiten direnetik, lehen aldiz ez da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkaririk izan". Koldo Tellituk deitoratu egin du "duela egun batzuk Hezkuntza Sailetik ordezkaritza baten presentzia ziurtatu, eta azken orduan planto egin izana". "Nabaria da hutsunea, eta, aitortzen dut, penaz hartu dugula ez etorri izana, bereziki testuinguru honetan gaudenean, eta gure jardunaldiek mende laurden bat bete dutela ere ospatzen ari garenean", esan du.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios