«Hezkuntza sistemaren diagnosia egiteko beharrezkoak dira kanpo-ebaluazioak»

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea./
Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea.

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak egin du itxierako hitzaldia Ikastolen Elkarteak antolatutako 25. Jardunaldi Pedagogikoetan

Ostiral eguerdi honetan amaitu dira Hernaniko Orona Ideon, bigarren saioarekin, Ikastolen Elkarteak antolatutako 25. Jardunaldi Pedagogikoak. 'Hezkuntza loraldatzen. Etorkizuneko irakasleari begira' leloarekin, gela barruko jardunean jarri dute arreta aurtengo jardunaldiek, edo zehatzago, irakaslearen jardunean, prestakuntzan eta etorkizuneko profesionalen profilean.

Hezkuntza alorreko adituek hizpide izan dituzte hezkuntza emozionala, irakastearen egiteko zail baina atsegina, eta etorkizuneko irakasleen profila, beste zenbait gairen artean. Itxierako hitzaldian, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak jardunaldi hauetan jorratu diren gaiek une honetan Hezkuntza Sailak dituen lau ardatz nagusiekin duten "harreman estua" nabarmendu du.

Irakaste-prozesua konpetentzietan oinarritua eta haiei lotutako prozesu gisa planteatu da jardunaldi hauetan, "Hezkuntza Sailetik bultzatzen den modu berean". Alonso sailburuordeak gehitu duenez, "bai irakasleen prestakuntzak, bai metodologia aldaketak, bai irakaslearen profilak, denek dute jomugan ikaslea eta ikaslearen irteera profila".

Zentzu horretan, ikasleen irteera profila neurtzeko ebaluazioek duten garrantzia azpimarratu du Maite Alonsok. "Ikasleen etapa amaierako irteera profila erabat lotua dago konpetentzien garapenarekin, eta hori neurtzeko dira garrantzitsuak ebaluazioak. Ebaluazioa tresna ezinbestekoa da ikastetxeetan egiten duzuen lana hobetzeko", zehaztu du, eta azken hilabeteetan ikastetxeetako zuzendariekin izandako bileretan egin duen moduan, aurten Hezkuntza Sailak egingo dituen kanpo-ebaluazioak, eztabaidatuak ere badirenak, hartu ditu hizpide: "Hezkuntza sistemaren diagnosia egiteko, sistema bera hobetzeko asmoz, beharrezkoak dira. Horrek esan nahi du guztion parte-hartzea, sistema osatzen duzuen ikastetxe guztien parte-hartzea, ezinbestekoa dela eratutako laginak esanguratsuak izan daitezen", azpimarratu du Maite Alonsok.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos