HETELeko Lanbide Heziketako 124 ikasle dabiltza Erasmus+

Europan barreiatzen hasi aurretik egindako bilera bati dagokio argazkian. /HETEL
Europan barreiatzen hasi aurretik egindako bilera bati dagokio argazkian. / HETEL

Europako bederatzi herrialdetako 13 enpresa eta erakundetan ari dira honezkero hiru hilabeteko praktikak egiten

Lanbide Heziketak ere badu ikasleen prestakuntza akademiko eta pertsonala Europan osatzea ahalbidetzen duen programa, Eramus + izenekoa. HETELeko zentroetako LHko 124 ikaslek izan dute aukera hori ikasturte honetan, Erasmus + programari esker Europako bederatzi herrialdetako 13 enpresa eta erakundetan ari dira praktikak egiten.

Horren berri emateko HETELek zabaldu duen oharrean irakur daitekeenez, "gero eta ohikoagoa da ikasleak atzerrira joatea, eta hainbat arrazoirengatik egiten dute: xede-herrialdeko hizkuntza hobetzeko, curriculuma zabaltzeko eta, azken aldi honetan, praktikak egiten diren enpresan enplegu-aukera bat bilatzeko. Gainera, gero eta Euskadiko enpresa gehiago ari dira nazioartekotzen, eta beraz, gure enpresetako teknikariek eta profesionalek bidaiatzeko prest egon behar dute. HETEL elkarteko ikastetxeetan, gure 'abantean' jarrerari leial, ikasleek hiru hilabeteko praktikak egiten dituzte Europako enpresetan, Erasmus+ programari esker".

Hain zuzen ere, 124 ikasle (haietatik, 32 neskak dira), Oinarrizko Lanbide Heziketako eta erdi- eta goi- mailako heziketa-zikloetako bigarren mailakoak, "Europako puntako enpresetan daude honezkero, eta han jarraituko dute ekainera arte". 124 ikasle hauetatik 56 Bizkaikoak, 39 Gipuzkoakoak eta 29 Arabakoak dira.

Europako zenbait herrialdetako enpresetan praktikak egiten dira, hala nola Italiako, Holandako, Irlandako, Frantziako, Alemaniako, Txekiar Errepublikako, Erresuma Batuako, Maltako eta Poloniako enpresetan. Egun ikasleek honako enpresa eta erakunde hauetan egiten dituzte praktikak, besteak beste: Krakoviako Unibertsitate Ospitalean, Eindhovengo Shapewaysen, Maltako Garraio eta Azpiegituretako Ministerioan edo Milango Asilo Nido e Scuola d´Infanzia Happy Child.

Praktikak amaitzean, enpresa eta erakunde horien % 20k lan-kontratua eskaintzen diete ikasleei, eta haietako batzuek onartu egiten dute.

Ekimen honetan HETEL duela 10 urte baino gehiago hasi zen aktiboki parte hartzen. Ekimena Erasmus+ mugikortasun-programen baitan dago (Lanbide Heziketako ikasleentzat).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos