Helduen euskalduntzean bi ikertzaile gaitzeko beka deialdi bat onartu du Jaurlaritzak

Maizpide euskaltegiko ikasleak, artxiboko irudian/J. M. López
Maizpide euskaltegiko ikasleak, artxiboko irudian / J. M. López

Donostiako HABEren egoitzan "hizkuntzaren didaktika aplikatuaren metodologiagintzan" aditu gisako prestakuntza jasotzeko, urtarrilaren 29a baino lehen eman beharko da izena

Eusko Jaurlaritzak 66.800 euro onartu ditu astearte honetan gobernu bileran, helduen euskalduntzean bi ikertzaile gaitzeko, beka deialdi baten bitartez. Ekimenaren helburua da hizkuntzaren didaktika aplikatuaren metodologiagintzan aditu gisako prestakuntza eskaintzea. HABE erakundean arituko dira bekadunak, 20 hilabetez Donostiako egoitzan, hain zuzen.

Jaurlaritzako arduradunen esanetan, HABEren egitekoen artean daude helduei euskara irakasteko metodologiagintzaren eremuan ikerketa sustatzea eta bere helburuak lortzeko irakasbide eta tresna egokiak bilatzea, eta horrela, jakintza esparru horretan ikertzaileak gaitzeko bi bekatarako deialdia egin du. Ikerketa eremu berriak zabaldu eta landu nahi ditu HABEk, eta, zehazki, helduen euskalduntzearen curriculumgintzan zein ebaluazio egiaztatzegintzan adituak prestatzeko aukera eskainiko da.

Deialdi honetara aurkeztu nahi dutenek honako baldintza nagusiak bete beharko dituzte: batetik, unibertsitateko goi mailako titulazioa edukitzea, batez ere pedagogia, hizkuntzalaritza edo filologia eta soziologia arlotakoa; bestetik, gutxienez, euskararen C1 ezagutza maila egiaztatua izatea.

Bekaren xedearekin estuki lotuta dagoen bestelako ikastaro, argitalpen edo lan eskarmentu merezimendu bezala baloratuko da, deialdia xedatzen duen ebazpenean zehaztutako irizpideen arabera. Eskaerak aurkezteko muga 2018ko urtarrilaren 29a da. Eskaerak aurkezteko modua eta deialdiaren xehetasun eta jakingarri guztiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpenean daude jasota.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos