«Haurra zoriontsu izatea» da haur eskolen egiteko nagusia

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua jardunaldien irekieran./
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua jardunaldien irekieran.

Haur eskolaren eta familiaren arteko lotura estuaren beharra nabarmendu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Haurreskolak Partzuergoak antolatu duen VII. Jardunaldi Pedagogikoaren irekieran

'Haurreskoka abegikorra! lelopean ekin dio Eibarren Haurreskolak Partzuergoak VII. Jardunaldi Pedagogikoari. 160 inguru lagun bildu dira, haur eskoletako hezitzaile eta hezkuntza alorreko adituak denak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak zabaldu duen jardunaldian. Haur eskolen esperientziak partekatu, Vicenc Arnaiz psikologo menorcarraren hitzaldi biak jarraitu, edo Haurreskolak Partzuergoa egokitzapen aldiaren inguruko dokumentua nola ari den lantzen ezagutzeko parada izan dute goizean zehar.

Irekiera hitzaldian, jardunaldiaren gai nagusiari heldu dio Cristina Uriarte sailburuak: haur eskoletan umeei eta familiei egiten zaien harrera edo abegiari, eta harrera egiteko prozedura hori ondo prestatzearen garrantzia azpimarratu du. «Haur eskoletara etortzen diren haurren adina dela eta, lau hilabetetik bi urte bete arteko adina, urte osoan zehar gaude haur eta familiei harrera egiten, eta prozesua ondo prestatzeko beharra dago, eskolan ditugun haur eta familiei nahiz hasiko direnei begira», azaldu du. «Familia bat etortzen den lehenengo momentua eta familia horrek aurkezten digun umea bakarrik geratzen deneko momentua, trantsizio momentu bezala bizi behar dugu. Umearen ongizatea bilatuz, hezitzaileak familiaren ohituren inguruko informazioa lortzeko, hainbat estrategia eraikita izan beharko ditu. Izan ere, ume horiek familiak dituen egiteko modutara ohituta eta lotuta daude. Lotura hauekin koherentzia bat mantentzea ezinbestekoa izango da, osatzen eta garatzen ari den umearengan, ahalik eta haustura txikiena gertatu dadin», adierazi du Cristina Uriartek.

«Interes berbera»

Hezkuntza sailburuak nabarmendu du haur eskolen egunerokoan ezin dela ahaztu hezitzaileek zein familiek interes berbera dutela. Batzuek zein besteek «haurrentzat ahalik eta hoberena lortu nahi dute, ongizateari dagokionez. Beraz, helburu berbera daukagu: haurra zoriontsu izatea. Hau lortu behar dugu hasieratik, lehenengo harrera egiten dugunetik, elkarrekin lan eginez» baieztatu du.

Euskadin indarrean den Haur Hezkuntzako curriculuma gogora ekarriz, Uriartek azaldu du Haur Hezkuntza «eginkizun partekatua» dela. «Familia eta eskola dira haurraren sozializaziorako eta garapenerako lehen testuinguru edo guneak. Haurraren autonomia lortzen laguntzea eta haren ahalmenak garatzea dira bien helburu. Funtsezkoa da elkarrekiko konfiantza eta onarpeneko harremanak ezartzea», esan du.

Hezitzaileek burutzen duten lanaren garrantzia aitortu ondoren, sailburuak gogorarazi du Administrazioa haiei ahalik eta lan baldintza egokienak ematen saiatzen dela, «zuen lanak, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzuak, familien itxaropena bete dezan. Zuen eskuetan daude pertsona baten bizitzako etaparik garrantzitsuenetako egunak», esan die.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos