Gero eta gazte gehiagok hautatzen dituzte Lanbide Heziketako ikasketak

Artxiboko argazkian, ikasle talde bat institutu batean./AFP
Artxiboko argazkian, ikasle talde bat institutu batean. / AFP

Euskadiko ikasketa ez-unibertsitarioetan 420.264 ikasle aritu ziren 2016-17 ikasturtean, Eustatek zabaldu berri dituen datuen arabera

Eustatek zabaldu berri duen 'Eskola-jardueraren estatistika. 2016-17'-ren arabera, ikasturte horretan ikasketa ez-unibertsitarioren batean 420.264 ikasle aritu ziren EAE, aurreko kurtsoan baino %0,3 gehiago. Ikasle gehien dituzten Araubide Orokorreko ikasketetan (387.545 ikasle, %92, +%0,5), estatistika horrek aintzat hartzen ditu HH (Haur Hezkuntza), LH (Lehen Hezkuntza), DBH (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), Batxilergoa, Lanbide Heziketa (oinarrizkoa, erdi mailakoa eta goi mailakoa), hala nola Hezkuntza Berezia eta Helduen Hezkuntza. Araubide Bereziko ikasketetan (hizkuntzak, musika, kirola, arte plastikoa eta diseinua, dantza, arte dramatikoa), berriz, 33.000 inguru ikasle ibili ziren ikasturte horretan. Gipuzkoaren kasuan, 140.723 ikasle ibili ziren Araubide Orokorrekoetan, eta 8.678 Araubide Berezikoetan 8.678.

Matrikula kopuruari dagokionez, egonkortasun moduko bat islatzen duen batez besteko %0,3 horrek bi joera esanguratsu estaltzen ditu: irakaskuntza sisteman lehen urratsak egiten ari diren Haur Hezkuntzako umeen matriluken %2,4ko murrizketa, eta maila guztietako Lanbide Heziketaren gorakada. Hala, goi mailako LH-n (21.012 ikasle, horietako 7.576 Gipuzkoan) %6,5ekoa izan zen hazkundea, %3,2koa erdi mailakoan (14.438, horietako 4.640 Gipuzkoan) eta %7,4koa oinarrizkoan (4.385, horietako 424 Gipuzkoan). Erorketa handiena, %9koa, Helduen Hezkuntzan (14.090, horietako 4.162 Gipuzkoan) gertatu zen.

Gero eta gazte gehiagok egiten du beraz Lanbide Heziketaren aldeko hautua, naiz eta derrigorrezko hezkuntza amaiturik, ikasleen %68k batxilergora jotzen duten, eta %32k aukeratzen duten maila ertaineko modulu profesionalen bat. Zentroen titulartasunaren araberako matrikulazioari dagokionez, Orokorreko ikasketetan, antzeko ikasle kopurua egon zen zentro publiko eta pribatuetan. Lanbide Hezkuntzan, berriz, 10 matrikulatatik 6 ikastetxe publikoetan egin ziren. Oinarrizko Lanbide Heziketan, ordea, kontrako joera dago, metrikulen %72 zentro pribatuei baitagokie. Helduen Hezkuntzan eta Araubide Bereziko ikasketetan zentro publikoek hartzen dituzte ikasle ia denak.

Neska eta mutilen arteko aldeak

Ikasleen sexuari erreparatuta, Batxilergoan neska eta mutilen antzeko kopurua dago, baina Maila Ertaineko Lanbide Heziketan ikasleen bi heren mutilak dira. Aldeak daude halaber Batxilergo eta Lanbide Heziketako modalitateak aukeratzean. Batxilergoko modalitateetan, neska gehiago daude guztietan, Zientzietan izan ezik (%48). Arte eta Giza Zientzietako Batxilergoan hiru ikasletik bi neskak direla azpimarra daiteke.

Maila Ertaineko Lanbide Heziketan, eskainitako hogei familietako bostetan baino ez dira neskak gehiengoa: Irudi Pertsonala (%94), Zerbitzu soziokulturalak eta komunitatearentzakoak (%77), Osasungintza (%75) Elikadura industria (%62) eta Administrazioa eta Kudeaketa (%60). Merkataritza-marketinean, eta Kimikan neskak eta mutilak antzeko proportzioetan daude. Gainerako familietan mutil gehiago daude dezenteko aldez.

Goi Mailako Lanbide Heziketan, esan bezala, 21.012 ikaslek egin zuten matrikula; haietatik %35 neskak izan ziren eta erdiek 24 urte edo gehiago zituen. Kasu honetan ere, dio Eustatek "generoak baldintzatzen du aukeratutako espezialitatea. Horrela, neskek gehiago jotzen dute irudiaren mundura, pertsonen zaintzara, elikadurara, ehungintzara eta jantzigintzara".

2016-17 ikasturtean, Euskal AEko Administrazioak emandako beka eta laguntzak 54 milioi euroraino iritsi ziren, eta 126.644 ikasle izan ziren onuradunak, guztien %31. Ia diru laguntza guztia Araubide Orokorrekoentzat izan zen (%99,8). Lehen hezkuntzak %47 jaso zuen; Haur Hezkuntzak, %22 eta DBHk %19. Irakaskuntza Espezializatuetara 130.000 euro inguru zuzendu ziren. Zentro publikoek laguntzen bi heren jaso zituzten, eta zentro pribatuetako ikasleek 19 milioi jaso zituzten guztira.

Hizkuntza ereduei buruzko informazioa ere biltzen du estatistikak. Araubide Orokorreko ikasketetan ikasleen %66 D ereduan matrikulatu ziren, %18 B ereduan eta %15 A ereduan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos