«Familiek jakin behar dute zer gertatuko den haurreskolekin irailean»

Bi ume txiki, jolasean./A. SMANYUK
Bi ume txiki, jolasean. / A. SMANYUK

18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat haurreskolak doakoak izatea onartu zuen Legebiltzarrak. EH Bilduk egotzi dio Hezkuntza sailburuari «akordio parlamentarioa urratzea»

Joan den martxoan, adostasun handiz -talde guztiek eman zuten baiezko botoa, abstenitu zen PPk izan ezik-, Eusko Legebiltzarrak eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, EH Bilduren proposamen bat onartuz, datorren irailetik aurrera EAEko haurreskolak doakoak izatea 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat.

Izen-emate garaian daude une honetan haurreskolak. Eskariak entregatzeko epea ostiral honetan itxi da, alegia, eta ekainaren 15ean argitaratuko dira behin-behineko zerrendak. Horixe gogoratu du hain zuzen EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak, eta Hezkuntza Sailari «akordio parlamentarioa urratzea» egotzi dio. Aurreratu du, halaber, EH Bilduk mozioa aurkeztuko duela «akordioa betearazteko».

Hori dela eta, Rebeka Uberak kontuak eskatu dizkio Legebiltzarrean Cristina Uriarte sailburuari, eta exijitu dio Parlamentuaren agindua bete dezala eta, hortaz, datorren irailetik aurrera haurreskolak doakoak izan daitezela 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat. EH Bilduk hala eskatuko du berriz ere mozio baten bitartez, gaur sailburuak uko egin diolako horren inguruko zehaztapenak emateari. «Familiek informazioa behar dute, argi jakin behar dute zer gertatuko den irailean, haurreskola zerbitzua benetan doan izango duten ala ez», ohartarazi du Uberak.

EH Bilduko legebiltzarkideak agindu parlamentarioa betetzeko «borondaterik ez izatea eta doakotasunaren aplikazioa atzeratu nahi izatea» egotzi dio Hezkuntza sailburuari, «kontuan hartu gabe horrek kalte handia egingo liekeela egoera ekonomiko zaila duten familiei». Zentzu horretan, Uberak azpimarratu du EH Bilduren azken helburua Haurreskolak Partzuergoan doakotasuna erabatekoa eta orokorra izatea dela. «Orain lehenengo urratsa eman dugu, 18.000 eurotik beherako errenta duten familiei begira, baina urrats gehiago ematen jarraitu behar dugu, progresiboki, ziklo horretan doakotasuna orokortu arte».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos