Deustuko Unibertsitateak ateak zabalik izango ditu larunbatean

Deustuko Unibertsitateak ateak zabalik izango ditu larunbatean
D.U.

Sarrera eskaera lehenengo deialdian egiteko epea otsailaren 28an bukatuko da

Deustuko Unibertsitateak Ateak Zabalik bigarren larunbata izango du otsailaren 24an, Bilboko eta Donostiako campusetan, 10:00etatik 14:00etara, etorkizuneko unibertsitateko ikasleei eta euren gurasoei 2018-19 ikasturteko eskaintza akademikoaren eta zerbitzuen berri, banaka, emateko. Fakultateetako eta Unibertsitateko zerbitzuetako arduradunak etorkizuneko ikasleen eskura egongo dira dituzten zalantza guztiak argitzeko, 2018-19 ikasturtean eskainiko diren gradu eta gradu bikoitzen inguruan: ikasketa planak, sarrerako prozesua, praktikak, nazioarteko programa, lan irteerak, irakaskuntzaz kanpoko jarduerak, hizkuntzak, bekak, etab. Gainera, ohi denez, bisita gidatuak antolatuko dira, campuseko instalazioak ezagutzeko. Donostiari dagokionez, Loiola Centrum, Eraikin Teknologikoa, Ikasgelategia, Innogunea… Ateak Zabalik azken larunbata maiatzaren 5ean izango da.

Deustuko Unibertsitateak 40 gradu eta gradu bikoitz inguru eskaintzen ditu, hainbat aipamen eta sakontzeekin, berezko tituluez gainera, graduko prestakuntzaren osagarri. Arlo askotako ikasketak dira: Zuzenbidea, Enpresa, Ingeniaritza, Hizkuntzak eta Komunikazioa, Politika eta Nazioarteko Harremanak, Psikologia, Hezkuntza eta Kirolak, Gizarte Gaiak eta Teologia.

Azken urte hauetan abian jarri diren beste titulazio batzuen inguruko informazioa ere emango da saio horietan: Filosofia, Politika eta Ekonomiako gradua; Gizarte Hezkuntzako eta Gizarte Laneko gradu bikoitza, gure inguruan bakarra; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Lehen Hezkuntzako gradu bikoitza (Bizkaian eta Gipuzkoan ikasketa hori eskaintzen duen unibertsitate bakarra eta EAEko pribatu bakarra), eta Turismoa, Gizarte Lana eta Komunikazioa titulazioak, azken hori, arestian aipatu bezala, Ikus-entzunezko eta Multimedia Komunikazioko Teknologien aukerarekin.

Bilboko campusean, orain dela gutxi hasi zen eskaintzen Lan Harremanetako gradua, lan munduaren konplexutasuna antzematen eta aztertzen ikastea eta mundu horrek dituen arazoei erantzuten laguntzea helburu duena, baita Euskal Hizkuntza eta Kulturako gradua ere, euskal hizkuntzaren eta kulturaren aplikazioak lantzen dituena. Gradu bikoitzei dagokienez, enpresa eta ingeniaritzaren arlokoez gainera, Zuzenbidea + Lan Harremanak, Euskal Hizkuntza eta Kultura + Hizkuntza Modernoak (ingeles ikasketak), eta Gizarte Hezkuntza + Gizarte Lana eskainiko dira, ikasketa berrienen artean.

Bestalde, sarrera eskaera lehenengo deialdian egiteko epea datorren otsailaren 28an amaituko da (bigarren deialdia maiatzaren 11ra arte izango da).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos