EKI eredu pedagogikoaren inguruko esperientziak partekatu dituzte ikastolek

Ia ehun irakaslek hartu dute parte Jardunaldian. /
Ia ehun irakaslek hartu dute parte Jardunaldian.

DBHko Praktika Onen I. Jardunaldia egin dute, orain dela bost ikasturte inplementatzen hasi zen «eredu berri eta berritzailea» ikastetxeetan uzten ari den arrastoa aztertzeko

«Euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian» oinarritutako EKI eredu pedagogikoa duela bost ikasturte hasi zen inplementatzen ikastoletan. Eredu pedagogiko «berri eta berritzaile» honen inplementazioa iazko ikasturtean amaitu zen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Asteazken honetan, DBHko Praktika Onen I. Jardunaldia egin dute ikastolek Hernaniko Orona Ideon. Izan ere, EKI «pedagogia eraldatzailea da, eta urte batzuk beharko dira findu, finkatu eta garatzeko, baina ia bost urteko ibilbidea eginda, nabarmena da ikastoletako geletan eman den aldaketa sakona. Bide horretan geletan esperimentatzen ari diren transformazioak, jarduteko modu berriak eta praktika onak elkarrekin partekatzeko» antolatu dute jardunaldia.

Ehun irakasle inguru bildu dira «elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko», geletan egiten ari direna partekatzeko, ebaluazio sistema berriaz hitz egiteko, EKI proiektuan biltzen ez diren alorrak EKIren bide berean nola ari diren jartzen erakusteko, inklusibitatea nola ari diren lantzen azaltzeko eta beste hainbat gai jorratzeko.

Hogeita bi gai desberdin jorratu dituzte goiz osoko jardun trinkoan. Horietatik bost gai orokorrak izan dira, irakasle guztien artean jorratu dituztenak. Beste bost gai arloz gaineko praktikak izan dira. Adierazpenaren lanketa egin dute sei gairen inguruan, eta zientziak jorratzeko beste sei gai izan dituzte.

Sarrera hitzaldian nabarmendu duten bezala, eredu pedagogikoaren eraldaketa hasi baino ez da egin. «Pedagogia aldaketak egiteko urte asko behar dira. Gelaz gela egin behar da, arloz arlo, baina denak koherentzia izan behar du. Ebaluazioak berak ere planteamendu osotua behar du». «Maisua hil da, taldea jaio da» esaldiarekin bat eginez, «ikastola bakoitzean eta ikastola guztietan hezkuntza eraldaketaren aroa abian da», adierazi dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos