Danborra joaz esan dute kexu direla Seaskako ikastolek

Jendetza bildu da Baionako karriketan./IKASTOLEN ELKARTEA
Jendetza bildu da Baionako karriketan. / IKASTOLEN ELKARTEA

Baionako kaleetan irakasle gehiago eskatu dizkiote Frantziako Hezkuntza Ministerioari, baita «berezko hezkuntza antolaketa bat Euskal Herriarentzat» ere

Kalerik kale danborra joaz ibili dira Baionako karriketan barrena milaka lagun, Seaskako ikastolak kexu direla esateko. Maiatzaren 13an egingo den Herri Urrats Iparraldeko ikastolen festaren atarian, ozenki aldarrikatu dute irakasle gehiagoren beharra. Ohar baten bidez adierazi dutenez, «manifestazioan danbor hotsak nagusitu dira, Pariseraino irits dadin Seaskako ikasleen, irakasleen eta gurasoen aldarrikapena». Sarriegiren martxek lagunduta, hain zuzen, Frantziako Hezkuntza Ministerioari datorren ikasturterako 25 irakasle gehiago eskatu dizkiote.

Gaur egun ere irakaslez urri dabiltzala eta 2018-2019 ikasturtean 200dik gora ikasle-sarrera berri izango dituztela kontuan izanik, horren ardura duen Ministerioak postu gehiago esleitzen ez badizkie «zenbait ikastolatan 40 ikasle baino gehiagoko gelak izango dituzte». Herri Urrats egunean ere izango du oihartzuna eskaera honek, jakina. 'Prefosta' da aurtengo edizioaren leloa, baina 'Ikastolak kexu' direla gogoratzen duen esaldia du lagun. Edonola ere, gogoratu dute eskaera zehatza postu gehiago hornitzea bada ere, aldarrikapen nagusia dela «berezko hezkuntza antolaketa bat Euskal Herriarentzat».

Ipar Euskal Herri osoko ikastoletako milaka ikasle, irakasle, guraso eta langile bildu dituen manifestazioren amaieran Paxkal Indo, Seaskako lehendakariak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Mirentxu Ibargarai Seaskako langile eta irakasleen ordezkariak hartu dute hitza.

IKASTOLEN ELKARTEA

Indok gogoratu du ikastolak direla «euskararen eta herri honen bermea«. Eta kexu azaldu da, jakina. »Ikasturte hastapenean lizeo eta kolegioetarako dibisio berrietarako irakasle postuak beren gain hartuko zituztela adierazi ziguten Hezkuntza ministeritzako ordezkariek. Lehen mailetan 4.5 postu hitzeman zizkigun Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako Ikuskari jaunak. Ez zen aski, baina martxoan, aldiz, beren hitza deplauki jan eta 0 postu izanen zirela erran ziguten. Eta orain, mobilizazioa antolatzen hasi garela, 4 postu atera dituzte sakeletik. Baina nortaz trufatzen da Barriere jauna?«.

Eguneko berriak ere eraman ditu: «Goiz huntan hedabideetara prentsagiri bat bidali dute ikasle/irakasle xifreen batazbestekoa bat emanik. Bi urteko haurrak ez dituzte kondutan hartu. Eta xifreetan batazbesteko bat eginez, ez dituzte kondutan hartzen ikastola berrien beharrak, ez dituzte Barnekalde eta kostaldeko beharrak bereizten, ez dute kondutan ideki berri ditugun sail berriak, ez dute kondutan hartzen ideki dugun Baionako kolegio berria». Hortaz, «eman hitza jan ondoren, orain datuak manipulatzen…«, esan du.

Gertatzen ari dena «Ipar Euskal Herriak berezko hezkuntza antolaketa behar duenaren froga bat gehiago besterik ez da. 2012 urtean Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak aho batez galdegin zuten Ipar Euskal Herrirako Akademia Ikuskari propioa izan zedin. Bada garaia eskaera hori bete dadin, lan egin dezagun denek elkarrekin hala izan dadin«. Hurrengo hitzordua, Senperen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos