2020tik aurrera, urte osoko ekimena izango da Kilometroak

Une ikusgarriak ere izan ditu Zumarragako Zelai Aristin egin den ekitaldiak./KMK 18
Une ikusgarriak ere izan ditu Zumarragako Zelai Aristin egin den ekitaldiak. / KMK 18

Urriko Kilometroak egunari eutsiko zaio, baina ikastola batek baino gehiagok antolatutako beste hainbat jaialdi txiki izango dira urtean zehar

Heldu da azken geltokira Gipuzkoako ikastolek 2015eko irailean abian jarri zuten 'Kilometroak bidea' hausnarketa-prozesua. Bi urteko lanaren ondoren, 2020tik aurrera Kilometroak izan behar dituen ezaugarri nagusiak aurkeztu dituzte larunbat honetan Zumarragako Zelai Aristi aretoan izan den ekitaldian. Beste lurraldeetako jaiek ere hasi zuten gogoeta prozesua, baina "lurralde bakoitzeko jaiak bere erritmo eta ezaugarriak ditu", eta prozesua amaitzen aurrena Gipuzkoako Kilometroak izan da.

Prozesu horren emaitzak aurkeztean azaldu dutenez, "orain arte ezagutu dugun Kilometroak jaia aldatu egingo da 2020. urtetik aurrera. Gipuzkoako Ikastolen asmoa da Kilometroak urte osoko ekimen bat izatea, eta ikastola batek baino gehiagok parte hartzeko aukera izan dezala urtero".

Izan ere, "gizartea asko aldatu da lehen Kilometroak jaia antolatu zenetik. 1977an izan zen hori eta, ordutik hona jaia aldatzen joan bada ere, Gipuzkoako Ikastolek aldaketa sakonagoak egiteko beharra ikusi dute, antolatzen duten jaia gaurko garaietara erabat egokitu ahal izateko". Aldaketa 2020rako aurreikusten bada ere, hausnarketa prozesuan antolatu diren Kilometroak jaiek egin dizkiote hainbat keinu eredu berria izango denari. Bide horri eutsiko diote 2018an Urretxu-Zumarragan eta 2019an Zarautzen ospatuko direnek ere.

Ezaugarri nagusiak

"Euskalduna, herritarra, hezkuntza eredu propioa duena eta eraldatzailea". Horiek direnez ikastolen lau ezaugarri nagusiak, Kilometroak jai berria ezaugarri horien inguruan ardaztea proposatu da. Hortaz, urteko ekintzetan zein Kilometroak egunaren antolaketan ezaugarri horiek bermatuko dira.

Ezaugarri horietan oinarrituta, jairen helburu nagusiak honakoak izango dira: "ikastolen mugimenduaren misioa bete; Ikastolen Elkartea sendotu; ikastola bakoitzaren komunitatea sendotu; parte-hartzea areagotu; naziotasuna indartu, xede ekonomiko-errentagarria birkokatu; azken jaia urte osoko emaitza bihurtu; berritzaile eta garaikidea izan; jaiaren dimentsioa birkokatu eta ikasleak ahaldundu".

Orain arte bezala, Kilometroak jai bat ospatuko dela eta hori antolatzeko ardura ikastola batek hartuko duela aurreikusten da. Baina, horrez gain, urtean beste hainbat jaialdi txiki egitea da asmoa, eta horiek egiteko ardura beste ikastola batzuek hartuko dute. Jaialdi guztiak sartuko dira Kilometroak ekimenaren barruan.

Azken urteetan hasi dira igartzen aldaketaren lehen zantzuak. Dagoeneko, "Kilometroak ez da urriko lehen igandean ospatzen den jaia soilik", eta badaude urte osoko ekimen eta lanak ere. Hortaz, "ideia honetan gehiago sakonduko da 2020. urtetik aurrera".

Parte-hartzea handitu

"Ikasleak ahalduntzeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko" bidean ere aurrerapauso batzuk eman dira azken urte hauetan Erronka ekimenarekin. Urte osoan hainbat gaitan lehiatzen dira ikastoletako ikasle taldeak, eta horrek euren arteko harremanak sendotzen laguntzen die, Kilometroak jaian modu aktiboan parte hartzera bultzatuz. Harreman horien adibide da, esate baterako, larunbat honetan bertan Euskal Herriko lurralde guztietako 75 ikasle Urretxun bizitzen ari diren topaketa.

Etorkizunean, hortaz, parte-hartzea handitu nahi da. Gaur egun, "programazioko kontzertuak eta ekitaldiak ikusiz, kultura kontsumitzaile soil egiten ditu jaira gerturatzen direnak". Eredu berrian, berriz, "kultur ekimenen sortzaile izatera bultzatu nahi ditu bai ikasleak, baita ikastoletako familiak ere. Kulturaren harrobi izan nahi dute ikastolek eta Kilometroak jaian urtean egindako sorkuntzei lekua egingo zaie".

Horrekin batera, naziotasuna indartzeari ere garrantzia eman nahi zaio. Kilometroak Gipuzkoako Ikastolen jaia izan arren, ikastolek osatzen duten komunitateak herrialdea gainditzen du, Euskal Herri osoan hedatuta dago. Horrenbestez, "nazio sentipena jaietan ere landu nahi dute". Horregatik, aurrerantzean, "beste lurraldeetako ikastolei eta haiek antolatzen dituzten jaiei ere laguntza eskainiko zaie harremanak sendotzeko eta elkarlanean hainbat egitasmo burutu ahal izateko".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos