Diario Vasco

Ardoa interesatzen zaienentzako eskaintza unibertsitatean

Aurretik alor horretan esperientziarik ez dutenentzat ere interesgarria izan daiteke masterra.
Aurretik alor horretan esperientziarik ez dutenentzat ere interesgarria izan daiteke masterra. / DV
  • Enologia Berritzailea masterraren titulazio bikoitza eskainiko dute EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Bordeleko Unibertsitateak (UBx) titulazio bikoitzeko hitzarmen bat sinatu dute Enologia Berritzailea Master Ofizialaren eta Máster Sciencies de la Vigne et du Vin de l'Ecole Nationale Supérieure des Sciences Agronomiques de Bordeaux Aquitaine dlako masterraren artean. Hitzarmen horri esker, EHUko ikasleek EHUn bertan edo UBx-en lortu ahal izango dute master titulua.

Titulazio bikoitz horretan, Enologian edo Mahastizaintzako eta Ardogintzako Enpresen Kudeaketan espezializatu ahal izango dira ikasleak, egiten duten curriculum ibilbidearen arabera. Horrez gain, doktorego tesia tutorekidetzan egiteko aukera izango dute, EHUk jakinarazi duenez.

Enologia Berritzailea Master Ofizialaren helburua da mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko profesionalak formatzea, ardoaren ekoizpenari buruz ikuspegi oso bat emanez, landatik produktua lortu arte. Masterrean mahastizaintzari, enologiari, zentzumen analisiari eta bodegen merkataritza kudeaketari buruzko alderdiak lantzen dira. Hitzarmenari esker, matrikulatutako ikasleek Bordeleko bodegaren edota ikerketa zentroren batean egingo dute master amaierako lana (urtarriletik ekainera), 30 ECTSko Stage de professionnalisation baten bidez.

Espezializazioa, ezinbestekoa

EHUren arabera, mahastizaintza eta ardogintza sektorea «erabat dinamikoa» ari da bihurtzen urteotan. Hainbat ardo ari dira agertzen beste kontinente batzuetako herrialde ekoizle batzuetan, teknika berriak ari dira sortzen mahastizaintzan, eta merkaturatze eta marketin estrategiak ere gero eta berritzaileagoak dira; horrek guztiak zalantzan jarri du zenbait ekoizpen eremuk eta markak historian lortu duten estatusa.

«Mehatxu horiei aurre egiteko, goi mailan espezializatutako profesionalak behar dira, ardogintzaren hainbat negozio arlori eta bodegen merkataritza kudeaketari buruzko ikuspegi oso bat dutenak», adierazi dute EHUtik.

Horrela, EHUko Enologia Berritzailea masterrak mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko profesionalen «oso ikuspegi eguneratua» ematen du. Ikuspegi diziplinartekoagoa da, bereziki hartzen baitu kontuan, batetik, profesionalak bodegako jardueren koordinatzaile gisa duen funtzioa eta, bestetik, egunetik egunera gero eta aldakorragoa eta konplexuagoa den merkatuan kokatzeko estrategia. «Hain zuzen, horregatik da berezia master hau beste batzuen aldean, beste master batzuk lotuago daudelako ekoizpenarekin berarekin», gaineratu dute.

Diziplinarteko ikuspegi hori dela eta, masterra «interesgarria» izan daiteke aurretik nekazaritzarekin eta enologiarekin loturarik ez duten ikasketak egin dituzten pertsonentzat. Horrenbestez, ardoaren mundua interesatzen zaien pertsona ugarirentzako espezializazioa izan daiteke.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate