Diario Vasco

Ikasle pobreenak jo dituzte bereziki hezkuntzaren alorreko murrizketek

Egoera sozioekonomikoak zeharo baldintzatzen du ikasleak garraiatu behar duen zama.
Egoera sozioekonomikoak zeharo baldintzatzen du ikasleak garraiatu behar duen zama. / R. GARCÍA/EFE
  • 'Save de Children'-en txosten baten arabera, gero eta handiagoa da Euskadin ikasleen jatorri sozioekonomikoak emaitza akademikoetan duen eragina

Azken urteetako testuinguru ekonomiko zailean, Estatuko beste erkidego batzuetan baino txikiagoak izan dira Euskadin hezkuntzaren alorrean egin diren murrizketak eta, alde handiz, EAEko hezkuntza sistema da Espaniar estatuan ondoen hornituta dagoena finantziazio publikoari dagokionez. Hala ere, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak 'Hobetu egin behar da. Inor atzean uzten ez duen hezkuntza sistema baten alde' txostenean nabarmendu duenez, Euskadi da hain justu ikasleen jatorri sozioekonomikoak horien emaitza eta lorpen akademikoan eragin handiena duen erkidegoa. Izan ere, PISA 2012 probaren emaitzen arabera, bertako ikasleen eta kanpotik etorritakoen arteko aldea 86,9 puntukoa da EAEn, Espainian (52,8) eta Europar Batasunean (batez beste, 29,5) baino askoz handiagoa.

«Asko eta konplexuak dira neska-mutil bat eskola-porrotaren arriskuan jartzen duten arrazoiak, baina nagusienak izaten jarraitzen dute dimentsio soziologikoek eta ekonomikoek eta bazterketakoek: ikasle pobreenek gainerako ikasleek baino hiru aldiz probabilitate gehiago dute atzeratuta geratzeko», dio arrisku hori saihesteko hezkuntza sistema parekide eta guztiz inklusibo baten beharra aldarrikatzeaz gain hori lortzeko neurriak proposatzen dituen txostenak. Zehazki, hiru ildo nagusi proposatzen ditu: osorik finantzatutako sistema; 0-3 urte arteko hezkuntza zabaltzea, batez ere haur ahulenen artean, eta eskolen arteko bereizketak ezabatzea.

Euskadi, hobeto

Sistemaren arrakasta edo porrota neurtzeko erabiltzen diren aldagai nagusiak aintzat hartuta, Euskadiren egoera ez da batere txarra. Eskola uzten duten ikasleen kopurua %14koa da, eta eskola porrota ez da %10era iristen. Ikuspegi orokorretik, ez dira datu txarrak, baina badute Save de Childrenen ustez alde kezkagarri bat: eskola ikasketak amaitu aurretik uzten duten edota porrot egiten dutenen gehienak etorkinak edota baliabide ekonomiko urriak dituzten familietan jaiotako neska-mutilak dira. Teorian bermatuta dagoen aukera berdintasuna, beraz, urruti dago oraindik praktikan; gero eta urrutiago, txostenaren arabera «jatorri sozioekonomikoak gero eta eragin handiagoa baitu ikasleen arrakasta akademikoan».

Euskadin BPGren %5 bideratzen da hezkuntzara, eta ikasle bakoitzeko inbertsio publikoa 6.475 eurokoa da urtean. Estatuko altuena da, alde handiz, eta altuena izaten jarraitu du krisialdiaren urterik gogorrenetan. Hala eta guztiz ere, Euskadiko hezkuntza sistemak ere pairatu ditu murrizketak eta, hain zuzen, ikaslee ahulenei eragin diete batik bat, batzuentzat osagarri baina beste batzuentzat luxu izan daitezkeen jardueratan kontzentratu baitira nagusiki: eskolaz kanpoko jardueretan eta konpentsazio-hezkuntzan, adibidez.

Hala, 2007 eta 2012 artean, inbertsio publikoa 888 euro jaitsi zen haur bakoitzeko (% 8,99 gutxiago), etxeetako gastua geroz eta handiagoa izan zen bitartean, % 38,79 hazi baitzen 2009 eta 2013 artean. Murrizketa, gainerako erkidegoetan baino txikiagoa izateaz gain, «erritmo hobean errekuperatzen ari da», baina, hala ere, garrantzitsua izan da kolektibo ahulenentzat. «Nabarmentzekoa da gehien murriztu diren partidak direla, gutxi asko, ahultasun-egoeran dauden neska-mutilek baliatu beharko lituzketenak», dio txostenak. Hala, «Unibertsitatekoa ez den hezkuntzaren barneko kontzeptuetan % 11,14 murriztu bazen ere 2009 eta 2013 artean (255 milioi baino zertxobait gutxiago, 2.292 milioi izatetik 2.036 miloi baino zertxobait gehiago izatera pasatu zen), zenbait kontzepturi gehiago eragin zitzaien: konpentsazio-hezkuntzarako 12 milioi baino zertxobait gutxiago bideratu ziren, hau da, ia % 30 murriztu zen. Bestalde, bereziki mingarria izan da diru-laguntzen murrizketa (% 61,41), 46 milioitik 17 milioira pasatu da denbora-tarte berean».

Murrizketa nagusiak

Murrizketa handiena eskolaz kanpoko jarduerek nozitu dute, %74,41ekoa. «Eskolaz kanpoko jarduerek neska-mutilen garapenean duten garrantzia eta erosmen-ahalmen desberdineko familietan dauden desberdintasunak kontuan hartuta, egokia litzateke inbertsio publiko egokia egitea egoera okerragoan dauden neska-mutilen sarbide berdintasuna bermatzeko», dakar gogora txostenak. Familia askorentzat laguntzarik gabe ezinezkoa denez seme-alabak jarduera horietara bidaltzea, bazterketaren hazia izan daitezkeen diferentziak sortzen dira ikasleen artean. Izan ere, derrigorrezko hezkuntzaren doakotasuna bermatuta badago ere, hezkuntzaren ezinbesteko osagarri diren beste kontzeptu horiek (eskolaz kanpokoak, liburuak eta materialak, garraioa, jangela...) familiaren kontura doaz, nahiz eta hasiera-hasieratik sortu ziren beka eta laguntzak kontu horiek arintzeko.

Eta beka bidez ematen diren laguntza horiek behar dituzten familiak ez dira gutxi. Save the Childrenen darabiltzan Euskadiko Eskola Kontseiluaren datuen arabera. 2014-2014 ikasturtean, esate baterako, ikasleen %36k zeukaten eskolako materiala erosteko laguntza, eta %21,4k jangelakarako beka (hurrenez hurren, %34 eta %18 Gipuzkoan). Bekadun dezente gehiago zeuden ikastetxe publikoetan hitzartutakoetan baino (%43-%33 publikoetan; %%29-%12 hitzartutakoetan). Beraz, desberdintasuna ia 15 puntukoa zen materialak erosteko bekei dagokienez eta 19koa jangelerako laguntzak aintzat hartzen badira. Diferentziak, gainera, handitu ezin ziren 2012-2013 ikasturtearekin alderatuz gero.

Gomendioak

Arazoak non dauden identifikatzeaz gain, duela aste batzuk ikasgeletara bueltatu diren 373.000 neska-mutikoek aukera berberak izan ditzaten bermatzeko zenbait gomendio ere luzatu diete erakundeei Save the Childrenek. Gomendio nagusia da «krisi aurreko biztanleko inbertsio-maila berreskuratzea». eta horrekin batera proposatzne dute «testu-liburuen eta material didaktikoaren mailegua orokortzea funts publikoekin mantendutako ikastetxeetako ikasle guztietara, baita hitzartutako ikastetxeetan matrikulatutako ikasleetara, bigarren hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetakoetara, batxilergokoetara eta bigarren zikloko lanbide- heziketako ikasleetara ere».

«Jangelako diru-laguntza jasotzeko eskubidea duten seme-alabak dituzten familiek kuota aurreratu behar ez duela bermatzea» da beste gomendio bat, baita «jangela ez ordaintzeko salbuespena gehitzea ahultasun bereziko taldeentzat» ere. Garraiorako banako laguntzei dagokienez, «eskaerak aurkezteko eta ebazteko epea berrikustea, ikasturtea hasi baino lehen iritsi daitezen» gomendatu dute. Alor honetan, halaber, beharrezkoa litzateke «distantzia-irizpidea malgutzea, landa-eremuan bizi diren ikasleentzat, desplazamendu-denborak batez bestekoak baino luzeagoak izan baitaitezke».

«Laguntza eskatzeko prozeduren diseinua erraztea, hezkuntza-maila baxuagoko familiak de facto baztertzen dituzten prozesu aspergarriak eta konplexuak saihestuz» eskatzearen batera, proposatzen dute «inbertsio publikoa areagotzea haur guztiek kalitatezkoak, barneratzaileak eta anitzak diren aisialdi-jardueretarako sarbidea dutela bermatzeko ikastetxean edo ikastetxetik kanpo, administrazioek zuzenean jarduera gehiago eskainiz Guraso elkarteek kudeatutakoen aurrean».

Temas