Borrar
Artxiboko irudian, Lehen Hezkuntzako ikasleak Finlandiako ikastetxe batean.
Hezkuntza Finlandian: arrakastarako zazpi gako

Hezkuntza Finlandian: arrakastarako zazpi gako

Emaitza akademiko bikainak, eskola jazarpenaren kontrako egitasmo arrakastatsua, eskolara pozik doazen ikasle eta irakasleak... Hori guztia gertatzen da Finlandian, eta ez da kasualitatea, ezta miraria ere

n. azurmendi

Sábado, 30 de enero 2016, 08:36

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Buru-buruan ez bada, hezkuntza sistemen kalitatea neurtzen duten sailkapen guztien aurreneko postuetan egotea lortu du Finlandiak azken hamarkadetan. Ez da beste konturik PISA txostena argitaratzen den bakoitzean... Hain zuzen ere, iragan mendeko 70eko hamarkadan ordura arte indarrean zegoen sistemari berdintasunean oinarritutako buelta sakona eman ziotenetik lortutako emaitzak direla eta, Eskandinaviako herrialde ez oso jendetsua -5,5 milioi biztanle baino ez ditu- ezinbesteko erreferentzia bilakatu da mundu zabalean.

Azken bospasei urteetan, eskola jazarpenaren kontrako KiVa programa ari da miresmena pizten, alor horretan ere deigarriak baitira lorpenak. Ostiral honetantxe, hain zuzen, egitasmo horren berri jaso dute, Finlandiatik etorritako adituen eskutik, Ikastolen Elkarteko bazkide diren ikastolek Gasteizen egindako lan jardunaldian. Programa hori ikastoletan inplementatzeko lehen urratsak ere aztertu dituzte.

Finlandiako Turku Unibertsitateak garatutako KiVa programaren nazioarteko koordinatzaile Johanna Alanen eta Espoo hiriko Vindängens Skola-ko Ulrika Willför-Nyman zuzendariak aurkeztu zieten egitasmoa ikastoletako ordezkariei, eta biek erakutsiko zieten halaber arrakastak ez duela zerikusirik ez kasualitatearekin, ez suertearekin, ez mirariekin. «Finlandia ez da paradisua -zioen Johana Alanenek-, eta ez dugu miraririk egiten. Arazoak aztertzen ditugu, ikerketetan eta ebidentzian oinarritutako soluzioak ematen dizkiegu, eta eutsi egiten diegu apustuei». Sinplea.

Antzeko ondorioetara iritsi ohi dira Finaldiako hezkuntza sistema aztertzen duten ia denak, eta ez dira gutxi. Azkenetakoak izan dira EIM aholkularitzak antolatutako bidaia batean parte hartu ondoren Finlandiako hezkuntza sistemaren arrakasta zazpi gakotan laburbildu duten aditu espainiarrak. Honako hauek dira nabarmendu dituzten bereizgarriak:

1.- Doakotasuna, berdintasunaren berme. Hezkuntza da etorkizunerako berme onena, eta hori gizarte osoak du argi Finlandian. Horregatik, lehentasunezkoak dira hezkuntzaren alorrean egiten diren inbertsio publikoak. Horrek esan nahi du, besteak beste, ibilbide akademiko osoa, haurtzaindegitik unibertsitate ikasketak amaitu artekoa, sosik ordaindu gabe egiten dela Finlandian. Doakotasuna erabatekoa da, eta barne hartzen ditu materialak, jangela eta beste. Horrek, besteak beste, beste alor batzuetan ere garrantzi handikoa den berdintasuna bermatzen du.

Batek pentsa lezake, eta askotan esan izan da, herrialde izugarri aberats batek bere gain har dezakeen luxua dela hori, baina ez da hori datuek diotena, Finlandia ez baitago Europako herrialde aberatsenen artean. Pobreenen artean ere ez, baina esan daiteke hurbilago dagoela Espainiatik, Espainiaren batez bestekotik alegia, Norvegia edota Suediako datuetatik baino. 2014 urtean, esate baterako, per capita errenta 73.500 eurokoa izan zen Norvegian, 37.600ekoa Finlandian eta 27.000koa Espainian. Euskadin ia 30.000 eurokoa izan zen urte berean. Barne Produktu Gordinaz haragoko aldagaiak aintzat hartzen dituen Giza Garapen Indizean ere postu diskreto samarretan dago aurretik dituen Europako estatu nagusien aldean: 24. da, eta 27. Espainia. Aurrekontu publikoen %10-13 hezkuntzara bideratzea, beraz, baliabideen gaineko lehentasuna da.

2.- Denak erantzule, eta batera lanean. Familiak, eskolak, baliabide eta azpiegitura soziokulturalak... Eskola ez dago bakartuta, gainerako eragile publiko eta pribatuek, familiek barne, hezkuntza denen ardura dela uste baitute. Horrek eskatzen du, balio berberak partekatzeaz gain, batera lan egitea, eta bakoitzak dagokion erantzukizuna bere gain hartzea. Gurasoek argi dute, esaterako, eurak direla, eskolaren aurretik, seme-alaben heziketaren erantzule nagusiak. Datu bitxia: asteburuetan, eskolan dabiltzan seme-alabak dituzten familien %80 joaten dira liburutegira.

3.- Egonkortasuna. «Konfiantza eta egonkortasuna dira gure hezkuntza sistemaren gako nagusiak» zioen iaz elkarrizketa batean Donostiara Hik Hasik antolatutako jardunaldi batzuetara etorria zen Leo Pakhin Finlandiako Hezkuntza Kontseiluko kideak. Finlandia ez dago aldaketa politiko, sozial eta ekonomikoetatik libre, baina horien guztien gainetik dago Hezkuntza; gorabehera politikoen gainetik, batik bat. Beste horrenbeste esan daiteke gorabehera ekonomikoez. Hain zuzen ere, krisialdiak gogor jo du aldameneko eskandinaviarrak bezain aberatsa ez den Finlandia, baina lehentasunezkotzat jo dute hezkuntzan egiten duten gastuari eustea, eta oraingoz eutsi egin diote.

Horrek ez du esan nahi sistema ez doala aldatzen eta egokitzen, ezta gutxiago ere. Une honetantxe ikasgaien arteko mugak ezabatuko dituen aldaketa sakon batean murgilduta daude, baina horrek ez dio eragingo funtsezko planteamenduari: ikasle bakoitzaren ahalmen eta gaitasunak muturreraino aprobetxatzeari. Malgutasuna eta egonkortasuna ez dira elkarren etsai, alegia.

4.- Maisu-maistren prestigioa. Finlandiako gizarteak gehien baloratzen duen lanbidea irakaslearena da. Horrek ez du esan nahi gehien irabazten duten profesionalak direnik. OCDE erakundeak iazko otsailean zabaldutako datuen arabera (2012koak ziren, eta dolarretan emanda zeuden, 2015eko balioetara doituta), beste herrialde batzuetako irakasleekin alderatuta ere ez dira gehien irabazten dutenak. Adibide bat jartzeko, har dezagun 15 urteko esperientzia duen Lehen Hezkuntzako irakasle bat. OCDE-ko batez besteko soldata 51.289ko bazen, Finlandian ez diren 40.000 irisiten. Espainian, berriz, baldintza horiexek betetzen zituzten irakasleek 41.000 dolar irabazten zituzten urtean.

Baliteke, ordea, lanerako baldintza egokienetakoak dituzten irakasleak izatea. Ez diote masifikazioari aurre egin behar (20 ikaslekoa da gehienezko ratioa), etengabeko prestakuntzarako aukera ugari eta onak dituzte, eta materialen eta laguntzaren aldetik ere joriak dira baliabideak. Maisu-maistraren lanak, alegia, behar duen sostengua du. Horrekin batera, sekulako autonomia dute erabili nahi dituzten material eta metodoak hautatzeko orduan. Irakasleengan uste osoa dute Finlandian, eta konfiantza horretan oinarritzen da neurri handi batean sistema osoa. Ikastetxe bakoitzaren autonomia ere gako garrantzitsua da.

Behin eta berriro errepikati den moduan, irakasle izatea ikasle onenen eskura dago bakarrik. 2015/2016 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateak ikasketa desberdinetan matrikulatu ahal izateko ezarri zituen gutxieneko notei erreparatzea nahikoa da ikusteko EAEko unibertsitate publikoak eskaintzen dituen ikasketetan magisteritzakoak zein postu duten ikusteko. Finlandian, berriz, oso selektiboa da hautaketa. Haurtzaindegietako irakasleak izan ezik, gainerakoek unibertsitate mailako ikasketak izan behar dituzte, master mailakoak (eskakizuna zorrotzagoa da irakas-maila altuagoa izan ahala), irakatsi nahi duten gaiaren inguruko berariazko prestakuntza behar dute halaber, baita pedagogiaren alorrekoa ere. Espediente onenak dituztenak ausartzen dira soilik hautaketa frogetara aurkeztera, eskakizun handikoak baitira. Adibidetarako balio dezakete finlandiera irakasle bilakatzeko frogara aurkeztu zirenen inguruko datuek. 2011 urtean 8.856 lagun aurkeztu ziren, eta 811k gainditu zuten aurreneko frogan ezarritako langa. 2013an, 12.493 aurkeztu ziren, eta 886k gainditu zuten froga.

5.- Helburuen araberako ebaluaketa. Ikastetxeak maiz ebaluatzen dituzte, eta ebaluazio horien emaitzak publikoak dira. Ikasleen iritzia ere hartzen da kontuan, eta hezkuntza administrazioak ez du eskolaz eskola dabilen ikuskaririk. «Zertarako, ikasgela bakoitzean hogei ikuskari txiki baldin badaude», zioen gaiaz Leo Pakhinek. Ikasleen ebaluaketa sistema ere berezia da. Derrigorrezko eskolaratzea 7 urterekin hasten da, eta kontziliazioa benetan ahalbidetzen duen sistema ororokarri esker haurrak lehen urteetan etxean edukitzea nahiko erraza denez, adin horrekin hasten dira asko eskolara. Hala ere, 11 urte bete arte ez dute azterketa konbentzionalik egingo, are gutxiago hurrengo urteetako ibilbidea baldintza lezakeen errebalida edo antzekorik. Aurreneko urte horietan helburuen araberako ebaluaketa jarraitua da nagusi, eta irakaslea da horren arduradun nagusia.

6.- Inguruaren eta giroaren garrantzia. Otorduak bezalaxe, ikasgelak eta ikastetxeak ere ikas-irakas prozesuko zati dira. Espazioari eta horren atontzeari garrantzi handia ematen zaio, horrenbestez, eta asko zaintzen dira beste toki batzuetan garrantzigabetzat jotzen diren elementuak: argi naturala, bistak, paisaiarekiko irekiera, elikadura, dekorazioa...

7.- Bizitzarako trebakuntza. Ikaskuntza prozesuko urrats denek lotura zuzena dute eguneroko kontuekin. Ikastea, azken batean, bizitzarako trebatzea da, eta zeregin horretan ez dago lan txikirik edo eginkizun gutxietsirik. Sukaldean egitea, lixatzea, jostea, garbitzea edota egurra moztea ohiko jarduerak dira eskola-orduetan, eta neskek eta mutilek partekatu egiten dituzte, noski. Ikasten dutenaren, ikusten dutenaren eta bizi dutenaren arteko harreman estu-estu hori eskola-uzte goiztiar indize oso txikiekin lotzen dute aditu askok.

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios