EAEn lurraldea antolatzeko gidalerroetan euskarak duen tokiak kezka sortu du

Iñaki Arriola sailburua, alboetan Arantza Leturiondo eta Ignacio de la Puerta dituela, /IREKIA
Iñaki Arriola sailburua, alboetan Arantza Leturiondo eta Ignacio de la Puerta dituela, / IREKIA

UEMAk eta Kontseiluak diote "atzerapausoa" dela Hasierako Onarpenaren dokumentuan euskara helburuetatik kendu izana, eta berriro ere emendakina aurkeztuko dutela aurreratu dute

M. IMAZ

Lurralde Antolamendurako Batzordea asteazkenean, urtarrilak 31, bildu zen Lakuan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola buru zela, eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) hasierako onarpenerako dokumentua onartu zuen. Izan ere, aho batez onartu zuten EUDEL, URA, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundi, Estatuaren Administrazio eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura, Segurtasun, Kultura eta Hizkuntza Politika eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailen ordezkariek.

1997an onartutako LAGen (DOT edo Directrices de Ordenación Territoriak, gaztelaniaz) berrikuspena 2015 urtean hasi zen, Aurrerapena 2017ko otsailean onartu zelarik. Urtebetean, "dokumentua ekarpen garrantzitsuak gehitzen joan da, hainbat gaitan herritarren eta erakundeen parte-hartzearen ondorioz: mugikortasuna, hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra, landa-eremua, ekosistemak, azpiegitura berdeak edo paisaia. Erronka horiek guztiek datozen urteotarako lurralde-estrategia osatuko dute", dio ohar ofizialak.

Arriola sailburuak adierazi zuen erronka hori, funtsean, hiri bizigarriak eraikitzea dela, "biztanleei bizi-baldintza duinak bermatuko dizkien hiria eraikitzea, ingurumen, lan-mundu, etxebizitza eta oinarrizko zerbitzuak jasotzearen ikuspegitik". Dokumentuak jorratzen ditu, baita ere, "beste zeharkako gai batzuk, besteak beste, genero-ikuspegia, herritarren zahartzea, osasuna, irisgarritasuna, immigrazioa, klima-aldaketa eta dagokion gobernantza".

Eta euskara?

Bistan denez, oharrean euskara ez da aipatzen ez gai nagusien artean, ezta zeharkakoen artean ere. 2016ko Hasierako Dokumentu Estrategikoan zeharkako gaien artean zeukan tokia, eta proposatzen zen, besteak beste, "lurralde-antolamenduaren eta hirigintzako plangintzaren eremuan tresnak osatzen eta garatzen direnean, euskarak lurraldean duen presentzia kontuan hartzea, hizkuntza politikari eta koofizialtasunari babesa emateko tresna gisa".

UEMAk eta Kontseiluak Berria egunkariak zabaldutako informazioan oinarrituta azaldu dutenez, "euskara helburuetatik kendu du Eusko Jaurlaritzak EAEko Lurraldea Antolatzeko Gidalerroen Berrikuspeneko Hasierako Onarpenaren dokumentutik. Zehazki, idazketa berrian galdu egin da 'Lurraldean euskararen benetako koofizialtasun erreala sustatzea' aipamena. Horrez gain, arnasguneak babestea eskatzen zuen lurralde-gidalerroa (Arnasguneak babestea) ere kendu egin dute.

Elkarrekin sinatu duten ohar baten bidez adierazi dute "atzerapausoa" dela "Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia. 2013tik aurrera, lurraldea eta hizkuntza bateratzeko lan berritzaile handia egin da erakunde askoren eta askotarikoen artean, elkarlanean, eta erabaki hau orain arte garatu den ildoaren kontrako norantzan doa".

2013tik aurrera, Lurraldea eta Hizkuntza maiz izan da izpide, jardunaldietan zein argitalpenetan, UEMAk, GFAk, UEUk eta Kontseiluak elkarrekin landutako ildoan, "udalerri euskaldunak euskaraz bizirik mantentzeko, soziolinguistikoki diren modukoak izaten jarrai dezaten. Euskal Herriko zein nazioarteko ereduen bidez eta beste diziplinetako adituen bidez ondorioztatu genuen lurralde-antolaketak hizkuntzaren normalizazio-prozesuan duen eragina. Halaber, horri loturik Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa tresna ere aurkeztu genuen eta UEMAko hainbat udal hasiak dira ELE ezartzen".

Argumentu 'mingarria'

Beste zenbait urrats ere egin dituzte ildo horretan. Esaterako, berrikuspeneko prozesuan parte hartu, emendakin bidezko bi ekarpenen bitartez. "Lanketa horren guztiaren ondoren, bereziki mingarria da atzerapausoa arrazoitzeko Lurralde Plangintza Sailak erabili duen argumentua", diote. Izan ere, "euskara lurralde antolaketarekin lotzeko zailtasunaren ondorioa da" erabakia. 'Ez da erraza ikustea euskarak lurralde antolamenduarekin duen inplikazioa', zehaztu du Lurralde Plangintzako sailburuordeak. Hau guztia, Kontseiluak eta UEMAk hizkuntza gutxituen garapenak lurralde antolamenduarekin dituen loturak hain esplizituki agertu ostean, bai nazioarteko esperientzien bidez, bai eta hainbat diziplinatako adituen bidez ere".

"Azken boladan behin eta berriro nabarmendu da arnasguneek hizkuntzaren normalizazio-prozesuan duten garrantzia, eta hauei eutsi nahi bazaie euskara zeharlerrotasunez lantzeko beharra"

"Erabakiak 2040ra arteko EAEko lurralde erabilera arautuko duenez, erabaki honek aurrera eginez gero, hurrengo 22 urteotan, betikotu ahal izango dira euskararen garapena oztopatu dezaketen arauak, plangintzak eta neurriak", azaldu dute. Hala ere, oraindik ba omen dago aukera "hau guztia konponbidean jartzeko".

Lurralde Antolamenduaren Batzordeak bere oniritzia eman ondoren, informazio publikorako aldiari ekingo zaio, eta bi hilekoa izango Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren. Horren ostean, jasotako alegazioen aztertze-aldiari ekingo zaio eta, hortaz, LAGen behin-behineko onarpena azaroan ospatuko den Euskal Hiria Kongresuaren aurretik jasotzea aurreikusi da. Gidalerroak 2019an onartuko dira behin betiko.

Egutegia hori izanik, Hasierako Onarpenaren dokumentuari berriro ere emendakina aurkeztuko diote Kontseiluak eta UEMAk. Horrez gain, "oraingoan ere eskua luzatu nahi diogu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketako sailari euskararen arnasguneen aldeko politika aktiboak garatzeko. Azken boladan behin eta berriro nabarmendu da arnasguneek hizkuntzaren normalizazio-prozesuan duten garrantzia, eta hauei eutsi nahi bazaie euskara zeharlerrotasunez lantzeko beharra. Beraz, ezinbestekoa dira udalerririk euskaldunenek behar dituzten berariazko politika aktiboak eta zehatzak".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos