EAEko biztanleen ia erdia jaio zen udalerrian bizi da

Biztanleria sedentario gehien zuen lurraldea Gipuzkoa izan zen/Michelena
Biztanleria sedentario gehien zuen lurraldea Gipuzkoa izan zen / Michelena

EAEko biztanleen %28 erkidegotik kanpo jaioa zen 2016. urtean. Bestalde, EAEn bizi eta Estatuko beste erkidego batean jaio direnak %24,7 izatetik %18,9 izatera pasatu dira

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleen %28 erkidegotik kanpo jaioa zen 2016. urtean, Eustat estatistikaren euskal erakundeak landutako 2016ko biztanleria eta etxebizitzen inguruko estatistikako datuen arabera. Biztanleen %43,6a, beraz, jaio zen udalerrian bizi zen.

EAEtik kanpo jaiotakoen ehunekoak egonkor dirau azken 15 urteetan, baina pertsona horien jatorria aldatu egin da. Epe horretan, ia %7 puntu hazi da EAEn bizi eta atzerrian jaiotakoen kopurua; aitzitik, EAEn bizi eta Estatuko beste erkidego batean jaio direnak %24,7 izatetik %18,9 izatera pasatu dira.

EAEn 2016an bizi zirenen %9,4 Estatutik kanpo jaioa zen, eta horien artean, Maroko (%10,8), Kolonbia (%9,2), Errumania (%8) eta Bolivian (%5,7) jaiotakoak ziren nagusi. Estatutik kanpo jaioen artean, %52,3 emakumeak ziren, eta %47,7 gizonak.

Estatuko beste autonomia erkidegotatik EAEra bizitzera etorritakoenartean, gehienak Gaztela eta Leonen jaiotakoak ziren (%7,7), eta ondoren zeuden Extremaduran (%2,4) eta Galizian (%1,9) jaiotakoak. Beste muturrean, Balear Uharteetan jaioak %0,04 besterik ez ziren.

EAEtik kanpo jaiotakoen adinari dagokionez, ezberdintasun handia ikusten da lekuaren arabera. Hala, Estatutik kanpo jaiotakoen batez besteko adina 36,8 urte zen, eta Estatuko beste autonomia erkidegoetan jaiotakoena, berriz, 63,2 urte.

Bestalde, EAEko biztanleen %43,6 jaio zen udalerrian bizi zen 2016an (horri biztanleria sedentarioa esaten zaio), %33,2 ez zen bizi jaio zen udalerrian baina bai EAEn (barne migratzaileak), eta gainerako %23,2beste erkidego batetik edo beste herrialde batetik etorri zen.

EAEn 2016an bizi ziren emakumeen %58k bizilekuz aldatu zuen bere bizitzaren uneren batean, bai barne migrazio bidez bai immigrazio bidez. Gizonen kasuan, portzentaje hori %54,6ra murrizten da.

Gipuzkoa, sedentarioena

Mugikortasunari dagokionez, EAEn aldeak bazeuden lurralde batetik bestera. Horrela, Bizkaia zen biztanleria sedentario gutxien zuen lurraldea (%41,6); Araban, berriz, portzentajea %44,7 zen, eta Gipuzkoan %46,3. Barne migrazioaren kasuan ere Bizkaia nabarmendu zen, eta bertako biztanleen %36 EAEko beste udalerri batzuetatik joan zen. Araba zen EAEtik kanpo jaiotako pertsonen ehunekorik handiena zuen (%32) eta barne migrazio gutxien egin zuen (% 23,3) lurraldea.

Eskualdeei dagokienez, Markina-Ondarroan (%53,8), Debagoienan (%53,2) eta Urola Kostan (%51,9) zegoen biztanleria sedentarioko proportzio handiena 2016an. Era berean, Arabako Errioxan (%43), Arabako Lautadan (%34,2) eta Arabako ibarretan (%32) zegoen etorkinen ehuneko handiena. Azkenik, Plentzia-Mungian (%58,7) eta Gorbeiako inguruetan (%55,3) bizi ziren EAEko beste udalerri batzuetatik joandako pertsona gehien, bertako biztanleak baino gehiago izatera helduz.

Bestalde, guztira 471.943 pertsona bizi ziren azken hamarkadan bertara iritsi ziren udalerriren batean. Horietatik 289.161 biztanle EAEko beste udalerri batean bizi ziren (%61,3), %13,2 zuzenean atzerritik etorri zen, eta gainerakoak beste autonomia erkidego batetik etorritakoak ziren (%25,5).

Beste autonomia erkidego batzuetatik etorritako talde migratzaileen artean Gaztela eta Leon nabarmentzen zen, 17.188 pertsonarekin; ondoren zeuden Kantabria (12.761), Madril (12.320), Katalunia (9.548), Andaluzia (8.450) eta Nafarroa (7.929). Aitzitik, Ceuta eta Melillatik 352 pertsona besterik ez ziren etorri, eta 2.000 pertsona baino gutxiago etorri ziren Balear Uharteetatik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos