Doakotasunaren bidean aurrera egiteko proposamena

Helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sektoreko ordezkariak, agerraldian.
Helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sektoreko ordezkariak, agerraldian. / Kontseilua

Helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sektoreak aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari, Kontseiluaren bitartez

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Kontseiluaren baitan biltzen den helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sektoreak 'Doakotasuneranzko bidean' izeneko proposamena landu du. Elkarlanean oinarritutako proposamena da, Kontseiluaren baitako AEK, IKA, Maizpide eta Urrats eta Hitzez eragileei, Ilazki, Legazpi 6, Mikelats, Udaberria, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala, Bilbo Zaharra, Bai and By, Gotzon Garitaonandia, Labayru eta Hegoalde gehitu baitzaizkie. Guztion artean osatutako proposamena Jaurlaritzari aurkeztuko zaio.

Kontseiluak hainbat proposamen jarri du mahai gainean bere sorreratik, arlo desberdinetan ('Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen', 'Hizkuntza Politika Berri Eragingarria', kasu), eta oraingoa, horiei gehituko zaien beste lan bat da.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak aurkezpenean azaldu duenez, proposamenean lau ideia nagusi jasotzen dira. Hasteko, euskalduntze prozesu osoari laguntza agertzen da, eta ez bakarrik erabiltzaile independente izan artekoari.

"Pertsona baten euskalduntze prozesua noiz bukatzen den zaila da zehazten. Egia da, egun, administrazio publikoetako lanpostuei begira hizkuntza eskakizunen sistema jarrita dagoela. Gure proposamenari dagokionez, eztabaida ez dugu kokatu nahi lanpostu zehatz baterako pertsona batek izan behar dituen gaitasun komunikatiboetan. Aitzitik, herritarrek beren burua osoki euskalduntzeko lortu beharreko gaitasunak dira guretzat oinarri", argitu du.

Bigarrenik, doakotasuna ikaslearen aprobetxamenduaren baitan bermatzea proposatzen da. Ikasleak, horretarako, %75eko asistentzia bermatu beharko du, eta euskalduntze prozesua kronifikatu ez dadin, 2.000 orduko ikastordu kreditu muga proposatzen da.

Halaber, euskalduntzearen doakotasuna Eusko Jaurlaritzaren eskumena izatea proposatzen da, eta horretarako, leihatila bakarra egotea, HABEren bitartez kudeatuko dena.

Azkenik, inbertsio ekonomiko egokiak ahalbidetzea proposatzen da, doakotasuna bermatu ahal izateko. Ildo horretan, Bilbaok aipatu duenez, 'zerbitzu publikoa den heinean, helduen euskalduntzearen zerbitzuaren zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak hartu behar du bere gain'.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos