Doako euskara ikastaroak lana aurkitzeko aukerak areagotzeko

Ezkerretik eskuinera, Jokin Azkue, Bingen Zupiria, Beatriz Artolazabal eta Borja Belandia./MICHELENA
Ezkerretik eskuinera, Jokin Azkue, Bingen Zupiria, Beatriz Artolazabal eta Borja Belandia. / MICHELENA

Baldintza jakin batzuk betetzen dituzten 400 bat langabe izango dira HABEk eta Lanbidek sinatu duten hitzarmenak eskaintzen dituen aukeren lehen onuradunak

M. IMAZ

Lan bila dabiltzanen hizkuntza gaitasuna hobetzeko, formula berria jarri dute abian HABEk eta Lanbidek, Eusko Jaurlaritzaren baitako bi erakundeok sinatu duten hitzarmenaren bidez euskara doan ikasteko aukera izango baitute baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten zenbait langabek, lana aurkitzea errazagoa gerta dakien.

Hasiera batean 2017-2018 ikasturtean gauzatuko den proiektu pilotua Donostian aurkeztu dute Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Lanbideko zuzendari Borja Belandia eta HABEko zuzendari Jokin Azkue alboan zituztela.

Zupiria sailburuak azaldu duenez, "euskaraz ikasteko garaian erraztasun handienak emateko Eusko Jaurlaritzaren apustuan" txertatzen da ekimena, baina xede zehatza langabeen enplegagarritasuna hobetzea izanik, kolektibo jakin bati zuzentzen zaio: Lanbiden izena emanda egoteaz gain, euskara eskaera altuena daukaten sektoreekin zerikusia duten ikastaroak egiten ari diren langabeei. "Joan den astean euskaltegietako matrikulazio-kanpaina aurkeztu genuen, eta euskara ikasteko erraztasunak eskaintzen jarraitzeko gure asmoa azpimarratu genuen. Aurkezten dugun hitzarmenaren helburua da beste esparru batzuetan prestatzen ari diren pertsonak euskarara hurbiltzea. Kasu honetan, euskarak, gauza positibo asko ekarriko dizkien mundu baterako ateak zabaltzeaz gain, lan-aukera gehiago ekar diezazkieke", adierazi du Bingen Zupiriak.

"Lanbidek antzeman du zerbitzu elebidunen eskariak gora egin duela, bereziki jendeari arreta egitearekin loturiko arloetan"

Izan ere, Lanbidek antzeman du jarduera-eremu eta guneren batzuetan gero eta gehiago baloratzen dela euskara langileak kontratatzeko orduan; "bereziki jendeari arreta egitearekin lotutako lanbide arloetan, zerbitzuen sektorearen barruan", Beatriz Artolazabalek argitu duen moduan. "Joera hau are nabarmenagoa da Euskadiko eremu euskaldunenetan. Horregatik, gure ustez, prestakuntza-espezialitate ekintza kualifikatzaileetan diharduten lanik gabeko langileek, batez ere arlo batzuetan, euren enplegagarritasuna hobetzeko aukera izan dezakete enplegu-eskariari euskararen ezagutza egiaztatua erantsiz gero. Aldibereko prestakuntzaz ari gara, batik bat ikuspegi profesionaletik ere euskaraz jakitea komeniko zaion orori zuzendutakoa", esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Edozein euskaltegitan

Hitzarmenaren arabera, 200.000 euroko inbertsioa finkatu da 2017-2018 ikasturterako. Horrek esan nahi du 400 bat lagunek baliatu ahal izango dutela aukera berria. Laguntzak, esan bezala, Lanbiden izena emandako langabeek eskatu ahal izango dituzte; zehazki, Lanbidek diruz lagundutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzendutako ekintza kualifikatzaileak ikasten ari direnek.

Euskarazko prestakuntza ikastaroekin batera egingo da, baina haren ikastorduetatik kanpo. Lanbidek ez duenez berariazko zentrorik euskara irakasteko, HABE arduratuko da horretaz. Jokin Azkue HABEko zuzendariak argitu duenez, Administrazioaren zenbait adarretako langileekin (Hezkuntza, Ertzaintza, Osakidetza...) funtzionatzen den moduan funtzionatuko da kasu honetan ere. Eskaera egin eta hautatuak direnek ondoen datorkien euskaltegia aukeratu dezakete, eta ondoen egokitzen zaien taldera bilduko dira. Ez dute dirurik jasoko, baina ordaindua izango dute ikastaroa.

Aukeran dituzten 103 euskaltegi horietan edozein maila egin ahal izango dute A1etik hasita C2raino. Hitzarmenak jasotzen duenez, A-1 mailaren kasuan, gutxienez 125 ikastorduko ikastaro batera joan beharko dutela. Gainerako mailetan, berriz, gutxienez 165 ordu egin beharko dituzte. Aurretik egindako esperientzietan oinarrituta, Azkuek aurreratu du A1 eta A2 izango direna seguruenik mailarik aukeratuenak.

Deialdian parte hartu ahal izango dute halaber 2014an, 2015ean edo 2016an Lanbidek onartutako diru-laguntzen deialdien esparruan egindako ekintzetan dagokion profesionaltasun-ziurtagiria lortu dutenek.

Urriaren 16a baino lehen

Laguntza horiek eskuratzeko interesa dutenek Lanbiden eskatu beharko dute hizkuntza-trebakuntzarako ikastaroetan parte hartzea, 2017ko urriaren 16a baino lehen. Hortik aurrera, Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu egingo du, izena ematearen hurrenkeran, pertsona horrek eskakizunak betetzen dituela, eta, onartua izanez gero, jakinaraziko dio hautatzen duen euskaltegian Lanbidek baliozkotutako matrikulazio fitxa aurkeztu behar duela urriaren 20a baino lehen.

Aurkeztutako eskaeren zenbatekoa hitzarmen honetarako aurreikusi den diru-zuzkidura baino handiagoa bada, Lanbidek lehentasuna emango die enplegagarritasuna hobetze aldera euskara erabiltzeko gaitasunak garrantzia duen arlo profesionaletako langabeen eskaerei.

Era berean, Lanbideren bulego-sareak haren webean informazioa emango du euskarazko hizkuntza-trebakuntzako ekintzetarako prestakuntza-eskaintzaren inguruan, prestakuntza ikastaroei buruzko atalean, interesa duen edonorentzat. Hitzarmen honek 2018ko ekainaren 30era arteko indarraldia du. Dena den, gehienez lau urtez luzatzeko aukera dago.

HABEren eta Lanbideren arteko hitzarmen honen babesean bultzatuko diren laguntzez gainera, Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek diru-laguntza eta bestelako laguntza ugari eskaintzen dizkiete euskara ikasteko interesa dutenei. Gaur aurkeztutako laguntzak eskuratu ezin ditzaketen langabeek gainerako instituzioek bultzatutako laguntzak jaso ahal izango dituzte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos