Diru-bilketa abiarazi du EHUko Biofisika Institutuko ikerlari talde batek

Chagasen gaixotasuna transmititzen duen intsektua. / DV

Bildutako diruarekin gaixotasun tropikalen aurkako txertoak modu eraginkorragoan sortzeko behar duten laborategiko materiala erosiko dute

M. IMAZ

Gaixotasun tropikalen kontrako txertoak sortzeko finantzaketa kolektiboko kanpaina jarri du abian Euskal Herriko Unibertsitateko Biofisika Institutuko Birusaren Ikerketa eta Garapenerako Taldeak. Proiektu horrekin, ikertzaileek irtenbide berritzaileak lortu nahi dituzte heriotza eragin dezaketen gaitzei aurre egiteko, hala nola leishmaniosiari eta Chagasen gaixotasunari. Kanpainan abuztuaren 8ra arte har daiteke parte, Precipita plataformaren bitatez. 10.000 euro biltzea gustatuko litzaieke, gutxienez 4.000 behar dituzte.

Diego Guerín buru duen taldeak milioika pertsonak pairatzen dituzten txertorik gabeko eritasunei aurre egin nahi die proiektu honekin. Izan ere, gizakiok, hainbat patogenoren ondorioz, gaixotasunak harrapatzeko arriskua dugu. Patogeno horietako batzuk protozooak dira, organismo zelulabakarrak, eta oraindik ez dago horien kontrako txertorik, nahiz eta mundu osoan milioika pertsonari erasaten dieten. Kalkulatzen denez, urtero 10.000 pertsona inguruk harrapatzen dute lominaren gaixotasuna, 50.000 pertsona inguruk Chagasen gaitza eta bi milioik baino gehiagok leishmaniosia. Gaixotasun horiek denek heriotza eragin dezakete.

Gaixotasunoi tropikalak esaten zaie, batik bat klima epeleko herrialdeetan erasaten dutelako: Ipar Amerikatik Hego Amerikaraino, ia Afrika guztian eta Asiako herrialde ugaritan. Leishmaniosia, baina, endemikoa da Europa hegoaldeko zenbait herrialdetan ere, eta, pertsonei ez ezik, etxeko animaliei eta animalia basatiei eragiten diete, hala nola txakurrei eta untxiei. Gaitzok, nagusiki, odolaz elikatzen diren intsektuen bidez transmititzen dira, baina baita plazentaren, transfusioen eta organo transplanteen bidez ere.

Irtenbide berritzaileen bila

Biofisika Institutuko Birusaren Ikerketa eta Garapenerako Taldeak, Diego Guerin buru dela, nazioarteko proiektu batean dihardu gaixotasun horien kontrako txertoak sortzeko. Ikerketa horren bidez, jatorri birikoko proteinen nanopartikulak ekoitziko dituzte.

"Txertoak ekoizteko modu tradizionala ez da oso eraginkorra gaixotasun hauekin, eta, horregatik, irtenbide berritzaileak aurkitu behar dira. Horretarako, immunitate sistema beste era batera estimulatzen duten txertoen belaunaldi berri bat esploratzen gabiltza. Txertook VLP (Virus-like particles) plataformako teknologiarekin ekoizten dira. VLPak nanopartikula artifizialak dira, ez dute infekziorik eragiten eta ez dute pertsonen osasuna arriskuan jartzen, eta profesional batzuk hasiak dira gripearen eta B hepatitisaren aurkako txertoetan erabiltzen", Guerinek azaldu duenez.

VLPak ekoizteko erabiliko duten teknika Madrilgo Bioteknologia Zentro Nazionalean sortu zuten, "eta orain gure laborategian probatu nahi dugu". Txertoa egiteko, birus baten egituraren zati bat hartzen da -VLPa, kaltegabea-, eta aurre egin nahi zaion patogenoaren proteina batekin -antigeno bat- fusionatzen da.

"Horrela, gure gorputzak txertoa hartzean erantzun immune handiagoarekin erreakzionatzen du, birus infekzio baten hasiera simulatzen baitu, baina patogenoaren identitate marka bat dauka. Helburua lortzen badugu, gaixotzeko arriskuan dauden milioika pertsonari gaixotasunok saihesten lagunduko diegu etorkizun hurbilean", azaldu du.

Kanpainan biltzen den dirua VLPak ekoizteko gastuak ordaintzeko erabiliko da osorik. Gutxieneko zenbatekoarekin (4.000 euro), lehengai nahikoa lortuko da Biofisika Institutuko laborategian txertoaren prototipo bat ekoizteko eta karakterizatzeko. Asko jota eskura daitekeen diruarekin (10.000 euro), berriz, VLP nahikoa lortu ahal izango da gutxienez hiru txerto prototipo egiteko.

"Gehieneko zenbateko hori gainditzen badugu, hiru txertoen diseinuan aurrera egiten ahaleginduko gara. Esate baterako, animalien modeloetan (arratoietan) egingo ditugu probak, txertoek zenbateko gaitasun immunogenikoa sortzen duten zehazteko", esan du.

Bildutako diruarekin laborategiko materiala erosiko da, batik bat, VLPak ekoizteko behar diren erreaktiboak. Erosiko dituzte, besteak beste, behin erabiltzeko plaka plastikoak, zelulak hazteko mantenugaiak, lerro zelularrak, txertoak egiteko bereziki sintetizaturiko polipeptidoak edo mikroskopio elektronikoen zerbitzuek eragindako gastuak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos