Desgaitasunen bat duten pertsonen artean, 10etik hiru ari dira lanean

Artxiboko argazkian, Ehlabe-ko kide den Gureak-en lantokietako bat. / Michelena

Euskadik estatuko jarduera- eta enplegu-tasarik altuenak dituen arren «hobekuntzak ezarri behar dira»

M. IMAZDonostia

Eskuragarri dauden azken datuen arabera, Euskadin desgaitasunen bat duten 82.400 pertsona daude lan egiteko adinean (16 eta 64 urte bitartean) eta, horietatik, 66.000k desgaitasunen bat dute eta 16.400ek, ezgaitasun iraunkor homolagarria. Euskadin lanean dabiltzan desgaitasunen bat duten 27.356 pertsonetatik, % 31,5ek (8.629) baino ez du egiten enplegu-zentro berezien modalitatean. Gainerakoek, hiru enplegatutik bik, enpresa arruntean edo enplegu publikoan egiten dute lan edo autonomoak dira.

2015eko datuak biltzen dituen ODISMET 2017ko txostenaren arabera, EAEk desgaitasunen bat duten pertsonen estatuko jarduera-tasarik altuenak (% 39,4 vs % 33,9 estatu-mailan) eta enplegu-tasarik altuenak (% 33,2 vs % 23,9 estatu-mailan) ditu, baita langabezia-tasa baxuenak ere (% 15,9 vs % 31,0). Euskadin, enplegu-zentro berezietan, Estatuan enplegua duten desgaitasunen bat duten pertsonen % 12k (8.629) egiten du lan, alegia, 72.211 pertsonak, SEPEren 2015eko datuen arabera. Zifra esanguratsua da, kontuan hartuta Euskadin ofizialki lan egiteko adina aitortuta duten biztanleen (1.774.000) % 4,64 (82.400) baino ez dela bizi.

Hala ere, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, “hobekuntzak ezarri behar dira desgaitasunen bat duten eta enplegagarritasun zailtasun bereziak dituzten pertsonei laguntzeko gaur egungo enplegu-programan". Eta horretarako, kolektiboak hala eskatuta, kolektibo horietan enplegua sustatzeko hainbat ekimen jarriko dira abian, besteak beste enplegu-programa eta -politika aktiboak arautzen dituen dekretu bat. Horren berri eman zien ostiralean sailburuak Txema Franco Elhabe-desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko elkarteko ordezkariari eta Javier Larrañaga Berezilan-Bizkaiko Enplegu Zentro Berezien Enpresa Elkartekoari.

Dekretu berria

Artolazabal sailburuak azaldu duenez, "hurrengo dekretuak jaso behar dituen ildo eta proposamen garrantzitsuenak aipatu eta garatu ditugu; ildo eta proposamen horiek enpresa arruntei desgaitasunen bat duten pertsonen eta enplegagarritasunerako zailtasun bereziak dituztenen kontratazioa sustatzeko –enpresentzako laguntzak areagotuz, baita aldi baterako kontratu batzuetan ere– bideratutako laguntzen programaren arauketa eta finkapena ezarriko dute".

"Halaber, hobekuntzak finkatu eta ezarri behar dira gaur egungo Enplegu Lagundurako Programan, desgaitasunen bat duten eta enplegagarritasunerako zailtasun bereziak dituzten pertsonentzako laguntzak hobetzea dakarten gizarte-ekimeneko erakundeen enplegu lagundurako unitateen lana sustatzeko", esan du Artolazabalek.

Sailburuaren iritziz, "finkatu egin behar dira enplegu-zentro berezietara bideratutako programa desberdinak neurri berriekin eta desgaitasunen bat duten eta laguntza-beharrizan gehien duten pertsonen kolektiboaren enplegagarritasuna hobetzeko gizarte-ekimenaren sektorea lehenesteko beste neurri batzuk berreskuratuz". Beatriz Artolazabalek nabarmendu ditu kolektibo horren lanpostuei eusteko laguntzen programa, enplegua sortzeko inbertsioen programa, enplegu-zentro berezien izen-emate erregistroa eta enplegu lagundurako unitateak.

Etorkizuneko dekretuak enplegagarritasuneko zerbitzuen programak jasoko ditu –orientazioa, enplegu-zentroak etab.–, desgaitasunen bat duten pertsonen gizarte- eta lan-ibilbideak egoki kudeatzeko erabakigarriak.

Gizarte-ekimenaren eragina

Ehlabe-ren arduradunak Enplegu Zentro Berezien euskal erregistroa garatu behar dela uste du, "horien kalifikazioa eta inskripzioa arautzeko beharrezko tresna" gisa, "Desgaitasunen bat duten pertsonen enplegu-programa eta -politika aktiboak arautzen dituen Dekretua"ren esparruan; dekretuak kolektiboa gizarteratzeko eta laneratzeko programak jasotzen dituen eredua zehaztu beharko du.

Berezikanek, berriz, "lan-enklabeen araudiaren berrikuspena"ri buruzko txostena aurkeztu du; bertan, besteak beste egiaztatzen da langileen prestakuntzak eta enpresen sentsibilizazioak bide ematen diotela mugimendu horri. Hura lan-enklabeek ere sustatuko lukete, egun arte hain gutxitan ezarri direnak; izan ere, enplegu-zentro berezien % 84k sekula ez zuen enklaberik egin.

Larrañagaren hitzetan, "enklabearen irudiak funtsezko hiru helburu izan ditzake: enplegu babestua arrunt bilakatzeko bide ematea; desgaitasunen bat duten langileei lan-jarduera erabat lehiakorra den lan-merkatuko ingurune errealean garatzeko aukera ematea, baina zenbait bermerekin eta, nolanahi ere, beren lanbide-praktika beteko dutela; eta enklabea egiteko enpresak desgaitasunen bat duten langileen gaitasun errealak hobeto ezagutzea, enpresaren plantillara behin-behinean sartu aurretiko urrats gisa eta, hala badagokio, erreserba-kuotaren eskakizuna betetzeko bide ematea".

Kontuan hartzekoa da Euskadin enplegu-zentro berezietan sortutako enpleguaren % 95 gizarte-ekimenak sustatu duela. EHLABEren kide diren 13 erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoan dauden zentro berezien enplegu guztiaren (8.629) % 87ri ematen diote enplegua (7.472); beraz, % 90 inguru, dagoen kontzentrazio sektoriala kontuan hartuta.

Artolazabalen hitzetan, "enplegu-politikak erakundeei dagokien gizarte-lidergoa behar du, eta garrantzia handia hartzen du, gure herrialdeko lehiakortasunaren estrategiaren zati den aldetik eta funtsezko tresnak direlako hazkuntza ekonomiko jasangarria izateko eta gizarte-egonkortasuna eta -kohesioa lortzeko".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos