Ez da dena garbi eta osasungarria hiri-baratzeetan

Ez du balio edozein bazter aukeratzea, hobe adituei kaso egitea./EFE
Ez du balio edozein bazter aukeratzea, hobe adituei kaso egitea. / EFE

Ingurune industrialetako lurrak zein kutsatuta dauden ikusita, arriskugarria izan daiteke horiek edonon kokatzea

M. IMAZ

Garai batean, beharrak bultzatzen zuen batik bat kaleko jendea baratzeak jartzera eta zaintzera; soldata urriek nekez bete zezaketen eltzea, askoren artean banatu beharrekoa maiz, norberak ekoitzitakoarekin osatu beharrak, alegia. Edozein bazter zen ona biziraupen-laborantza hartarako. Bai behintzat orientazio ona eta ura gertu bazituen, eta lantzeko erraza bazen... Azken hamarkadan, hiri eta herrietan asko ugaldu diren baratzeen xede nagusia ez da jaten ematea, lurrarekin harremana galduta, ahaztuta edo ahulduta duten herritarrei lotura hori berpizteko aukera eskaintzea baizik, aisialdiarekin premiarekin baino lotura estuagoa duen jardueraren bidez. Asko bizitzen ari diren kinka ekonomiko larrian, dena den, ez dira gutxi baratze horiei esker lasaixeago dabiltzanak.

Adituren batzuk hasi dira esaten kontu handiz hautatu behar direla baratzetarako erabiliko diren lurrak, 'naturala' eta 'berdea' izateak ez baitu berez bermatzen osasungarritasuna. Lur-ekosistemetan doktore eta moda-modan dauden hiri-baratzeetan aditu den Andrés Rodríguezek EFE agentziari adierazi dionez, baratze horietan hazitakoa kontsumitzea arriskugarria izan daite, jarri diren tokia arretaz aukeratu ez bada.

Baratzeak ekimen publiko edo instituzionalekoak direnean, eta hori da Gipuzkoako eta Euskal Herriko baratza-parkeen kasua, pentsatzekoa da kontu handiz eta lurrak ondo aztertuta aukeratu direla horiek jartzeko tokiak. Baratzeak kontrolatu gabeko lurretan egokitzen direnean, berriz, adi! Rodríguezek adierazi duenez, ingurune urbanoan libre gelditzen diren lursail txikiak, etxetik gertu baratzea jartzeko egokiak ematen dutenak, jarduera industrialak edo zabortegiak hartutako lurrak izaten dira gehienetan. Ohikoa da halaber trafiko handiko errepideen ondoan egotea. Eta horrek badu prezio bat...

Produktu kutsagarriak

Aurretik kontrolatu eta garbitu gabeko hiri-lurzoru horietan produktu kutsagarri asko egon daitezke: petroliotik eratorritakoak, metal astunak, pestizidak, produktu kimiko industrialak… Substantzia kutsatzaile horiek landareen sustrai, zurtoin eta hostoetan pilatzen dira normalean. Hala ere, substantzia bakoitzaren ezaugarrien eta kontzentrazioaren eta landare bakoitzaren fisiologiaren araberakoa da pilaketa.

Onartu du, dena den, baratzeetan aurkitzen den kutsadura maila baxua denez, barazki asko jan beharko litzatekela osasun arazo larriak izateko. Besteak beste, aurretiazko kontrol eta garbiketarik gabeko baratzetarako erabiltzen diren lurretan gehien aurkitzen diren substantzia toxikoak kutsatzaile organikoak dira gaur egun. Beruna bigarren postura igaro da, nagusiki beruna zuten erregaiak desagertu egin direlako. Kutsatzaile organikoek ez organikoen (metalen) aldean duten abantaila da gehiago kostatzen zaiela landareetara iristea.

Hala ere, beruna eta trafikoaren ondorio diren beste substantzia kutsagarri batzuk, hala nola kobrea edo zinka, oraindik ere kezka-iturri direla uste du. Hortaz, gomendatu du lurra ondo kontrolatuta daukaten baratzeak aukeratzea, ahal dela profesionalek egokituak, eta mantenimendurako ere horien laguntza dutenak. Gure kasa aukeratu behar badugu lursail bat baratze bilakatzeko, trafiko handiko bideetatik eta jarduera industriak kutsagarrietatik urrun dagoen toki bat hartu beharko genuke; adituen laguntzaz, behar duen tratamendua eman eta tokiari ondoen egokitzen zaizkion barazkiak aukeratu. Eta, bildutako fruta edo barazkiak kontsumitzerakoan, zuritu eta ondo-ondo garbitu azaleko kutsatzaileak kentzeko. Izan ere, guk ekoizpen ekologikoaren aldeko apustua egin badugu ere, ezin dugu ekidin inguru kutsatuaren eragina.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos