DBHko ikasleen beharretara egokitutako artikulu gehiago izango ditu Wikipediak

Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko ordezkariak, ekimenaren aurkezpenean./IREKIA
Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko ordezkariak, ekimenaren aurkezpenean. / IREKIA

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak hitzarmena sinatu dute 12-16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako kalitatezko artikuluak sustatzeko

Wikipediak, orain dela 16 urte sortu zen auzolanean oinarritutako entziklopedia libreak, 284.500etik gora artikulu ditu euskaraz. Azken urtean, horietako 25.800.000 bat ireki dira. Horrek esan nahi du 70.000 bat artikulu ikusten direla egunero euskarazko Wikipedian. Bisita-kopuruen inguruko grafikoek argi erakusten dute handia dela ikasturtean zehar ikasleek sortzen duten trafikoa, baita gai zehatz batzuek duten nagusitasuna ere. Horren arabera, ikusi da erabiltzaileen artean asko 12-16 urte bitarteko ikasleak zirela, eta Wikipediako edukiak ikastetxeko lanak egiteko erabiltzen dituztela. Euskaraz baldin badaude, euskeraz erabiliko dituzte. Ez badaude, beste hizkuntza batera jotzera behartuta egongo dira. Hizkuntza politiken lehentasuna erabilera sustatzea den honetan, eta gazteak lehentasunezkoak direnez, Euskararen Aholku Batzordeko IKTen inguruko batzorde-atalak ere ikusi zuen euskarazko Wikipedia indartzeko premia, eta hala jakinarazi zion Jaurlaritzari.

Bide horretan urrats bat eginda, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko hitzarmena aurkeztu dute gaur, Donostian. Akordio honi esker, euskarazko Wikipediaren sustapenean murgilduta dauden lagunek proiektu zehatz bat garatuko dute, 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat baliagarriak izan daitezkeen 1.000 artikulu baino gehiago sustatzera bideratuta.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da akordio honen berri emateko arduraduna, Galder Gonzalez Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kidearekin batera. Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro inbertituko ditu urte bakoitzean hiru urtez luzatuko den proiektua honetan (guztira 600.000 euro), egitasmo estrategikoa baita euskara ingurune digitalean eta gazteen artean sustatzeko konpromisoa betetzeko.

"Munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. Orain dela 16 urte sortua, munduko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Euskarak ere badu bere lekua hauen artean, ez nolanahikoa gainera: artikulu kopuruari dagokienez, munduko 31. hizkuntza da. Beste hainbat lekutan bezala, ikasleak dira hauen irakurlerik fidelenak eta ezinbesteko tresna bilakatu zaie. Gaur aurkezten dugun proiektuaren bitartez, euskarazko Wikipediaren kalitatea hobetzen lagundu nahi dugu, baita ikasleentzako tresna bezala duen eraginkortasuna ondu ere", azaldu du sailburuak.

Hamabost atal

'Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat' da Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak gidatuko duen proiektuaren izenburua, kalitatea proiektuaren bereizgarri garrantzitsuena baita. Proiektu honen jatorrian 'Wikipedia guztiek eduki beharreko 1.000 artikuluen zerrenda' eta antzeko nazioarteko ekimenen eragina dago, baina moldatu egin da adin-tarte zehatz batean ikasten diren gaiak txertatzeko. Euskarazkoaren kasuan, 1.000 beharrean 1.600 artikulu izango dira, hamabost ataletan banatuak.

Lehenengo pausoa Curriculum dekretua hartzea izan zen, honek definitzen baititu derrigorrezko eskolaldia bukatzerakoan jakin beharrekoak. Berritzegune Nagusiarekin dokumentu mardul honen barruan azaltzen diren kontzeptuak identifikatzea eta iragaztea izan zen hurrengo urratsa. Eta hortik atera ziren ikasleen beharretarako funtsezkotzat hartzen diren artikulu horiek. Helburua 1.000 artikulu inguru ateratzea zen, baina atal bakoitzean ikasten dena ikusita 1.600 atera dira lehenengo zerrenda. Prozesuan zehar gai gehiago sar litezke zerrenda horretan eta, itxura guztien arabera, 1.000 artikulu egiteko lehen xede hori gaindituko da.

"Euskarazko Wikipedia osoaren %0,5 baino ez dira artikulu horiek, baina bisita guztien %7,3 dira gurean. Gainera, gaikako joeren grafikoek argi erakusten digute gai batzuen eta ikasleen eskola egunen arteko lotura. Hortaz, aukeraketa egokia iruditzen zaigu. Kasu batzuetan, egun dauden artikuluak hobetuko dira, eta beste batzuk, berriz, berriak izango dira", adierazi du Galder Gonzalezek.

Hautatutako gai horiek 15 esparru ezberdinetakoak dira: Matematikak (100 artikulu); Geografia eta Historia (300); Hizkuntzak (50); Ekonomia Ekintzailea (100); Plastika eta Ikus-entzunezkoak (150); Biologia eta Geologia (200); Kultura Zientifikoa (50); zeharlerroa: Emakumea eta Generoa (70); Kultura Klasikoa (100); Musika, Dantza eta Antzerkia (150); Fisika eta Kimika (150); IKTak (40); Literatura (50); Filosofia (50); eta Gorputz-hezkuntza (50).

Auzolanean egina

Proiektua gauzatu ahal izateko Wikipediaren ezaugarririk berezkoenaren aldeko apustua egingo da: auzolanaren aldeko apustua. "Auzolan erraldoia egingo dugu hurrengo hiru urteotan, batez ere unibertsitateetan zentratuta, baina hezkuntza- eta jakintza-institituzio ezberdinak ere proiektuan sartuz", adierazi du Gonzalezek.

Auzolan eredua beste herrialde batzuetan (bereziki Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan) erabilitako berbera da: unibertsitateetako ikasleek euren irakasgaiaren barruan aurkeztu beharreko lanak baliatuko dituzte euskarazko Wikipedia elikatzeko. Irakasleek lan horiek ikasgaiaren barruan ebaluatuko dituzte eta, horrekin batera, zuzenketak egingo dituzte. Azken emaitza izango da Wikipediara igoko dena eta, ondorioz, artikuluaren kalitatea bermatuta egongo da. Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasle eta irakasleekin eredu bera jarraituko da. EHUren Donostiako campusean badago honezkero 100 ikasleko talde bat lanean.

Prozesuak aurrera egin ahala, wikilariek artikuluen hobekuntza teknikoak egingo dituzte, eta ikasle zein irakasleei laguntza espezializatua emango diete. Irakasle eskoletako zein pedagogia fakultateetako irakasle zein ikasleek artikulu horien didaktikari erreparatuko diote, 12-16 urteko ikasleentzat baliagarri izateko. Museoek eta kultura eragileek ere parte hartuko dute proiektuan, nahi izanez gero, kalitatea hobetzeko.

Azkenik, hiritarrek ere parte har dezakete proiektuan, eta informazio guztia eskuragarri dute hemen edota blogaren bitartez. Eskoletako kideek proiektuan parte hartzeko interesa izanez gero hezkuntza@wikimedia.eus helbidera jo ahal izango dute.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos